Egunero hasten delako

Wikipedia, Entziklopedia askea
Egunero hasten delako
Gisèle beste hiri batera abortatzera doan neska gaztea da. Kontakizuna tren geltokian zai dagoela, bere maletarekin, abiarazten da.
Datuak
IdazleaRamon Saizarbitoria (1968)
Argitaratze-data1969
GeneroaEleberria
Jatorrizko izenburuaEgunero hasten delako
ArgitaletxeaLur argitaletxea
HerrialdeaEuskal Herria
BildumaNarratiba
Orrialdeak164
ISBN84-7568-914-2

Egunero hasten delako Ramon Saizarbitoria idazle donostiarrak idatzitako lehen eleberria da, 1969an lehen aldiz argitaratua eta geroztik berragitalpen zenbait izan dituena. Euskal nobela modernoaren mugarrietako bat izan zen, bere estilo berritzaileagatik eta lantzen zituen gaiengatik. Eleberriak Gisèle izeneko neska gaztearen bidaia eta gorabeherak kontatzen ditu, haurdun geratu ondoren abortatzeko asmoarekin. Hari nagusi horrekin batera, pertsonaia ezezagun baten etengabeko elkarrizketa garatzen da eleberrian zehar, lehenengo pertsonan, hirugarren pertsona bati zuzenduz baina erantzunik jaso gabe eta nolabait Gisèleren kontakizunarekin loturik dagoena. Abortua eta horren inguruko problematika pertsonal eta soziala dira eleberriaren gai nagusiak, baina maitasuna eta sexu harremanak, bakardadea, hezkuntza eta beste gizarte-gaiak ere lantzen dira.

Hari nagusia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eleberria hasten da gero Berritsu izeneko gizonak tren geltokian Gisele lo ikusten duenean banku batean. Gaur egungo gazteek parranda besterik ez dutela egiten esaten dio bere lagunari, eta ez dutela lanik egin nahi, ikasle moduan ederki bizi direlako. Parrandan ibilita, disgustuak datozela gero, Giseleri gertatu zaion bezala, haurdun dagoela eta abortatzera doala, berak hori ez dakien arren. Lagunak esaten dio ez dela horrenbesterako, ulertu behar dela ez dagoela lanik, eta gazteak direla, eta dibertitu nahi dutela.

Gisele Martarekin geratu da geltokian, Riemmes hirira lagunduko ziola esan diolako. Marta izan zen gainera Maurice aurkeztu ziona, eta harekin oheratuta, haurdun utzi duena. Marta, ordea, ez dator, Giselek lo hartu du banku batean. Azkenean, trena galtzera doala dirudien arren, esnatu egiten da, eta korrika eta presaka igotzen da trenera, baina tiketa galdu egiten du. Errebisorea berehala etortzen zaio eta tiketa eskatzen dionean, Gisele urduri jartzen da, aurkitzen ez duelako. Errebisoreari zin egiten dio tiketa bazuela eta galdu egin duela, baina errebisoreak trenetik jaitsiarazten du hurrengo geltokian. Elurra ari du eta herri txiki bat da. Eraikin baten aterpean aurkitzen du babesa. Lo egiten saiatzen da, biharamuna iritsi eta hurrengo trena hartzeko. Handik gutxira gizon batek esnarazten du eta esaten dio ea bere etxera joan nahi duen. Gisele ez da fidatzen, Mauricerekin zer gertatu zen gogoratzen duelako, bere etxera gonbidatu zerbait hartzera eta azkenean nolabait behartu egin zuelako berarekin oheratzera. Gizonak esaten dio beldurrik ez izateko, eta hotza egiten duenez, azkenean gonbidapena onartzen du. Bere etxean gizonak ongi tratatzen du Gisele, baina berehala laztantzen hasten da, eta Giselek ihes egiten du. Herrian erdi ezkutuan ibiliko da argitu arte. Tren geltokian herriko andre baten ondoan eseriko da, eta honek galdetzen dio ea nongoa den eta zer egiten duen herrian. Giselek gezurra esaten dio, lagun bat bisitatzera etorri dela, eta andreak galdetzen dio zein, baina Giselek ez daki erantzuten, eta alde egiten du bere ondotik. Tiketa hartzeko dirua badu, baina beldur da abortatzeko diru gutxiegi geratuko zaion.

Trenean oroitzapenetan murgiltzen da. Psikologia ikaslea eta karrerako lehen urtea egiten ari da. Psikologian, autoestimua eduki behar dela ikasten dute, eta lagunak eta harremanak izateagatik ez dela edonorekin joan behar. Irakasleak erakarri egiten du. Eta haren tutoretzetara joaten hasten da. Gizona hitz egiten hasten zaio existentzialismoaz, bizitza bizi egin behar dela eta abar, eta gurasoen etxetik kanpo dagoenez, Gisele liluratuta geratzen da, eta irakaslearekin erdi maitemindu egiten da. Irakasleak hori ere bilatzen du, azkenean bere etxera gonbidatzen du klase partikularrak emateko, eta izan duen ikaslerik onena dela esaten du. Aipatzen ez bada ere, oheratu egiten dira, antza, eta Giselerentzat lehen aldia da. Sentimendu bikoitza du: fisikoki esperientzia bizia izan da, eta plazer handia sentitu du, baina animikoki triste geratzen da, gurasoek esan ziotelako ezkondu arte birjina izan behar zela, eta galdu duelako birjintasuna. Hurrengo asteetan ikusten du nola irakaslea berarengandik urruntzen den eta beste neska ikasle batengana doan.

Neska bat badu klasean oso laguna eta animatu egiten du. Lagunak ez daki irakaslearekin oheratu dela. Lagun-minak egiten dira, Marta du izena eta bere lehengusu Maurice aurkezten dio. Bi ikasturte aurrerago dago, eta oso guapoa da. Gisele txundituta geratzen da. Paseo luzeak ematen dituzte hiritik, eskutik helduta, eta oso erromantikoa da. Eskutik heltzen dio eta ilea laztandu egiten dio. Ez da irakaslea bezain zuzena. Azkenean, bere etxera gonbidatzen du, eta Maurice grinatsu jartzen da, eta biluztu egiten du, ia indarrez, eta behartu egiten du berarekin harremanak izatera. Mauricerekin harremana hasten du, baina aste gutxira haurdun dagoela konturatzen da eta Mauriceri esaten dio. Mauricek esaten du ez duela ezer jakin nahi, aurrena karrera bukatu nahi duela. Martari esaten dio zer egin behar duen, eta Martak esaten dio abortatzeko, hori dela irtenbide bakarra, baina ez dute dirurik, eta Martak proposatzen dio prostituzioan hastea. Martak ezagutzen ditu neska gazteekin oheratzeko irrikitan dauden gizon aberatsak. Gisele eskandalizatuta dago, baina ikusten du aldi berean hori dela bere irtenbide bakarra. Bizpahiru aldiz zitak egiten ditu gizon aberatsekin, baina ezin du jarraitu horretan, haurdun baitago, eta gizonek ez dute emakume haurdunekin oheratu nahi.

Trena geltoki batera iritsi eta hara non ikusten duen Marta igotzen dela bere bila. Kontatzen dio Mauricek geldiarazi nahi izan zuela, Giseleri laguntzea ez zuela nahi, baina Martak esaten dio ez duela inoiz bakarrik utziko, bere ahizpa bezalakoa dela. Riemmesera heltzen dira, kontu kontari, bizitzari buruz, maitasun erromantikoa ez dela existitzen, eta planak eginez aurrera begira. Gisele konturatzen da Martarekin maitemintzen hasia dela. Eta bere barruan barne borroka dago, ez daki orain neskak ala mutilak gustatzen zaizkion.

Riemmesnera jaitsi eta lehen gauza pentsio batera doaz. Pentsio merkea behar du izan, eta hala iristen da sorgin itxurako emakume batek zuzentzen duen pentsiora. Sorginak aurrez eskatzen die dirua astebeterako. Eta ia dirurik gabe geratzen dira. Ondoren, hasten dira abortua egiten duten medikuen bila, gida telefonikoan ginekologoak bilatzen dituzte. Lehenengo batera joaten dira, eta onartzen du abortua egitea, baina diru pila bat eskatzen die. Etsirik, alde egiten dute. Parkean, Jean Louis eta Berthe gazteak ezagutzen dituzte, maitemindurik daude biak, eta Giselek eta Martak abortuaren istorioa kontatzen diete. Lagun berriak errukitu egiten dira, eta lagun batzuen pisua ezagutzen dutela esaten diote, han hobeto egongo direla, sorginaren pentsioan baino. Oso jatorrak dira Jean Louis eta Berthe, familia aberatsekoak dira. Laguntzen diote abortuaren kontuetan, ezagutzen dituzte pare bat ginekologo: bat oso katolikoa da, eta abortua proposatzen diotenean sumindu egiten da eta poliziari deituko diola esaten du eta korrika atera behar dute, ez zuten uste halakoa zeni. Beste batera doaz, baina honek onartzen badu ere, esaten die azkenean ez duela busti nahi, oso arriskutsua dela, ze Giseleri zerbait gertatzen bazaio kartzelara joango delako.

Berritsuk hizketan jarraitzen lagunarekin. Morala eta legea gorde eta errespetatu behar direla. Eta horren aurka diharduten guztiak kartzelara bidali behar direla, Giseleri eta Maratari buruz erreferentzia egiten. Berak gainera kontaktuak ditu politikan eta ahalegin guztiak egingo ditu legea eta ordena betearazteko.

Joan Louisek eta Berthek gurasoei kontatzen diete egoera, eta haiek gomendatuta beste ginekologo batera doaz. Honek onartu egiten du, baina aurretik Gisele psikologo batena joan behar da benetan abortatu nahi duen ikusteko. Berritsu agertzen da berriz ere, esateko gaur egun gazteek ez dakitela zer nahi duten.

Psikologoak galdetzen dio bere bizitzari buruz. Gisele gezurretan hasten da, esaten bere aspaldiko nobioa dela haurdun utzi zuena. Psikologia konturatzen da, eta gezurretan jarraitzen badu, baimena ez duela emango esaten dio. Azkenean Gisele negarrez hasten da eta egia osoa kontatzen du, bere gurasoek ez dakitela ezer. Psikologoa errukitu egiten da, eta azkenean baimena ematen dio.

Berritsuk esaten du gaur egungo gazteek gezurretan ibiltzen direla denbora guztian. Eta ondoren jakiten da, Berritsu Giseleren gurasoen etxeko goiko bizilaguna dela, beti zelatan ibiltzen dela. Berritsuk Riemmes hirian ikusten du Gisel, Martarekin, ginekologoaren kontsultara sartzen, eta orduan badaki guztia, gurasoei kontatuko die dena, mendeku gisa, gaztetxoa zenean Giselek berarekin oheratu nahi izan ez zuelako.

Ginekologora doaz, eta honek oso ongi tratatzen du. Esaten dio beldurrik ez izateko. Pilula bat ematen dio, instrukzioak, eta handik bi egunetara itzultzeko. Pilula Marta aurrean dagoela hartzen du, baina aurretik hartu ez hartu dago, ez daki zer egin. Martak animatuta, hartzen du pilula. Bi egunetara itzuli, eta ginekologoak esaten die dena ondo joan dela. Marta eta Gisele besarkatu egiten dira, hunkituta, eta Riemmesen geratzea erabakitzen dute, bizitza berri bat hasteko, bizitza egunero hasten delako.

Pertsonaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Giséle. Protagonista nagusia, filosofia ikaslea da eta Maurice izeneko ikaskide batekin sexu harremana izan ondoren haurdun geratzen da. Abortatzeko egiten dituen ahaleginak kontatzen dira eleberrian.
  • Martha: Giseleren laguna, Riemmesen geratuk oda berarekin bizitzen.
  • Maurice. Ez dago Gisèlerekin maiteminduta, eta Gisèlerekin sexu-harremanak izateagatik soilik oheratu da berarekin. Horren ondoren, utzi egiten du, gainera, horrek alhadura eragiten badio ere. Mutil ezegonkorra da, neska batekin eta bestearekin ibiltzen dena.
  • Jean-Louis. Gisèleren laguna, abortatzeko argibideak ematen dizkio. Riemmesen ezaguzten du.
  • Berthe. Gisèleren laguna eta Jean Louisen neskalaguna.
  • Berritsu: beste alde batetik hitz egiten duen gizona, oso kontserbadorea eta kritikatzailea, azkenean ikusiko da zergatik dagoen Giseleren aurka

Tokiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itxura guztien arabera, eleberria Suitzan kokatua dago, han eta hemen eleberrian agertzen diren frantsesezko esaldi eta erreferentzia kulturalengatik. Bi hiri agertzen dira eleberrian: Durkheim, Gisèle bizi den hiria, eta Riemmes, abortatzera joango den hiria.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Literatura Artikulu hau literaturari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.