Eguzki-lore

Wikipedia, Entziklopedia askea
Eguzki-lorea, Lapurdiko Senpere udalerriko baserri bateko atean.

Eguzki-lorea[1] Carlina generoko bi landare espezieren izen arrunta da: eguzki-lore luzea (Carlina acaulis) eta eguzki-lore laburra (Carlina acanthifolia).

Eguzki-lorearen ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi urtean behingo landare bat da (ereiten denetik lorea ateratzen den arte gutxienez bi urte igarotzen dira),zurtoin zurrun eta murritzekoa. Ia lurrari itsatsita hazten da eta, formari dagokionez, nahiko modu zentzugabe eta desordenatuan hazten da, hosto arantzatsu zabal eta haragitsuekin, kardu bat bezala.

Lorea behin aterata, haren harmonia eta simetria ikusgarriak dira. Lorearen burua hosto-arrosetaren erdian dago. Lorearen burua erabat loratu baino lehen, arantzazko-armazoi batek babesten du. Eguzki-lore guztiek bereizgarri bitxi bat dute: ez dira zimeltzen eta lehortzen direnean ere, edertasun guztia mantentzen dute.

Funtsezko propietate bezala, errotik destilatutako berezko olioa du, flabonoideak eta substantzia antibiotikoak dituen usain oso berezi eta atsegina dituena, eta ekzemak eta aknea tratatzeko eta larruazala zaintzeko erabiltzen da.

Mitologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herriko mitologian, eguzki-loreak Eguzki Amandrearen ikurra garrantzi handia du. Haren itxurak eguzkia irudikatzen duenez, antzinako sineskerei jarraituz, Eguzki Amandre ahaltsuaren indarrari esker baserriak eta bordak sorgin eta izpiritu edo izaki gaiztoetatik etxea babesteko asmoz, atean eguzki-lorea jartzeko ohitura zegoen. Bestalde, sorginkeria, aztikeria eta madarikazioen aurkako babesa ere ematen omen zuen. Egun ere, baserri giroko leku askotan jartzen da. Sineskera horien arabera, eguzki-lorearen babes ahalmena Donibane eguneko goizaldean urte osoan baino indartsuagoa izan ohi zen.

Sineskera hori Mendebaldeko Europako herrialde askotan jasotzen da: adibidez, Pirinio mendietako bi alboetan, Aragoin eta Alpeetako eskualdean, betiere sorgin eta izaki gaiztoen inguruko babesletzat. Aragoin, Cardo de bruixas edo Cardo machico deitu ohi zaio; eta Alpeetako zenbait lekutan, Alpeetako eguzkia.

Kondaira[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eguzki-lorearen kondaira[2] oso zaharra da eta belaunaldiz belaundali transmititu izan da; horrek sinismenez eta sinbolismoz beteriko lore bilakatzea ekarri du.

Orain dela milaka urte, gizakia Lurrean bizitza egiten hasi zenean, ez zegoen ez Eguzkirik ezta Ilargirik ere. Hori horrela, gizakiak iluntasunean bizi ziren; izaki misteriotsu, espiritu eta sorginez inguratuta. Hori dela eta gizakiek Lurrari laguntza eskatzea erabaki zuten. Lurrak laguntza horri erantzun bat emateko izaki argitsu bat sortzea erabaki zuen: Ilargia. Gizakiek hasiera batean izu handiz hartu zuten Ilargiaren sorrera eta egun asko igaro zituzten Ilargiaren beldur; beraien haitzuloetatik atera gabe, baina pixkanaka gizakia ohitzen joan zen izaki berri horren sorrerara.

Kontua da gizakiak ohitu ziren modu berean, sorgin eta gaueko izaki misteriotsuak ere ohitu egin zirela, beraz, gizakiek berriro jo zuten Lurrari laguntza eske. Oraingo honetan, Ilargia baino zerbait indartsuagoa eskatu zioten Lurrari; gaueko sorgin eta izaki misteriotsuek ez erasotzeko. Lurrak orduan, gizakien beharrei kaso egin eta Ilargia baino zerbait indartsuagoa eta argitsuagoa sortu zuen: Eguzkia.

Lurrak Eguzkia sortu eta gero hau esan zien gizakiei: Eguzkia egunean zehar egongo da, Ilargia, berriz, gauean. Eguzkiari esker, ingurunea asko aldatu zen: landareak, zuhaitzak, fruituak, kolore biziak… Eta gainera, izaki misteriotsu eta sorginak ez ziren ohitu Eguzkiaren argira, gizakiek egin zuten bezala, hortaz, soilik gauez irten ahal izaten ziren, Ilargiarekin batera. Gizakiak hirugarren aldiz joan ziren Lurrari laguntza eske, guaean oraindik kaleetan ibiltzen baitziren izaki misteriotsu eta gaizkileak. Lurrak, hirugarren aldiz kasu egin eta izaki horiek itsutuko zituen landare bat sortuko zuela aitortu zion gizakiei; landare hori Eguzkia zela pentsatzeko. Beraz, Lurrak Eguzki-lorea sortu zuen; egun horretatik aurrera Eguzki-loreak gure etxeak babesten ditu gaueko izaki misteriotsuak uxatuz.

Kokapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eguzki-lorea Europa erdialdean, Pirinioetan eta Kantauriar mendietan aurki daiteke batez ere, ekain eta irail artean. Normalean, mendi-hegaletan, larreetan edo belardietan hazten da. 800 metroko altitudean egoten da eta leku horietan haizea egoten da, haziak zabaltzen dizkiona.

Gaur egun, landare babestua denez, debekatuta dago moztea edo ateratzea. Klima aldaketak eta gehiegizko kontsumoagatik ez dira asko ikusten eta hazien zabalketa oztopatzen dute. Hori dela eta, eguzki-lorea landare “arraro” edo “arriskuan dagoen lorea” gisan katalogatu dute. Nolanahi ere, laborantza naturala izan duen eguzki-lorea lortu daiteke edota artisau baten kopia erosi.[3]

Erabilera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eguzki-lorea ate batean.

Gaur egun, orokorrean eguzki-lorearen erabilera nagusia dekoratiboa da; hain zuzen ere etxeko ateak dekoratzeko. Ateetan jartzearen ohitura eguzki-lorearen kondairan oinarritzen da, sorginak urruntzeko eta etxeak babesteko balio zuela baitio istorioak.

Hala ere, landare horrek bestelako funtzioak ditu, eta iraganean askotan erabili zen: propietate anitbiotikoak dituenez, izurriaren pandemia bat sendatzeko erabili izan zuten Karlomagnoren garaian. Hori dela eta, haren latin-izena Karlina da, Karlomagnoren izenean.

Horretaz gain, haren sustraietatik propietate antibiotikoak dituen olioa atera daiteke, ekzemak, aknea-eta orokorrean sendatzeko balio duena. Gainera, usain oso berezi eta atsegina dauka. Horregatik, askok lorearekin kremak egiten dituzte.[4]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuaren arabera, bereizita idatzi behar da, marratxoarekin edo gabe. Beraz, eguzki-lore edo eguzki lore.
  2. (Gaztelaniaz) Maghú. (2017-07-23). «La leyenda de la Eguzkilore» Maghú Eguzkilore (Noiz kontsultatua: 2021-11-01).
  3. (Gaztelaniaz) «Eguzkilore, la planta protectora del pueblo vasco.» Turismo País Vasco 2018-10-29 (Noiz kontsultatua: 2021-11-01).
  4. (Gaztelaniaz) Maghú. (2017-07-22). «Eguzkilore, “Carlina acanthifolia”» Maghú Eguzkilore (Noiz kontsultatua: 2021-10-31).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]