Ekologistak Martxan (Euskal Herria)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Berria egunkarian Ekologistak Martxan taldeak egindako lan baten aipu grafikoa.

Ekologistak Martxan (Euskal Herria) Espainiako 300 taldetik gora batzen dituen Ekologistak Martxan konfederazio ekologistaren Hego Euskal Herriko[1] federazioa da. Erakunde askotarikoa eta asanblearioa dugu; alderdi politiko edota erakunde guztiekiko independentea dena. Bertako kideak borondatez aritzen dira lanean eta, beraz, lider esanguratsurik ez du. “Ekologismo soziala” aldarrikatzen duen gizarte mugimendua dugu, hau da, ingurumen arazoen sorburu bezala produkzio eta kontsumo eredu globalizatu hau jotzen dute eta, aldi berean ere, hainbat arazo sozialen sorburu: Ipar eta Hegoaren arteko ezberdintasunak, gizarteko desoreka soziala, etab. Beraz, krisi ekologiko bat galarazteko beharrezkoa ikusten dute sistema hau aldatzea.

Horretarako, Ekologistak Martxanek ingurumena erasotzen duten edozein ekintzen aurkako sentsibilizazio-kanpainak, salaketa publikoak edo lege mailakoak burutzen ditu, eta, era berean, naturarekin bat egiteko ahaleginetan alternatibak proposatzen ditu.

Arerioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekologistak Martxan bezalako presio talde ekologistek arerio bera dute: sistema kapitalista. Izan ere, kapitalismoak dakarren eredu ekonomikoak (kapital metaketa deskontrolatua, betiereko hazkundea, indibidualismoa, berekoikeria, mozkin pribatuak/kanpotasun publikoak, eta abar), neurri handi batean krisi ekologiko bat eragin du. Kapitala denez guztia erabakitzen duena, ekologista askok beharrezko jotzen dute haren kontra agertzea eta salatzea. XX. mendearen erdialdeaz geroztik ekologistek ohartarazi zuten sistema honek ekarri ditzaken ondorio ekologiko tragikoez, baina zorotzat hartu zituzten. Egun, jada beranduegi askorentzat, gizarteko sektore oso handi batek —zientzialari asko barne direla— onartzen du krisi ekologiko batek ondorio tamalgarriak dakartzala gizakiarentzat ere.

Hortxe du Ekologistak Martxan taldeak bere lana: gizartea kontzientziatzea eta ekologiari egindako kalteak salatzea eta galaraztea. Bide horretan aurkitzen ditu etsaiak, hots, kapitalismoari probetxurik handiena ateratzen dioten subjektuak: boteretsuak, multinazionalak, lobbyak, finantza erakunde handiak, eraikuntza enpresak, ingurumenean txikizio handia eragiten duten eraikuntza proiektu erraldoiak (Abiadura Handiko Trena, Super Sur eta antzeko autobiak, superportuak, zentral nuklearrak, zentral termikoak, makro-urbanizazioak, erraustegiak, animalia mehatxatuen babesa, harrobiak...), eta abar.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Xedea, Ikuspegia eta Baloreak» Ekologistak Martxan - Euskal Herria (Noiz kontsultatua: 2021-11-19).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]