Elkarri

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Elkarri mugimenduak Bilbon deitutako manifestazioa, 1994 urtean.

Elkarri elkarrizketaren eta akordioaren aldeko gizarte mugimendua izan zen, 1992ko abenduaren 20an sortua eta 2006an desegina. Euskal Herrian «gatazka politikoari irtenbide baketsua eta elkarrizketaren bidez adostua» eman nahi zion, horretarako gizartearen inplikazioa eta parte hartzea bultzatuz. Hiru oinarri hartu zituen horretarako: bizitza eskubidea, bazterketarik gabeko elkarrizketa eta blokeo, beto eta indarkeriarik gabeko egoera bermatzea. Jonan Fernandez izan zen koordinatzaile, eta Bittor Aierdi bozeramaile.

2006ko martxoaren 12an Elkarrik bere jarduera betetzat eman zuen, eta harengandik sortu zen Lokarri gizarte mugimendua: akordioaren, kontsultaren eta berradiskidetzearen aldeko herritarren sarea.

Eduki-taula

Jardunbidea [aldatu]

Sortu zenez geroztik, bere burua «gizarte mugimendu anitz eta independente» gisa aurkezturik, Euskal Herriaren bakearen aldeko jardueran ezinbesteko erreferentzia bilakatu zen Elkarri. Gizartearen aldetik jasotako babesari dagokionez, bere kanpainetan 250.000 sinadura lortu zituen, bai eta kuota ordaintzen zuten 3.500 kide eta 1.200 kide eta laguntzaile ere. Oro har, gatazkaren aurrean lankidetza eta elkarrizketa proposatzen zituen Elkarrik, giza eskubideen aldeko defentsan eta indarkeriazko adierazpen guztiak gaitzetsita.

Elkarriren lan esparruei dagokienez, nazioartean bake prozesu batek beharko lituzkeen laguntzak lantzen aritu zen; arlo politikoan, adostasun espazio bat osatzeko beharrezkoak izango liratekeen baldintzak ikertzen aritu zen, eta, horretarako, bere metodologia propioa sortu zuen. Prozesu horretan gizartearen esku-hartzea, besteak beste, zabalik zituen 100dik gora lantegitan landu zuen, kanpaina publiko zabalak bideratzeari uko egin gabe betiere.

Egiturari dagokionez, lantegi lokalak ziren oinarrizko osagaia, eta horiez gainera, Lantegi Nazional iraunkorra, herrialde lantegiak, herrialde batzarrak, Batzar Orokorra eta ezohiko batzarrak ere. Erabakiak lantegi lokaletan, herrialde batzarretan eta batzar Orokorrean hartzen ziren.

Historia [aldatu]

Elkarriren ibilbidean hainbat aldi bereiz daitezke 2000. urte arte. Elkarrik berak hiru etapatan sailkatzen du bere jarduera.

Lehen etapa 1992ko abendutik 1995eko bukaerara izan zen. Lehen etapa hartan, elkarrizketaren filosofia hedatzea izan zuen helburu, bai gatazka konpondu ahal izateko, bai indarkeriari aurre egin ahal izateko. «Elkarrizketa eta distentsioa» izan zen aldi haren goiburua.

Bigarren etapan, 1996aren hasieratik 1997aren bukaerara, indar politiko guztien artean adostasunerako gune bideragarriak aurkitzea izan zen lanaren ardatza, eta eduki politiko jakin batzuei buruzko eztabaida bultzatu zuten egindako bost proposamenen inguruan. Ezagunena Espainiako Konstituzioko laugarren xedapen iragankorrari eta eskubide historikoei buruzko proposamena izan zen. Aldi horri buruz egin zen balorazioan, garai hartan helburu izan zituzten alderdi politikoen ausardia eta borondate eza eta epeltasuna azpimarratu ditu Elkarrik.

Hori zela eta, hirugarren etapari ekin zioten 1997an, jarrera eraikitzailea proposatuz. Lau irizpide kontutan izanda —konponbideak erraztea, elkarlanean aritzea, inor ez baztertzea eta demokrazia areagotzea—, jarrera eraikitzaileak sustatu nahi izan zituen Elkarrik. Etapa horretan, ETAren su-etenaren eta Lizarrako Itunaren alde agertu zen beti, eta horiexek izan ziren Elkarriren lanaren ardatz nagusietako bi. 1998ko martxoan egindako ezohiko batzarrean, bi urterako plana zehaztu zuen Elkarrik Eraiki proiektuaren baitan. Proiektu horren inguruan jarduera publiko ugari egin zuten, eta arlokako egitasmo bereziak ere bideratu zituzten, besteak beste Nafarroari buruzkoa, biolentziaren biktimei buruzkoa, su-etenaren hausturari buruzkoa edota presoei buruzkoa. 2000. urtean, aurreko epea bukatuta, hortik aurrerako misioa zehaztu zuen Elkarrik bere plan estrategikoan.

Erreferentziak [aldatu]

Ikus, gainera [aldatu]

Kanpo loturak [aldatu]


Zirriborro Artikulu hau zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.