Emakume Abertzale Batza
Emakume Abertzale Batza (EAB) 1922an Bilbon sortutako EAJko emakumeen elkarte nazionalista da. Karmele Errazti izendatu zuten presidente, baina, Miguel Primo de Riveraren diktadura-aldian legez kanpo utzi eta desagertu egin zen. Elkarte hau sortzeko jadanik Irlandan zegoen Cumann na mBan elkartean oinarritu ziren.
1931n berragertu zen, berezko autonomia lortu eta Hego Euskal Herri osora zabaldu zen. "Jaun-goikoa eta Lagi-Zarra" (JEL) eta euskara zituzten helburu; gizonezkoek gidaturiko lanaren menpeko ikusten zuten beren egitekoa. Irakaskuntza eta heziketa alorrean egindako lanaz gain (ikastola eta haurtzaindegietan bereziki), propaganda eta gizarte-arazoak arintzen saiatu ziren. Jarduera honen emaitza, eta Juventud Vasca-rekin batera, Euzko Irakasle Batza eta Euzko Ikastola Batza sortu ziren (1932).
Elkartearen indarra eta eragina handia zenean, Espainiako Gerra Zibila piztu zen eta frankistek gogor zapaldu zituzten. Gerra ondoren, asko erbesteratu egin ziren eta euskal errefuxiatuei eman beharreko laguntza prestatu zuten.
Ikus gainera [aldatu]
Kanpo loturak [aldatu]
- (Euskaraz) EABri buruz EAJren webgunean