Emil Zátopek

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Emil Zátopek
Emil Zátopek
Emil Zátopek, lasterka
Datu pertsonalak
Izen osoa Emil Zátopek
Ezizena Giza Tren-makina
Jaio 1922ko irailaren 19a
Kopřivnice (Txekoslovakia)
Hil 2000ko azaroaren 22a
Praga (Txekiar Errepublika)
Bikotekidea(k) Dana Zátopková

Emil Zátopek (1922ko irailaren 19a, Kopřivnice, Txekoslovakia - 2000ko azaroaren 22a, Praga, Txekiar Errepublika), txekoslovakiar kirolari bat izan zen. Iraupen probetan espezialista, ospetsu egin zen 1948ko eta, batez ere, 1952ko Olinpiar Jokoetan. Bere indar eta erresistentziagatik nabarmendu zen, baita bere erritmoaren irmotasunagatik ere. Bertute horien ondorioz, Giza Tren-makina eta Txekiako Tren-makina goitizenak jarri zizkioten.

Zátopek (ezkerrean), Reinaldo Gornorekin, gizonezkoen maratoia bukatu eta gero, 1952ko Olinpiar Jokoetan (Helsinki)

Emazte izango zuen Dana Zátopková jaio zen egun berean jaio zen. Oinetako fabrika batean lanean ari zela hasi zen atletismoan, lantegiko entrenatzaileak horretara behartuta, 1940an. Lau urte besterik ez zuen behar izan Txekoslovakiako errekorrak hausten hasteko. Urte hartan bertan, 1944an, Txekoslovakiako zortzi txapelketa irabazi zituen, 5.000 eta 10.000 metroko probetan. 1948ko Olinpiar Jokoetan, urrezko domina lortu zuen 10.000 metroko proban, eta zilarrezkoa 5.000koan. Bi urte geroago, Bruselako Europako txapelketan, bi probetan garaile izan zen. Baina Helsinkiko Olinpiar Jokoetan lortu zuen atletismoaren historiara pasatzea, astebetean, 5.000 metroko proba (bere emazteak xabalina jaurtiketako proba irabazi baino ordubete lehenago), 10.000 metroko proba eta maratoia irabazi baitzituen.

Ondoren, Suitzako hiriburu den Bernan jokatu zen 1954ko Europako txapelketan parte hartu zuen, non, berriz, 10.000 metroko lasterketan garaile izan zen, eta 5.000 metrokoan brontzezko domina lortu zuen. 1956ko Olinpiar Jokoetan, Australiako Melbourne hirian, maratoiko proban seigarren izan zen. 1958an, Lasarteko Nazioarteko Krossean, amaitu zuen bere kirol karrera. Ordu arte, guztira 334 lasterketatan parte hartu zuen, horietatik 261etan irabazita, eta hainbat distantziatan munduko 18 errekor ezarrita.

Txekoslovakian heroi nazionaltzat zuten, eta koronel mailaraino igo zen. Hala ere, 1968an Pragako udaberria deritzon matxinadan Alexander Dubceki eman zion laguntzaren ondorioz, Alderdi Komunistatik eta Armadatik kanporatu zuten. Orduan, bere bizitzako garai ilun bat hasi zen. Bizirik irauteko, kale garbitzaile lan egin behar izan zuen. 1975ean damua agertu zuen, eta Zátopeken irudia neurri batean berrabildu zuen erregimen komunistak. 2000ko azaroak 22an hil zen, Pragan.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Emil Zátopek Aldatu lotura Wikidatan