Emiliano Zapata
Emiliano Zapata Salazar (Anenecuilco, Morelos, Mexiko, 1879ko abuztuaren 8a – Chinameca, Morelos, Mexiko, 1919ko apirilaren 10a) nahua eta espainiar etnietako[1] mexikar militarra izan zen, Mexikoko Iraultzaren buruzagi nagusietako izan zena, Pancho Villarekin eta beste batzuekin batera, Porfirio Diaz jeneralaren aurka.
Gaztelaniaz ez ezik, nahuatl hizkuntzaz ere ederki mintzo zen, lekukoek diotenez.[2]
Biografia [aldatu]
Zapata amerindiar jatorrikoa zen, eta ez zuen ia eskolarik izan. Hasiera-hasieratik, lurjabeen kontrako amerindiarren matxinadetan parte hartu zuen, Morelosen. 1910ean, Pablo Torres Burgosek eta Francisco I. Maderoren aldekoek Mexikoko hegoaldean hasitako iraultzarekin bat egin zuen. Genovevo de la Orekin eta Tepeparekin batera borrokatu zen, eta Tlaquiltenango, Jojutla eta Jautepec hiriak hartu zituen. 1911ko maiatzean, federalek eta Maderoren aldekoek itun bat izenpetu zuten Ciudad Juarezen; haren ondorioz, eta gogoz kontra bazen ere, Zapatak bere gudarostea desegin zuen behin-behinekoz, baina ez zuen León de la Barra lehendakariaren aginpidea onetsi. Maderok aginpidea eskuratu eta, harekin ere arazoak izan zituen, Zapataren ustez, lurren banaketarako erreforma berriak martxan jarri nahi ez zituelako. 1911ko azaroan, Ayalako aldarria egin zuen, Otilio Montañok idatzia; bertan, Maderoren traizioa salatzen zuen, eta lurren banaketa zuzena eskatzen zuen "Lurra eta Askatasuna" lemapean.
Maderoren gudaroste buruek oso egoera larrian jarri zituzten Zapataren jarraitzaileak 1912. urte guztian, baina Madero aginpidetik kendu eta Victoriano Huerta lehendakari berriarekin sortu zen egoera nahasian bere planak aurrera eramatea lortu zuen. Venustiano Carranzaren Guadalupeko hitzarmena (1913) onetsi ez, eta, Pancho Villarekin elkar hartuta, haren kontra borrokan aritu zen, Aguas Calientesko ituna izenpetua izan ondoren (1914). Borrokaren ondorioz, Carranza Veracruzera erretiratu zen eta Pancho Villak eta Zapatak Mexiko hiriburua hartu zuten. Urte hartan bertan sortu zen, ordea, bi iraultzaileen arteko haustura, eta Carranzak, haustura hura aprobetxatuz, eraso egin zuen. Carranzak Pancho Villaren gudarostea garaitu zuen eta Zapata Morelosen gelditu zen bakartua.
Tlatizapanen finkatu zuen bere egoitza, eta bere gobernua antolatu zuen, Mexikoko gobernutik aparte. Lur banaketa egin zuen, baina ezin izan zituen bere gudarosteko gizonak kontrolatu, eta gehiegikeria ugari egin zen. Carranzaren setioa apurtu ezinik aurkitzen baitzen, aldarri bat zabaldu zien Mexikoko nekazari eta langile guztiei iraultzaren alde jar zitezen: Carranzaren dimisioa eskatzen zuen, lur banaketa zuzenagoa, nekazarien beharren araberakoa, indiarrentzako berdintasuna eta errepublika demokratikoago bat sortzea; baina Carranzaren bide erreformatzailek bidea egina zuen.
1919ko apirilean, Jesus Guajardo koronelak Zapatari segada bat antolatu zion Chinamecan, eta tiroz hilarazi zuten.
Zapatismoa [aldatu]
XX. mendearen bukaeran, iraultzaile hark inspiraturik zapatismoa sortu zen, Mexikoko hegoaldeko Chiapas estatuan, Askapen Nazionalerako Armada Zapatista taldearen inguruan.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ John E. KICZA (1993): The Indian in Latin American History: Resistance, Resilience, and Acculturation, Scholarly Resources. 203. orrialdea. ISBN 0-8420-2421-2.
- ↑ Fernando HORCASITAS (1968): De Porfirio Díaz a Zapata, memoria náhuatl de Milpa Alta, UNAM, Mexiko Hiria.
| Artikulu hau biografia bati buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |