Emilio Mola

Wikipedia, Entziklopedia askea
Emilio Mola


comandante en jefe de la VI División Orgánica (en) Itzuli

1936ko uztailaren 19a - 1936ko abuztuaren 17a
Domènec Batet i Mestres (en) Itzuli - Gregorio Benito Terraza (en) Itzuli
Segurtasuneko zuzendari nagusia

1930eko otsailaren 13a - 1931ko apirilaren 15a - Carlos Blanco Pérez (en) Itzuli
Bizitza
JaiotzaPlacetas (en) Itzuli1887ko uztailaren 9a
Herrialdea Espainia
HeriotzaAlcocero de Mola1937ko ekainaren 3a (49 urte) (49 urte)
Hobiratze lekuaEroritakoen monumentua (Iruñea)
Heriotza moduaistripuzko heriotza
Familia
Anai-arrebak
Hezkuntza
HeziketaToledo Infantry Academy (en) Itzuli 1907) : Infanteria
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakmilitarra eta ofizierra
Jasotako sariak
Zerbitzu militarra
Adar militarraInfantry Forces of the Spanish Army (en) Itzuli
Graduabrigadier general (en) Itzuli
Parte hartutako gatazkakEspainiako Gerra Zibila
Rifeko gerra
Kert campaign (en) Itzuli
Melillako gerra

Emilio Mola Vidal (Placetas, Villa Clara, Kuba, 1887ko uztailaren 9aAlcocero, Burgos, Espainia, 1937ko ekainaren 3a) militar espainiarra izan zen, 1936ko uztailaren 17 eta 18ko altxamenduaren zuzendaria, Espainiako Gerra Zibila sortu zuena.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaztaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Guardia Zibileko kapitain baten seme jaioa, diziplina gogorrean hezi zen. Militar gisa, Regulares Indígenas mertzenarioen kidegoan zebilela nabarmendu zen.[1] 1904an Toledoko Akademia Militarrean sartu eta 1907an graduatu zenean, tenientea zen.

Rifeko gerra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1909an Rifeko gudan parte hartu[2], bertan zaildu, eta kapitain izendatu zuten. 1919 eta 1920an berriro Marokon borrokatu zuen. 1927an, jeneral bihurtu zen. Marokoko bere esperientziaz idatzitako oroitzapenetako detaile lazgarriek agerian uzten dute erabat zakartu eta sorgortu zela aldi horretan.[1][oh 1]

Errepublikaren kontra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1930eko otsailean, Primo de Riveraren diktadura erori eta berehala, Segurtasuneko zuzendari nagusi aukeratu zuten, eta polizia lanari heldu zion. Buru-belarri aritu zen langile eta ikasle borrokak zapatzen Marokon tribuak zapaldu zituen modu berean. Istiluen Kontrako Eskuadroia sortu zuen horretarako, entrenamendu fisiko handiko eta armaz ondo hornitutako taldea, baita espioitza sare konplexu bat eratu ere (Sección de Investigación Comunista). Horien zereginetako bat oposizioko taldeetan infiltratuak sartu eta probokatzaile aritzea zen; 1936an, artean, indarrean zen.[1]

Espainiako Bigarren Errepublikan preso hartu zuten 1932ko Sanjurjo jeneralaren altxamenduarekin lotuta zelakoan. Hala ere, 1933an amnistia lortu eta Fronte Popularrak, Casares Quirogak, 1936ko martxoan, Nafarroako Gobernadore Militar izendatu zuen, Madrildik urrunduta ahalegin kolpista zapuztuko zuelakoan eta karlistekin bat egingo ez zuelakoan. Aldiz, eutsi egin zien bere polizia sareko harremanei eta, Iruñera heldu berritan, Nafarroako funtzionarioek harremanetan jarri zuten Felix Maizekin, bertako negozio gizon fanatizatu bat, eta karlistekiko lokarria. Biak ere ados ziren "espainiartasunaren kontrako indarrak" bat egiten ari zirela, tartean zirela juduen eta masoien ustezko erasoa.[3]

Ekainean, buruzagi karlistak Molarekin batzartu eta matxinatzeko proposamena eta parte hartzeko baldintzak eman zizkioten: besteak beste, bi koloreko espainiar bandera ezartzea.1936ko uztailaren 17 eta 18ko altxamenduaren zuzendaria izanik, uztailaren 19ra arte itxaron zuen Iruñean gobernuaren kontra altxatzeko. Altxamendua Gerra Zibila bihurtu zen, eta Iparraldeko Frontearen ardura eraman zuen, Iruñetik abiatuz. Gipuzkoa okupatu ondoren, Bizkaiko erasoa prestatu zuen, izua zabalduz eta euskal lurralde horren suntsipenarekin mehatxatuz. Aldiz, bere ahaleginak porrot egin zuen, 7 hilabetez Eibar eta Intxorten atarian geratuz. Horrek gainbehera ekarri zion kolpisten gerra zuzendaritzan, eta Franco bilakatu zen agintari nagusi, Generalísimo.

Alcocero de Mola herrian Emilio Molari eskainitako oroitarria.

1937ko ekainaren 3an Gasteizera zihoala hil zen, istripu baten ondorioz, erabiltzen ari zen hegazkina Alcoceron erori zenean. Garai hartan "de Mola" hitzak gehitu zizkioten herri haren jatorrizko izenari, Mola gogoratu eta omentzeko asmoz: egun ere, Alcocero de Mola izena du herriak.[4]. Franco buruzagi bakarra bihurtu zenez, zurrumurruek zioten istripuaren atzean zegoela. Hala ere, ez da ezer frogatu[5].

2016ko irailean, Iruñeko Udalak Emilio Mola eta Jose Sanjurjo jeneralak Erorien Monumentutik ateratzeko erabakiarekin bat egin zuen. Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk, Ezkerrak eta PSNk alde bozkatu zuten; UPNk eta PPk, berriz, puntu horren aurka bozkatu zuten[6].

Ideologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Militarismoan hezi eta goiz lerratu zen eskuin-muturrera. Bere ideiak eta proposamenak memorietan idatzita utzi zituen, 1931n eta hurrengo urteetan. Errusiako eskuin muturreko zuriekin harreman zuzena izan zuen, Evgenii Karlovitx Miller jeneralarekin, eta haren txostenak irakurri. Bertan, komunisten kontrako teoriak ez ezik, nazioarteko konspirazio judu eta masoiaren ideia babesten zen, eta Molak Espainia suntsitzeko ahaleginean zebiltzala defendatu zuen. Alde horretatik, Alderdi Komunistaren jardueraren indarra handietsi zuen, bere informazio agenteen txosten puztuak baliatuz.[7][oh 2]

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Emilio Mola Aldatu lotura Wikidatan
  1. Aipatzen ditu, esate baterako, pertsonen garezur txikituak eta puztutako esteak.
  2. Hain zuzen, txosten horiek Bulletin de l'Entente International contre la Troisième Internationalera bidaliak izan ziren eta, aldi berean, aldizkari horrek nazioartera zabaldu zituen bere aleetan uka ezineko egia izango balira bezala eta, Espainian bertan, Francok eta beste hainbat militarrek irakurri zituzten; ikus Preston, P. 2012, 41-42. or.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c Preston, P. 2012, 37. or.
  2. Fernández López, Javier: "Militares contra el Estado", Taurus, Madril, 2003, ISBN 84-306-0495-2
  3. Preston, P. 2012, 118-119. or.
  4. Molina Franco, Lucas: "Emilio Mola", Historia de Iberia Vieja liburuan
  5. Jackson, Gabriel: "The Spanish Republic and the Civil War 1931-39", New Jersey, 1967
  6. http://www.berria.eus/albisteak/126862/mola_eta_sanjurjo_hobitik_ateratzearen_aurka_bozkatu_dute_upnk_eta_ppk.htm
  7. Preston, P. 2012, 38-39. or.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]