Emily Brontë

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Bere anaia Branwellek margotutako Emilyren erretratua.

Emily Brontë (Thornton, Yorkshire, 1818ko uztailak 30-Haworth, Yorkshire, 1848ko abenduak 9) idazle britainiar bat izan zen. Bere lanik garrantzitsuena Tontor Ekaitztsuak da, 1847an argitaratua eta literatura ingeleseko klasikotzat hartua dena.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Emily Thorntonen jaio zen, Ingalaterrako Yorkshire konderrian. Sei neba-arrebatatik bosgarrena zen. 1820an familia Haworthera joan zen bizitzera, non bere aita errektore izendatua izan zen.

Bere ama 1821eko irailak 21ean hil zen eta, 1824ko abuztuan, Charlotte eta Emily euren ahizpa nagusiak ziren Maria eta Elizabethekin batera Clergy Daughters eskolara bidaliak izan ziren, Lancashireko Cowan Bridgen, non tuberkulosiz gaixotu ziren. Eskola honetan inspiratu zen Charlotte Brontë bere Jane Eyre izeneko eleberrian agertzen den Lowood eskola izugarria deskribatzeko. Maria eta Elizabeth gaixo itzuli ziren Haworthera eta 1825ean hil ziren, tuberkulosiak jota. Arrazoi honegatik eta eskolaren baldintza kaxkarrengatik, familiak Charlotte eta Emily eskola honetatik atera zituen.

Euren haurtzaroan, eta euren ama hil ondoren, hiru Brontë ahizpak, Emily, Charlotte eta Anne, euren neba Branwellekin batera hiru irudizko herrialdez osatutako fikziozko mundu bat sortu zuten (Angria, Gondal eta Gaaldine) eta horietan girotutako istorioak asmatzen jolasten ziren.

1838an Emily etxe-irakasle bezala lanean hasi zen Law Hillen, Halifaxetik gertu. Beranduago, bere ahizpa Charlottekin batera, Bruselako eskola pribatu bateko ikasle izan zen, bere izebaren heriotzak Ingalaterrara itzultzera behartu zuen arte. Emily, ordutik aurrera familiaren etxearen administratzaile bezala geratu zen.

Baina bere azken urteetako ardura handia bere anaia Branwell zaintzea izan zen, familiako "aldi beltza" izan zena. Porrot egina margolaritzan, trenbideko bulegoetan lortu zuen lan xumetik kanporatua, eta, azkenik, Mr. Robinson delako baten eskribautzatik kanporatua honen emazteaz maitemintzeagatik, Branwell benetan, Emilyren gurutzea izan zen. Jada denbora asko lehenagotik erakusten zuen edarirako adikzioa azken urteetan areagotu egin zen, gainera, opiomania ere gehituz, Emily, zorrotza, izaera intransigentekoa eta emoziora ez oso emana, beti ereduzko pazientziaz eta dedikazioz zaindu zuen. Beti zutik mantentzen zen, Branwell, mozkortua eta burua erabat nahastua, itzultzen zen arte, sarri gertatzen zena gaueko ordu txikitan, oheratzen laguntzeko. Dirudienez, Tontor Ekaitztsuak laneko orrialde asko eta bere olerkietako asko bigilia hauetan idatziak izan ziren.

1846an Charlottek, kasualitatez, bere ahizpa Emilyk idazten zituen olerkiak aurkitu zituen. Orduan, hiru Brontë ahizpek elkarren artean olerki liburu bat argitaratzea erabaki zuten. Emakumezko idazleei buruzko aurreiritziak eragozteko, hirurek gizonezkoen ezizenak erabili zituzten (Currel Bell, Ellis Bell eta Acton Bell izan ziren ezizen horiek). Emilyren olerkiak dira, inongo zalantzarik gabe, liburuko hoberenak, Ingalaterrako olerkaririk hoberenetako bat zela inongo zalantzarik ez dagoelarik. Annenak, Emilyrenak bezain maila altukoak ez baziren ere, Charlottenak baino hobeak dira, honen talentua nagusiki eleberrietan nabaritzen zelarik. Liburuaren bi ale baino ez ziren argitaratu, oharkabean pasa zena, baina Brontë ahizpak ez ziren horregatik desanimatu, eta bakoitzak eleberri bat idaztea erabaki zuten.

1847an Tontor Ekaitztsuak argitaratu zen, literatura ingeleseko klasiko bat bihurtu dena, hasiera batean, bere egitura berritzailearen ondorioz, kritikariak nahastu zituen arren.

Bere ahizpen kasuan bezala, Emilyren osasuna beti izan zen oso hauskorra. 1848ko abenduak 19an hil zen tuberkulosiak jota 30 urte baino ez zituenean, irailean, bere nebaren hiletan hotzeria hartu ondoren. Hawortheko Santu Guztien San Migel elizan lurperatua izan zen.

Tontor Ekaitztsuak zenbait aldiz egokitu da zinera zinema mutuaren garaitik. Munduan gehien baloratuena den egokitzea William Wylerrek 1939an zuzendu zuena izan zen, non Laurence Olivier, Merle Oberon eta David Niven protagonista nagusiak ziren. Guztiak bezala, eleberriaren bertsio partzial bat den arren, filmeak eleberriaren izpiritua ez traizionatzea lortzen du, eta dramatikoa, erromantikoa eta bizia da. 1953an, Luis Buñuelek eleberriarekiko are leialagoa zen egokitze bat egin zuen Mexikon, non pertsonaiak ez diren 1939ko bertsioan bezain seduktoreak. Gainera, ez da Hollywooden gustura egokitzeaz arduratzen, baizik eta, batez ere, pertsonaien muturreko izpiritua berreskuratzen duela. Heathcliff "maitagarri" egiteko inongo ahaleginik ez du egiten, Emily Brontëk berak adierazten duen bezala maite duelako: biolentoa, zakarra, egokitugabea, gorrotoz betea eta sakon maitemindua. Ez du Catherini "gizatasun" izpirik ematen ahalegintzen, den bezala maite bait du: gutiziduna, histerikoa, hauskorra, ume mizkin baten akats guztiekin eta sakon maitemindua. Gainera, bien arteko ezberdintasun sozialaren tartea nabarmenago egiten da.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Emily Brontë