Emmanuel Bondeville

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Emmanuel Bondeville Musikagile frantsesa izan zen (Erruan, 1898 - Paris, 1987). 1908an organoa ikasten hasi zen, Louis Hautekin. 1915ean, Jules Haelling izan zuen irakasle, Erruango katedraleko organo-jotzaile titularra. Urte horretan bertan, Sain Nicaiseko organo-jotzaile izendatu zuten. Gerraren ondoren, Parisen hartu zuen bizilekua, eta konposizioa lantzen hasi zen, Jean Dérérekin batera.

Triton, garai hartako ganbera-musikako talde ospetsua sortu zuen, beste zenbait musikagilerekin batera. Garai horretan idatzi zituen lehenengo lanak, hiru poema sinfoniko: Le Bal des pendus (1929), Ophélie (1931) eta Marine (1933). 1935ean Tour Eiffel Irratiko zuzendari artistiko izendatu zuten, eta ondoren, Paris Irratikoa. 1938tik 1945era bitartean, Radiodiffusion françaiseko zuzendari izan zen, eta hamar orkestraren sorreran parte hartu zuen. Ipar Afrikan ere sortu zituen zenbait orkestra. 1945ean Radio Monte-Carloko zuzendari artistiko bihurtu zen. Ondoren, antzerki lirikora aldatu zen: Opera Komikoko zuzendari (1948-1951), Parisko Operako musika-zuzendari (1951-1969) eta Arte Ederretako Akademiako idazkari (1964-1986). 1966an Egile eta Musikagile Dramatikoen Elkarteko musikaren saria jaso zuen. Bondevilleren produkzioa orkestrara (Gaultier-Garguille, poema sinfonikoa, 1951-1952; Symphonie lyrique, 1955-1956; Symphonie chorégraphique, 1961-1963) eta antzerkira (L´École des maris opera komikoa, 1935; Madame Bovary, 1951; Antoine et Cléopâtre opera, 1974) zuzendua da ia erabat. Literaturako maisulan horiek lirikako maisulan bihurtu zituen Bondevillek.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]