Emomalii Rakhmon

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Emomalii Rakhmon.

Emomalii Rakhmon (Tajikistan, 1952ko urria) politikaria da. Tajikistango Errepublikako estatuburua da 1992az geroztik, eta Tajikistango Errepublikako presidentea 1994az geroztik.

Rajmon Nabiyev presidente ohiaren laguntzaile estua izan da. Garrantzi handiko papera jokatu zuen komunistek Dushanbeko matxinatu islamiar eta demokratak Dushanbetik kanporatzeko egin zuten gerran. Kulob hiritik, Errepublikaren hegoaldetik, gidatu zituen tropak, eta sobietar errepublika ohien esku-hartzea baimendu zuen. 1992an matxinatuek Nabiyev kargutik kendu zutenean, eta erregimen presidentziala deuseztatuta geratu ondoren, Sobiet Gorenaren lehendakaritza herrialdeko kargurik gorena bihurtu zen. Nabiyev desagertu eta hilabete gutxira, Sobiet Gorenaren lehendakari hautatu zuten Rakhmon. Honen helburu nagusietako bat errusiarrak eta gainerako atzerritarrak errepublikatik alde egin zezaten galaraztea izan zen, herrialdearen hondamen ekonomikoa eragoztearren. Dushanbe atzera konkistatu ondoren, Rakhmonek eskerrak eman zizkion Uzbekistango lehendakari Islam Karimovi, erregimena berriro ezartzearren emandako laguntzagatik.

1993an Erdialdeko Asiako bost sobietar errepublika ohietako estatuburuak ados jarri ziren Erdialdeko Asiako Estatuen Erkidegoa sortzeko. Urtebete geroago, azaroan, berme demokratiko eskaseko hauteskundeetan, Errepublikako presidente hautatu zuten. Harrezkero, bere kargua kolokan egon da, eta Errusiaren laguntzari esker eutsi dio presidentetzari. 1996ko abenduan, islamiar oposizio fundamentalistaren buruzagi militar gisa, su-eten protokoloa izenpetu zuen. 1997an atentatu bat izan zen haren kontra, eta bi pertsona hil ziren. Hilabete gutxi geroago, bakeak egin zituen, eta koalizio-gobernu bat sortu zen, islamiarren parte-hartzearekin. Nolanahi ere, 1998ko apirilean gerrillari islamiarrek Dushanben egindako erasoak agerian utzi zuen bakearen hauskortasuna.

Tajikistango Herri Alderdi Demokratikoko buru da. Emomalii Rakhmon izena WikiLeaks dokumentuetan agertu da.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Emomalii Rakhmon Aldatu lotura Wikidatan