Enirio-Aralarko Mankomunitatea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Enirio-Aralarko mankomunitatea» orritik birbideratua)

Enirio-Aralarko Mankomunitatea Euskal Herriko mankomunitaterik zaharrena da. 1409. urtean sortu zen eta garaiko Villafranca (Altzaga, Arama, Ataun, Beasain, Gaintza, Itsasondo, Lazkao, Ordizia eta Zaldibia) eta Amezketako Batasuna (Abaltzisketa, Amezketa, Baliarrain, Ikaztegieta, Legorreta eta Orendain) biltzen zituen bere barnean.

Mankomunitate honen helburua Enirio-Aralarko mendien kudeaketaz arduratzea da, Aralar mendiko lurretatik Gipuzkoari dagokion zatian, betiere.

Enirio-Aralarko Mankomunitatearen lur eremua, Gipuzkoan

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mankomunitateak 3.359 Ha hartzen ditu, Aralar mendilerroko lurretatik Gipuzkoari dagokion zatian. Lur eremu horretan guztian 1.000 metrotik gorako garaiera du, eta, gaur egun, Aralarko natura parkearen barnean dago.

Enirio, berez, haran batek, amildegi batek eta antzinako galtzada batek osatzen duten ingurua da.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historiari erreparatuz gero, Amezketako Batasuneko eta Villafrancako biztanleak Aralarren ibiltzen ziren, hango basoak eta larreak erabiltzen zituzten, ura hartzen zuten... antzina-antzinatik izan zen hala. Artzaintzarako erabiltzen ziren gehienbat, eta egurra eta zura ere aprobetxatzen zituzten.

1199an, Gipuzkoa Gaztelako Koroan sartu zen, eta Enirio-Aralarko mendiak Gaztelako errege-erreginen ondare izatera pasa ziren.

1400. urteko urriaren 26an, Henrike III.a Gaztelakoak Joan Amezketari eman zizkion lur horiek, baina Villafrancak eta Amezketako Batasunak ez zuten erabaki hura ondo hartu. Azkenean, Joan Amezketari 1400 florin ordainduta, betiko ustiatzeko eskubidea eskuratu zuten. Aragoiko monetaz ordaindu zioten eta, 1412an, Joan II.a Gaztelakoak formalizatuta utzi zuen guztia, Amezketako Batasunaren eta Villafrancaren Mankomunitatea sortuz. Geroago aldatuko zen haren izena, eta Enirio-Aralarko Mankomunitatea izango zen.

Administrazioa eta erabilpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinako Amezketako Batasuna eta Villafranca osatzen zuten 15 herrietako alkateek osatzen dute Zuzendaritzako Junta eta bere egitekoa Enirio-Aralarko mendien ustiapena antolatzea zen; era berean, eremu horretako aurrekontuak, ordenantzak eta obra kontratak eta zerbitzuak ere onartu behar zituzten.

Zuzendaritza Batzordeak Ordiziako Udaletxean du egoitza.

Lizarrausti Parketxeak lan handia egiten du lur hauek ezagutzera ematearen eta zaintzearen alde. Beste alde batetik, Abaltzisketan, Larraitzeko larreen irekieran, jai handia izaten ohi da bertan, abere ugari elkartzen dituztelarik.

Enirio-Aralarko lurrak gehienbat artzaintzarako erabiltzen dira; gutxi gorabehera, 18.000 ardi inguru daude Enirio-Aralarren eta moxalak ere badira (1000ra ez dira iristen). Gutxiago, baina udaberritik udazkenera bitarte behiak ere aurki daitezke larreetan.

Zuhaiztiak herrien artean daude banatuta eta zozketa bidez esleituta daude guztiak. 15 udalerriek landa ditzake eta, honela basoak mantentzea lortzen dute.

1994ko apirilaren 26az geroztik, mendilerroaren Gipuzkoako partea natura parkea da, Aralarko natura parkea izenekoa, eta guztira 10.971 hektarea ditu.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Gipuzkoa