Enontekiöko babestutako eremuak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Pitsusköngäsgo ur-jauzia.

Enontekiö udalerria, Finlandia osoko udalerri handienetarikoa izateaz gain, lur-jabetza nazionalaren ehuneko handiena dauka, %83a. Bertan, Parke Nazionalak, Erreserba Naturalak eta Eremu Basatiak daude, udalerriaren azalera guztiaren %60 baino gehiago osatzen dutenak; guztira, 5.139 km² (Araba eta Bizkaia lurraldeak bezain handia).

Bertan, berezitasunez beteriko habitatak daude, iparraldeko animalia eta landarez eta paisaia izugarriz antolaturiko eremuetan. Finlandiako mendi eta ur-jauzi handienak eta tundra eremu zabalenak bertan daude; Halti mendixka (1380 m) eta Pitsusköngäsgo ur-jauzia.

Berezitasunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ipar Laponia eta basoen Lappi lurraldeen artean dago Enontekiö eta ondorioz, hegoaldeko eta iparraldeko espezieak tartekatzen dira bere habitat anitzean. Bertako naturagatik eta era askotako espezieen ondorioz, ikerkuntza talde ugari ari da gaur egun lanean [1]. Ikerkuntza talde hauek, bai nazionalak, bai nazioartetik etorritakoak, hala nola, bertako airea Europa kontinente osoko garbiena dela jakin dute. Beste ikerketa arlo batzuk, turismoaren ondorioak ingurugiroan edota zuhaitz bakanduen eta zingiren eskualdeak izan ohi dira. Izan ere, eremu babestu gehienak, zingiraz, mendixkez eta tundra eremuez osaturik daude.

Aipatzekoak dira bertako urkidi (urki zilarkarak) eta pinudiak, eta Pöyrisjärvi aintzirako duna ikuspegi ezohikoa.

Enontekiöko babestutako eremuen banaketa.

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Parke Nazionalak

Erreserba Naturalak

Eremu Basatiak

Fauna eta Landaredia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fauna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espezie asko dago bertan, baina uda partean iristen diren hegaztiak dira nagusi; elur-berdantzak, eskinosoak, kaskabeltz handiak, mokokerrak, ipar-belatzak, aliotak, marikoi buztanluzeak, doinu paregabea duten urrezko txirriak, txontak, antzarak, elur- eta zingira-hontzak, bernagorriak, luma dotoreko borrokalariak, kuliskak, mirotz zuriak, basoilar basatiak, murgilariak, zerra apainak, ahatebeltzak, hego mugimendu txiki eta azkarreko belatz txikiak, arrano beltzak, istingorrak, negu-txirtak, larre-buztainkarak, zapelatzak eta Enontekiöko hegazti ospetsuena den eper zuriak esaterako, espezieetako batzuk dira [2].

Jatuna.

Gainontzeko ornodunei dagokienez, animalia artiko eta iparraldekoek osatzen dute zerrenda eskasa. Hartz arreak, azeri artikoak, elur-oreinak (gehienak etxekotuak), altzeak, otsoak, ipar-katamotzak, ohiko jatunak, erbinude zuriak eta bisoi amerikarrak dira gehiengo paraje elurtu hauetan [3].

Arrantza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eremu hau arrantza paradisu bat da, laponiako amuarrain artiko handi ugari baitago bertako aintziretan. Bestetik, Poroeno, Rommaeno, Valtijoki eta Lätäseno ibaiak, amuarrain marroiez horniturik daude, azken urteetan agertu diren hainbat izokinez gain.

Landaredia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ahabia gorriak, harrautsiak eta azeri-mahatsak inguru zingiratsuetan hauteman daitezken hiru landare espezietako batzuk dira. Ezkilaloreak, potentillak, bioletak eta azaleak besteak beste, euren tokia dute ere udalerriko mendixketan [4].

Tundra eremuetatik ihes egiten duten oihanetan, urki zilarkara, pinu eta izei zuhaitzak aurki daitezke esaterako.

Saana mendixkatik ikusten diren paraje izugarriak.

Argazki gehiago[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]