Tunturi Lappiko historia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Enontekiöko historia» orritik birbideratua)

Enontekiöra iritsi zen lehen gizarte antolatua, Izotz Aroaren ondoren, iparraldeko klima leuntzen eta glaziarrak urtzen hasi zirenean iritsi zela uste da; izan ere, Ounasjärvi aintziran aurkitu diren lehenengo biztanle hauen aztarnak k.a. 6.000. urtekoak dira gutxi gorabehera. Mendeetan eratu zen kulturari Komsa edo Gorravárri izena ematen zaio eta Ozeano Artikoko kostaldean ezarri zirenez gehienbat, Ipar Itsasoko lehen Fonsa kulturako tribuekin harreman estuak izan zituzten. Nahiz eta oraindik, lurralde honen jatorrizko biztanleen, samitarren jatorria ezezaguna den, badirudi tribu hauen eta beranduago Eskandinaviara immigratu zuten eta eurekin samiera hizkuntza eraman zuten herri uraldarren nahasketaren ondorioa direla [1].

XX. mende hasierako sami familia.

Enontekiöko lehen bizi-aztarnak, ehiza-tresnak, harri bitxiko apaingarriak, margolanak eta hainbat hilobi dira. Aztarna guzti hauek Ounasjärvi aintziran eta Muotkajärvi, Periläjärvi eta Pöyrisjärvi aintziren inguruan aurkituak izan dira batik bat. Hasierako biztanleak gehienbat ehizatik eta arrantzatik bizi ziren; hau da, nomadak ziren ehizakiaren atzetik ibiltzen zirelako, baina pixkanaka, gaur egun samitarren artean dirauen ohitura bati hasiera eman zioten, elur-orein zaintzari, iparreko abeltzaintzari.

Udalerria Suediako Erresumako Laponia antzinako lurraldean zegoen; ondorioz, kristautasuna suediarren eskutik hedatzen hasi zen XVI. mendean, eta orduan Enontekiöko lehen elizak eraikitzen hasi ziren. Lurraldearen zabalera zela-eta, hainbat eliza eraiki behar izan zituzten eskualdean erlijioa egonkortzeko; lehena, 1611. urtean eraiki zen Markkina herrixkan. Kristautasunarekin batera, samitarrek xamanismoa alde batera uzten hasi ziren eta iristen hasi ziren finlandiarren ohiturak bereganatzen hasi ziren. XVII. mende amaieran, samitarren elur-orein abeltzaintzaren kultura hasi zen. Kultura honek hala ere, aurreko kutsu nomada izaten jarraitu zuen, abeltzainek elur-oreinas sasoiaren arabera hegoalde eta iparraldeko Ozeano Artikoaren artean edukitzen zituztelako.

XVIII. mendean, Finlandiaren kontrola izateko Suediar eta Errusiar Inperioen arteko guduak izan ziren Finlandia eta Europa osoan; azkenean, Finlandiako Gerran, Errusiar Inperioak herrialdea bereganatu zuen, finlandiar nazionalismoaren laguntzaz. Hau jazo zenean, hainbat arazo bizi izan zituzten Enontekiön abeltzaintzatik bizi ziren herritarrek; izan ere, hotzaren eraginez, prozesu biologiko guztiak oso geldoak dira. Hildako landare zein animaliek denbora asko behar izaten dute deskonposatzeko, eta hori dela eta, mantenugai gutxi izan ohi du lurzoruak. Honenbestez, elur-oreinak neguan, Ozeano Artikoaren kostaldera -Norvegiara- eraman behar izaten zituzten samitarrek. Finlandia Inperio barneko Dukerri Handi bihurtu zenean berriz, Suedia eta

Soldadu finlandiarrak Neguko Gerran.

Norvegiako mugak itxi egin zituzten -1889an eta 1852an- eta bertako herritarrak iparralderantz jo ezinik gelditu ziren. Mugen itxiera eta beraien bizimoduaren aldaketa ozenago salatzeko, 1877. urtean, gaur egun Enontekiö osatzen duten herrixkak batu egin ziren udalerri bat sortzeko. Muonionjoki eta Tornionjoki ibaietako muga berriak ezarri zirenean, gainera, Kaaresuvanto eta Kuttanen bezalako herrixkak alde suediarrean eta finlandiarrean banatuta gelditu ziren.

Laponiako Gerra irabazi osteko bandera finlandiarra Kilpisjärvin (1945).

Finlandiak 1917ko Gerra Zibilean independentzia lortu ostean, eta prozesu hau oraindik egonkortu gabe zegoenean, Bigarren Mundu Gerrak eztanda egin zuen kontinente zaharrean. Herrialdeak bere independiente estatusa mantendu nahian, Alemania naziarekin bat egin zuen SESB bere lurraldetik urruntzeko. Norvegiatik iritsitako tropa alemaniarrak herrixketan egokitu ziren eta Ozeano Artikoaren defentsa antolatzeari ekin zioten. Hainbat guden ondoren (Neguko Gerra), Finlandiak SESBekin bake-akordio bat sinatu zuen, eta horrek, alemaniarrak Finlandiar lurretatik botatzea eskatzen zuen. Finlandiak orduan, naziak jazartzeari ekin zion. Hauek, bizilagun den Norvegiara, euren herrialde satelitera, alde egitea pentsatu zuten, baina ihes egin baino lehen, hauen atzeraldia eragozteko, finlandiarrak, Enontekiö eta gainontzeko mugako udalerrietan kokatu ziren. Laponiako Gerra hasi zen. Ondorio garratzak pairatu zituen udalerriak, alemaniarrek herrixka gehienak erre eta suntsitu baitzituzten -haien artean, Kilpisjärvi-, baina finlandiarren garaipenak behintzat, hauen berreraikitzea arindu zuen [2].

Bigarren Mundu Gerra osteko urteetan, Finlandiak ekonomikoki, izugarrizko hazkuntza izan zuen, eta gizarte eta politika egonkortasuna lortu zuen. Gerra osteko herrialde pobre bat izateari utzi, Gerra Hotzean neutral aldarrikatu, NBEk ezarritako isuna ordaindu eta 40 urtetan, teknologikoki munduko estatu garatu eta jakintsuena bihurtu zen, merkatuko izugarrizko botere ekonomikoarekin eta bizi maila altuarekin. Hala ere, hazkunde guzti hau, ez zen ona izan udalerriarentzat; izan ere, industriak ez zituen bere sustraiak errotu Lappin (Kemi, Kemijärvi eta Tornio hirietan izan ezik) eta biztanle askok ihes egin zuen Finlandiako beste hiri garatuagoetara euren bizimodua hobetu nahi bazuten. Nahiz eta gaur egun, gero eta egitura garatuagoak heltzen diren turismoari esker, udalerria elur-orein abeltzaintzan murgilduta dago oraindik; horregatik, biztanleriak urtero urtero egiten du behera pixkanaka.

Bi talde etniko nagusi egon arren, finlandiarrak eta samitarrak guztiz bateratuak daude egunerokoan eta kultura aberastuz, bi gizarte-taldeak inolako desberdintasunik gabe bizi dira XXI. mendean. Samitarren ohiturak, hizkuntza eta lurrak babesten dituen Finlandiako Sami Lurraldean sartu zen udalerria 1973. urtean eta 2008tik Klemetti Näkkäläjärvi enontekiötarra da presidentea.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]