Enrique Tábara

Wikipedia, Entziklopedia askea
Enrique Tábara

(2005)
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakLuis Enrique Tábara Zerna
JaiotzaGuayaquil1930eko otsailaren 21a
Herrialdea Ekuador
HeriotzaBuena Fe (en) Itzuli2021eko urtarrilaren 25a (90 urte)
Jarduerak
Jarduerakmargolaria
Jasotako sariak
Mugimenduasurrealismoa
espresionismoa

Enrique Tábara Zerna (Guayaquil, 1930eko otsailaren 21a - Buena Fe, 2021eko urtarrilaren 25a) ekuadortar marrazkigilea izan zen. Lehen mailako ikasketak Vicente Rocafuerte eskolan egin zituen eta lehenengo urteetatik erakutsi zuen Tábarak marrazteko zaletasuna. Hamabost urte zituela, Eskolarteko Marrazki Txapelketaren lehenengo saria irabazi zuen Hombre picado por mosquito lanarekin. 1946an Arte Ederretako Eskolan sartu zen, eta han Hans Michaelson alemaniarra izan zuen irakasle. 1950ean utzi zuen eskola, eta zenbait hilabetez Esmeraldasen bizi izan zen, errealismo sozialaren bidetik, itsas giroak eta emakumeak marrazten. Garrantzizko lehenengo erakusketa Guayaquilen egin zuen, 1951n. Lehen aldi horretako lanetan pertsonaia baztertuak agertzen dira batez ere, prostitutak adibidez.

Velasco Ibarra presidenteak diru-laguntza eman zion, Espainiara ikastera joateko. Bartzelonan Antoni Tapiesek zuzentzen zuen informalismoarekin izan zuen harremana. Garai horretako lanak pintura geometrikoaren mugak gainditzen ditu, baina alde batera utzi gabe bere jaioterriko tradizioekin lotura duten gaien bilaketa. Behin diru-laguntza amaitu zitzaionean, altzari-berritzaile gisa lan egin zuen Espainian eta ikasten jarraitu zuen. Hainbat erakusketa antolatu zituen Espainian eta Europan. 1960. urte inguruan, berak hala nahi gabe, Espainiako talde informalistako kidetzat hartu zuten. Urte horretan bertan, George Kasper suitzarrak (Lausanako arte-galeria bateko jabea) bost urteko kontratua egin zion lanak haren galerian saltzeko. Hitzarmena onartu bazuen ere, berehala apurtu behar izan zuen, emaztea ez baitzen ohitzen Suitzako bizimodura. Washingtonen erakusketa bat egin ondoren, 1964an Guayaquilera itzuli zen. Hurrengo urtean erakusketa bat egin zuen Quitoko Zentro Iparramerikarrean.

1975ean, Ekuadorko Banku Zentralak bere lan osoaren erakusketa bat antolatu zuen. 1980ko hamarkadaren erdialdera hostoak eta zuhaitzak sartu zituen bere lanetan. Hernán Rodríguez Castelo kritikariaren ustez, naturara itzultzea esan nahiko lukete elementu horiek.

Tábararen lanetako ezaugarrietako bat bilaketarako etengabeko grina izan da, zirkulu komertzialetik at betiere.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]