Enrique de Villena
Enrique de Villena (Cuenca, 1384 - Madril, 1434) espainiar idazlea. Henrike II.a Gaztelakoaren biloba eta, aitaren aldetik, Aragoiko erregeen leinukoa zen. Henrike III.ak Calatravako ordenako maisu izendatu zuen (hura izan zuen titulu bakarra, ez baitzen konde ez markes, sarritan halakotzat hartua izan bada ere). Armetarako jaidurarik ez zuen, baina bai ikasketarako (matematika, filosofia, astrologia, alkimia).
Liburuetarako eta gai bitxietarako zaletasunak azti-ospea ekarri zion, eta hil ondoren Joan II.a Gaztelakoak haren liburutegia errearazi zuen. Gorde diren lanen artean aipagarriak dira: Los doce trabajos de Hércules (1417) exegesi mitologikoa, katalanez idatzia eta idazleak berak gaztelaniara itzulia; Tratado del arte del cortar del cuchillo edo Arte cisoria (1423), gastronomia]ri eta mahaian gorde beharreko legeei buruzkoa, egilearen libururik ezagunena; Tractado de aojamiento o fascinología (1425), haren azti-ospea areagotu zuena; Arte de trovar (1433), proventzerazko poesiaren baliabideen eta teknikaren berri gaztelaniaz ematen duena. Bestalde, klasikoak itzuli zituen: Eneida (1428) eta Divina Comedia (1427), gaztelaniaz egindako lehena. Horregatik guztiagatik, Iberiar penintsulako lehen humanistetako bat izan zen. Haren ospea handia izan zen azti gisa bereziki, eta ondoko idazle espainiar anitzek, obra batzuetan, pertsonaia gisa erabili zuten.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.