Epistola kolosarrei

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Epistola kolosarrei Bibliako Itun Berriko liburu bat da. Frigia eskualdeko Kolosa hiriko biztanleei idatzitako gutun bat da, eta egilea, eliz tradizioaren arabera, Paulo Tartsokoa izan zen. Dena den, XIX. mendeaz geroztik zalantzan jarri da benetako egilea Paulo Tartsokoa izan ote zen.

Ingurune historikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kolosa Asia Txikiko hiri bat da, Efesotik 180 km-ra gutxi gorabehera. Pauloren lankide zen Epafrasek sortu zuen Kolosako kristau-elkartea (1,6-7), epistolan aipatzen diren Laodizea eta Hierapolis hirietakoak bezala (4,13). Kolosako kristauak jentil-jatorrikoak ziren gehienbat, gutunean aipaturiko zenbait arazok judu-kristauak ere bazirela aditzera ematen duen arren.

Irakaspen-arazoei buruzko kezka azaltzen da epistola honetan. Kolosako kristauak astintzen zituen irakaspen okerrak zein ziren jakitea, dena den, ez da erraza (2,4). Judu-tradizioko eta greziar filosofiako zenbait erlijio-gai eta espekulazio nahasian emanak zirela dirudi (2,8). Edonola ere, aingeruei buruzko eta Jainkoaren eta munduaren bitartekotzat jotzen zituzten beste izaki edo indarrei buruzko irakaspenek zalantzan jartzen zituzten Kristo bera eta Kristoren egitekoaren garrantzia eta maila.

Kolosarrei idatzitako epistola berezia da Paulori egotzitako beste epistolen ondoan, bai hizkera eta idazkerari, bai edukiari dagokienez. Horregatik, uste izan da egilea ezin zela Paulo izan, haren lankide edo ikasleren bat baizik. Hala ere, Filemoni idatzitako epistolarekin azaltzen duen egoera-kidetasunagatik, ikertzaile batzuek uste dute Paulok idatzia dela, K.o. 58-60 urteetan Zesarean kartzelan zegoela idatzia seguruenik. Bestalde, uste da efesoarrei idatzitako epistola kolosarrei egindako hau kontuan harturik idatzia dela.

Gutunaren hari nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hasierako agurraren ondoren, eskerrak ematen dizkio Paulok Jainko Aitari kolosarren sinesmen, itxaropen eta maitasunagatik (1,3-6) eta otoitz egiten, Jainkoa geroz eta ezagunagoa izan dezaten; esker oneko izan behar dute, Jainkoak ilunpetatik argiaren eta askatasunaren erreinura aldatu dituelako (1,9-14).

Ondoren datorren Kristori buruzko gorazarreagatik da bereziki ezaguna eta aipatua epistola hau (1,15-20). Kreazioaren eta Elizaren buru ezarri du Jainkoak Kristo, Kristoren bidez sortu baititu gauza guztiak eta Kristoren bidez adiskidetu baitu berekin mundua. Kolosarrek badute esku eta parte Kristoren salbamenean; horretarako, ordea, hartu duten salbamen-mezuari zintzo eutsi behar diote (1,21-23).

Idazleak bere burua Kristoren zerbitzari gisa aurkezten du; horretan eman ditu bere ahalegin, borroka eta nekeak (1,24–2,5).

Kristo jauntzat onartu dutenek aukera horri dagokion jokabidea behar dute hartu. Kristo dute beren bizitzaren oinarri eta erro bakarra, eta hutsal eta okertzat eman behar dituzte Kristori berari eta salbamen-egintzari balioa nahiz garrantzia kentzen dieten irakaspen eta jokabideak (2,6–3,4). Indar guztiaz oihukatzen du Paulok Jesu Kristo dela jaun bakarra eta gorena eta munduko eta munduaz gaindiko errealitate guztien gainetik dela jaun.

Egileak kolosarrei esaten die beren giza izaera zaharra erantzi eta berria jantzi behar dutela eta, denen gainetik, maitasunaren eskakizunak bete behar dituztela (3,5-17). Azken aholku eta agurrak egin aurretik, bizitza berri horren arabera bizitzeko eskatzen die senar-emazteei, guraso eta seme-alabei, esklabo eta nagusiei (3,18–4,1).

Eskema[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Agurra eta sarrera (1,1-14).
  • Kristoren misterioa (1,15–2,5).
  • Kristorekin piztu direnen jokabide berria (2,6–4,1).
  • Azkena (4,2-18).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biblia

Kanpo-loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Epistola kolosarrei Aldatu lotura Wikidatan
  • [1] Biblia euskaraz

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]