Baratze-saguzar

Wikipedia, Entziklopedia askea
Eptesicus serotinus» orritik birbideratua)
Baratze-saguzar
Iraute egoera

Arrisku txikia (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaMammalia
OrdenaChiroptera
FamiliaVespertilionidae
GeneroaEptesicus
Espeziea Eptesicus serotinus
(Schreber, 1774)
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Zabalera0,341 m
Eguneko zikloagaueko

Baratze-saguzarra (Eptesicus serotinus) vespertilionidae familiako saguzarra da, Europan bizi dena. Ezaugarri nagusia belarri handiak izatea du[1].

Europa eta Asia erdialdean banaturik dagoen saguzar-espezie arrunta da baratze-saguzarra. Azken urteetan burutzen ari diren azterketa molekularren ondorioz, orain denbora gutxira arte espezie bakarraren barruan sailkatzen ziren saguzarrak bi espezie ezberdinei dagokiela zehaztu da. Dirudienez, Iberiar penintsula hegoaldean eta iparraldeko Afrikako populazioak Eptesicus isabellinus espezieari dagokie, gainerakoak, Euskal Herrikoak barne, E. serotinus espeziaren barruan mantendu diren bitartean[2].

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tamaina handiko saguzarra da, 46 eta 55 mm bitarteko besaurre-luzeraduna. Pisua, berriz, 17 eta 28 gramo bitartekoa izan ohi da eta emeak arrak baino handiagoak izan ohi dira. Bizkarraldea arre-ilun kolorekoa izan ohi da eta ile batzuen puntak lustredunak izaten dira. Sabelaldea, berriz, argiagoa izan ohi dute. Ale gazteen kasuan ilajea grisaxka izan ohi da. E. isabellinus espezieko saguzarrak, berriz, argiagoak dira. Bi kasuetan ilerik gabeko buruko zonaldeak, belarriak eta muturra alegia, beltzak dira. Belarriak triangelu-formakoak dira, motzak, eta tragoa lineala da, punta biribilduna eta apur bat barrurantz kurbatua. Hegoetako patagioak oinen oinarrian txertatzen dira eta lobulu postkalkaneoa ongi garaturik dago. Buztaneko azkenengo ornoa uropatagiotik at gelditu ohi da.

Hortz-formula da eta goiko kanpoaldeko ebakortzek ertz monokuspidea dute eta barnealdekoak, berriz, bifidoa. Goiko aurremolar bakuna tamaina handikoa da eta kaninoa eta lehenengo molarraren arteko tarte zabala hartzen du.

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eurasian banaketa zabala du. Europan Ingalaterra hegoaldetik eta Danimarkatik behera Mediterraneo itsasorainoko latitude-eremu guztia hartzen du. Asian, berriz, latitude marra berean Ozeano Bareraino hedatzen da, Mongolia, Korea eta Kaxmirreraino. Iberiar penintsula erdialdetik gora nahiko uniformeki hedaturik dago. Penintsula hegoaldean eta Afrika iparraldean, berriz, E. isabellinus espeziea aurki daiteke.

Euskal Herri guztian zehar hedaturik dagoen saguzarra da[3]. Euskal Autonomia Erkidegoan 10x10 km-ko unitate ia guztietan baieztatu da bere presentzia eta Nafarroan ere leku askotan aurkitu dira koloniak[4].

Habitata[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baratze-saguzarra, izenak berak dioen bezala, landaredia naturala guztiz aldatua izan den inguruetan ohiko animalia da. Koloniak 1.000 metroko altueraraino aurkitu izan diren arren, altitude baxuko inguruneak nahiago izaten dituzte. Espezie honen presentzia mugatzen duen faktore nagusia gordeleku-eskuragarritasuna da. Giza eraikuntzarik ezean gordeleku gisa arroketako arrakala naturalak erabili ohi dituzte, nahiz eta ezagutzen den zuhaitzetako zuloetan gordetzen den koloniarik. Hala ere, giza eraikuntzen eskaintzen dizkieten aukerak muturreraino aprobetxatzea lortu dute. Izan ere oso ohikoa baita pertsianen kaxetan, dilatazio-junturetan eta antzerako arrakaletan koloniak ezartzea.

Hibernaziorako erabiltzen dituzten gordelekuan inguruan, aldiz, ez dago apenas informaziorik. Europako zonalde hotzetan eraikuntzatan eta zenbait kasutan kobazuloen sarreratan igaro ohi dute negua eta ingurune lehorrak toleratzeko gai dira.

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hegan dabiltzan intsektuetaz elikatzen dira eta hegan harrapatu eta hegan jaten dituzte. Oso gutxitan ehizatzen dituzte geldirik dauden animaliak. Lepidoptero eta koleopteroak dira baratze-saguzarraren dietaren ardatza, nahiz eta nematozero eta dipteroek ere aipamen berezia merezi duten. Azken hauek garrantzi berezia izaten dute udaberrian, gainerako taldeetako helduak garatu bitartean. Harrapakinen tamaina 5 eta 26 mm bitartean egon ohi da.

Ugalketa eta ontogenia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herbehereetan egindako azterketek adierazi dutenez, emeak apirila erdialdean iristen dira kumatze-koloniatara eta maiatza bukaerarako koloniak beteta egon ohi dira. Ugalketa-sasoian koloniak ez du gordelekua aldatzen eta 15-70 alez osaturik egon ohi dira. Hauetatik %80 inguru eme helduak izaten dira, eta gainerakoak aurreko urtean jaiotako eme heldugabeak. Kolonia hauetan arren presentzia oso arraroa da, eta garai hau bakarrik edo talde txikietan igarotzen dutela uste da. Iberiar penintsula hegoaldean jaiotzak ekainean gertatzen dira, eta Europa iparraldean uztaila hasieran. Europan kume bakarra izan ohi dute emeek, eta Asian berriz, bi. Koloniaren disgregazio-prozesua, eraketa-prozesua baino geldoagoa izaten da eta abuztua hasieran hasten da. Eme batzuk urrira arte kumatze-kolonian mantentzen dira.

Jaioberriek 5 gramo inguruko pisua izaten dute eta hiru asteren bueltan lehen hegaldia egiteko gai izaten dira, 15 gramo inguruko pisua izaten dutenean. Momentu honetan gazte ugari ikusi ohi dira gordelekuaren inguruan hegaka. Edoskitzaroa lehen hegaldirako amaiturik egoten den arren, zenbait kasutan beste 3 astez luza daiteke. Heldutasun sexuala lehen urterako lortzen duten arren, lehen parekatzeak normalean bigarren urtetik aurrera ematen dira. Inoiz ezagutu den alerik zaharrenak 19 urte zituen.

Espezie sedentarioa da orokorrean, eta kumatze-koloniarekiko fideltasuna oso handia izaten da.

Bizimodua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen aleak eguzkia sartu eta 15-30 minutura irteten dira gordelekutik, baina eguraldiaren ondorioz apenas aktibitaterik gabe izan badira aurreko egunetan, normala da eguzkia sartu aurretik hegaldatzea. Udaberrian aktibitatea motza izaten da, ordubetetik beherakoa, baina sasoiak aurrera egin ahala aktibitate-denbora luzatuz joan ohi da 2 ordu eta erdira iritsi arte. Atseden hartzeko sarritan gaueko gordelekuak erabiltzen dituzte.

Espezieen arteko elkarrekintzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ez dago espezie honetan espezializaturiko animaliarik Europan, baina hegazti harrapari ugariren dietan noizbehinka agertu ohi da, besteak beste hontz zuria (Tyto alba), urubia (Strix aluco), hontz handia (Bubo bubo) eta belatz handiarenean (Falco peregrinus).

Antzeko espezieak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Eptesicus isabellinus: Orain denbora gutxira arte espezie bakarraren barruan sailkatzen ziren saguzar bi hauek. E. isabellinus saguzarra, ordea, Iberiar penintsula hegoaldean eta Afrika iparraldean bizi da eta kolorez argiagoa da.
  • Nyctalus noctula: Gau-saguzar ertainak tragoa giltzurrun-formakoa du eta goiko kanpoko ebakortzek ertz bifidoa eta barrualdekoek monokuspidea dute, baratze-saguzarrean beha daitekeen kontrakoa.

Kontserbazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baratze-saguzarra 'Interes berezikoa' bezala sailkaturik dago EAEko Espezie Mehatxatuen zerrendan[5]. Euskal Herriko populazioen tamaina ezezaguna da baina Iberiar penintsulan ugaria da. Ehun aletik gorako koloniak ezagutzen dira[6] baina orokorrean hauen tamaina txikiagoa izaten da.

Giza-eraikinetan babesten dela eta, baratze-saguzarraren mehatxu handiena hustea da. Era berean, xilofagoen aurkako tratamenduak eta eraikin zaharren birmoldaketek baratze-saguzarren zenbait populazio murriztea eragin dute[7]. Gainera, nekazaritzan pestiziden gehiegizko erabilerak bere harrapakin nagusiak desagertzea eragiten du baita saguzarrek produktu hauek metatzea ere.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Parsons, S.; Jones, G.. (2000). «Acoustic identification of twelve species of echolocating bat by discriminant function analysis and artificial neural networks» J Exp Biol. (203): 2641-2656..
  2. Pérez de Ana, J. M. (1995-1996). «Observaciones de quirópteros en Álava y Vizcaya» Est. Mus. Cien. Nat. de Álava (10-11): 327-328..
  3. Aihartza, J. R., E. Imaz & J. M. Totorika. (1997). «Distribution of bats in Biscay (Basque Country, northern Iberian Peninsule)» Myotis (35): 77-88..
  4. Alcalde JT. (1995). Distribución y fenología de los quirópteros de Navarra. Iruñea: Nafarroako Unibertsitatea.
  5. Bea A. (1999). Arriskuan dauden EAEko ornodunak. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzako Argitalpen Zerbitzua.
  6. Benzal, J., De Paz, O., Fernández, R. (1988). Inventario de los refugios importantes para los Quirópteros de España. ICONA, 391 or..
  7. Glas, G . H . & S. Braaksma. (1980). «Aantalsontwikkelingen in zomerverblijfplaatsen van vleermuizen in kerken (Udako babesleku modura elizak erabiltzen dituzten saguzarren kontaketak)» Lutra (22): 84-95..

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]