Erkiagabekoa baserria

Koordenatuak: 43°21′20″N 2°33′08″W / 43.35564°N 2.55224°W / 43.35564; -2.55224
Wikipedia, Entziklopedia askea
Erkiagabekoa baserria
 Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Bizkaia
HerriaIspaster
Koordenatuak43°21′20″N 2°33′08″W / 43.35564°N 2.55224°W / 43.35564; -2.55224
Map
Historia eta erabilera
Eraikuntza XVI. mendea
Arkitektura
Estiloaarkitektura gotikoa
Ondarea
EJren ondarea28

Erkiagabekoa Ispasterren dagoen baserria da, Soloaran auzoan.

2008ko uztailaren 21ean, Eusko Jaurlaritzak kultura ondasun izendatu zuen, monumentu sailkapenarekin.

Izena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erkiaga izeneko baserriak hiru dira (Goikoa, Erdikoa eta Behekoa), eta Ispasterko Udalaren katalogoan argi bereizirik ageri badira ere,[1] hainbat leku eta argitalpenetan Erkiaga Erdikoa eta Erkiaga Behekoa baserriak nahasiak aurkitzen ditugu, batenak diren ezaugarri edo irudiak besteari esleituz, etabar.[2]

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi isurkiko teilatua duen baserria da. Ipar-hego noranzkoa duen goihabea du, ekialdera 10.º inguru okertua. Familia bikoa da. 170 eta 180 koten arteko plataforma baten gainean dago, 536.393,00-4.800.619,00 koordenatuen artean.

Hasieran, XVI. mendeko baserriak 16,00 metroko zabalerako eta 18 metroko sakonerako oinplano laukizuzena zuen. Jatorrizko gorputz horri 8 metroko zabalerako eta 18 metroko luzerako hormarte bat jarri zitzaion XVIII. mendean, ekialdeko fatxadari itsatsita, estalkiko isurkia luzatuta. Bigarren bizitza egin zen bertan. 24 metroko zabalera eta 18 metroko sakonera du ordutik. Eraikinaren gorputz zaharrenaren hormak harlanduzko irregularrez eginda daude, eta eranskinaren hormak, berriz, ageriko harlangaitzez.

Mendebaldeko fatxada geratzen da BI-2238 eskualde-errepidetik gertuen. Lursailaren eten batean kokatuta dago. Beheko solairuan, hiru leiho ditu, eta lehen solairuan, ate handi bat, inguruko lursailetik arrapala bidez sartzeko.

Hegoaldeko fatxada da eraikinaren aurrealde nagusia. XVI. mendeko eraikin-zatian, arku zorrotz bat dago, goihabearen ardatzetik apur bat eskuinera. Hegoaldeko aurrealdean, arku zorrotzaren bi aldeetan, leihoburuak dituzten leiho-bao bana dago, markoan sartuta, zuriz pintatutako morteroz zarpiatuta.

Lehen solairuan, arkuaren gainean, fatxadaren ardatzean zentratuta, balkoi bat dago. Balkoiaren barandak zurezko eskubanda du, eta zokaloa eta muntagak ere zurezkoak dira. Zurezko habexka landuek eusten diote zoladurari. Balkoian zehar, hiru bao daude: leiho-ate bat erdian, balkoira ateratzeko, eta bi leiho, leiho-atearen alde banatan. Solairu horretan, beste leiho bat dago fatxada horretan, aipatutako balkoitik eskuinera, eta beste leiho txikiago bat, ezkerrean. Azken leiho txiki hori aro gotikokoa da, eta egitura zorrotza du.

Teilatupean, bost jabaloiren bidez eutsitako teilatu-hegal zabal baten azpian, bi aireztapen-zulo daude: gezileiho bat lehen solairuko leiho zorrotzaren gainean, eta beste zulo bat, lau angelukoa eta zentratua.

Bestalde, hegoaldeko fatxada horretan, XVIII. mendean erantsitako gorputzak sarrerako ate bakarra du beheko solairuan, eta, fatxadaren gainean, 4,80 metroko zabalerako eta 1,80 metroko sakonerako gorputz irten bat, solairu bakarrekoa eta hegoaldera isurki bakarreko estalkia duena. Lehen solairuan, teilatu-hegalaren azpian, eranskinak zurezko balkoi luze bat du, sarrerako atearen gainean, eta aurretik aipatutako gorputz irtenaren gainean, baserriaren ekialdeko hormaraino.

Ekialdeko fatxada XVIII. mendeko eraikinaren fatxada da. Sarrerako hiru ate eta bi leiho-bao ikusten dira bertan.

Iparraldeko fatxadan edo atzealdeko fatxadan, eraikinaren zati zaharrenean, sarrerako ate bat eta leiho bat bakarrik du eraikinak, eta eranskinean, berriz, leiho bat eta gezileiho bat. Ate eta leiho horiek guztiak beheko solairuan daude.

Eraikinaren barruko egituran, pieza bakarreko bi zutabe exentu daude, eta beste zutabe bat dago eranskina banatzeko hormaren barruan sartuta. Zutabeak harrizko plintoen gainean altxatuta daude, eta habeekin mihiztatuta daude, tartean jabaloi sendogarriak dituztela. Habexkekin batera, kontragoihabeek eta gapirioek osatzen dute baserriaren teilatu-zurajea. Zurajearen gainean jarrita dago arabiar teilazko estalkiari eusten dion zurezko itxitura.

Erkiagabekoa baserri soila da, balio askoren eramailea, eta XVI. mendearen lehen laurdenean sortua. Garai hartako zurezko egiturari eta itxitura-horma gotiko sendoari eusten dio. XVIII. mendean, beste gorputz bat erantsi zitzaion alde batean.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1704ko erroldan Erkiaga Beaskoa izenarekin agertzen da, eta Andres Erkiaga zen jabea.[3]

XVIII. mendearen erdi aldean, nekazal ekoizpenen salneurriak igo zirenean, familia dirudunek etxeak eta lurrak erosten jardun zuten. Ondasun horiek eskuratzeko moduetako bat "censo consignativo"ak ziren, mailegu hipotekario bezalakoak: baserritarrek dirua eskuratzen zuten, beraien etxea eta lurrak berme gisa aurkeztuz, eta zentsualistei lurron gaineko eskubideak emanez. Dirua ez bazen itzultzen, mailegu emailea baserriaren jabe bihurtzen zen.

1731ean, Erkiaga Behekoa etxeko (Herquiaga-Becoa, garaiko idazkeran) Martin de Herquiagak 200 dukat eskatu zizkion Jose Vicente de la Renteria lekeitiarrari "censo consignativo" formula hau erabiliz. 1764an, aurreko mailegua itzuli gabe zeukala, beste 325 dukat eskatu zizkion Martinek, bere seme Juanekin batera. Izan ere, lur aberatsa izan arren, garai hartako baserritarrek karga handiak izaten zituzten: seme-alaba asko, inflazioa, interes ordainketa (gero eta altuagoa, maileguaren muntoa handitu ahala)... 1771ean, Juan de Herquiagak beste 175 dukat eskatu zizkien Renteriatarrei, eta horrela Erkiagatarrek haiekin zuten zorra handituz joan zen. Hain zuzen ere, Jose Agustin Ibañez de la Renteria familiako semea 1775an ezkondu zenean, gurasoengandik Erkiaga Behekoen censo consignativo edo zor hau jaso zuen dotearen parte bezala.[4]

1796an Madalena Uriarte agertzen zen jabe bezala. 1823an, berriz, Juan de Erkiagabekua. Eta 1987an jabea Inazio Arriaga zen, eta baserria zati bitan banatua zegoen: batean Antonio Arrizubieta bizi zen bere familiarekin, eta bestea hutsik zegoen.[3]

Damaso Uribe gizon-probalari ospetsua Erkiaga Behekoan bizi izan zen.[3]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. HIRITEK HIRIGINTZA TEKNIKARIAK SL. 2016. Ispasterko Udala. Ondare Katalogoa. Hiria Antolatzeko Plan Orokorra.
  2. https://www.academia.edu/23107111/Egungo_baserrien_arbasoa
  3. a b c 1914-, Zubikarai, Augustin,. (1987). Ipazter. J. Fernandez Egiguren PMC 33157357. (Noiz kontsultatua: 2022-04-06).
  4. Celina., Ribechini,. ([1993?]). La Ilustración en Vizcaya : "El Lequeitiano" Ibáñez de la Rentería. Editorial Txertoa ISBN 84-7148-282-7. PMC 31054842. (Noiz kontsultatua: 2022-04-06).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa