Ernest Hemingway

Wikipedia, Entziklopedia askea
Lainobeltz (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 13:19, 12 urtarrila 2016
Ernest Hemingway
Ernest Hemingway
Datu pertsonalak
Izen osoa Ernest Miller Hemingway
Jaio 1899ko uztailaren 21a
Oak Park, Illinois (Estatu Batuak)
Hil 1961ko uztailaren 2a
(61 urte)
Ketchum, Idaho (Estatu Batuak)
Sinadura

Ernest Miller Hemingway (Oak Park, Illinois, Estatu Batuak, 1899ko uztailaren 21a - Ketchum, Idaho, Estatu Batuak, 1961ko uztailaren 2a), idazle eta kazetari estatubatuarra izan zen.

XX. mendeko literaturaren egilerik garrantzitsuenetarikoa da, 1953an Pulitzer saria lortuz ("The Old Man and the Sea", Agurea eta itsasoa) eta Literaturako Nobel Saria 1954an. "Papa" ezizena jaso zuen. "For Whom the Bell Tolls" ("Norengatik jotzen du ezkilak") bere lanik ezagunena da.

Biografia

Ernest Hemingway Oak erdiko klaseko familia batean jaio zen. Bere inguruko gazteek egin ohi zutenaren kontra, unibertsitatera ez joatea erabaki zuen, eta kazetari lanean hasi zen. Lehen Mundu Gerran anbulantzia gidari gisa parte hartu zuen, Italiako frontean. Gerrak eragin handia izan zuen haren bizitzan eta lanbidean : zauritu egin zuten, eta aurrerantzean, heriotzaren gordintasuna topatzeak eraginda beharbada, biolentziaren eta arriskuaren aurrez aurre egotea bilatu zuen modu ia obsesiboan, heriotzari aurre egiteko. Osatu zenean ezkondu eta Europara joan zen zenbait egunkaritako berriemaile gisa. Parisen, han hartu baitzuen etxea, literatura munduko jendea ezagutu zuen, bere aberrikide erbesteratuak besteak beste : sintaxiaren artean maisu izan zituen Gertrude Stein eta Ezra Pound, Francis Scott Fitzgerald eta Steinek Belaunaldi Galdua definitu zuen garaiko gainerakoak.

1925ean gerrako heroi gazte baten nortasuna moldatzen duten ipuin bilduma argitaratu zuen, In Our Time (Gure garaian), eta hurrengo urtean, zezenketaren mitoak erakarrita, Estatu Batuetako bikote baten Paristik Iruñerako bidaia kontatzen duen The Sun Also Rises (1926, Eguzkia irten ere egiten da) eleberriarekin irakurleen behin betiko onespena jaso zuen. Eleberri horretan finkatu zen belaunaldi galdua esaldia, handik aurrera Estatu Batuetako 1920 ondoko intelektualak izendatzeko erabili zena. Eleberri horrek bazituen, dagoeneko, Hemingwayren kontakizunen bi ezaugarri nagusiak : bere estilo arina, zehatza eta aldi berean lirikoa, batetik; eta bizitzari buruz zuen ikuspegia, bestetik; izan ere, Hemingwayk etengabeko arriskutzat hartzen baitzuen bizitza, bakoitzak buru belarri murgildu behar zuen abenturatzat, heriotzari aurre egiteko adinako adorea eta bihotza izatera iristeko.

Men without women (1927, Gizonak emakumerik gabe) ipuinei eta gerrako oroitzapenetan oinarrituta moldatu zuen A Farewell to Arms eleberriari (1929, Agur armei) ere oso harrera beroa egin zioten kritikariek eta irakurleek. Haren zezenzaletasun handia Death in the Afternoon (1932, Heriotza arratsaldean) liburuan irudikatu zuen, zezenketa arriskuaren artea gisa erakutsiz, eta mundu horretan indarrean dauden balio tragikoei buruzko azterketa zorrotz bat eginez. Haren heste zaletasunetako batzuk ehiza, arrantza eta bidaiak izan ziren, eta Afrikan egin zituen ehizaldietan oinarrituta idatzi zuen Green Hills of Afrika (1935, Afrikako muino herdeak) eta bere eleberri labur ederrenetako bat, The Snows of Kilimanjaro (1936, Kilimanjaroko elurrak). Afrikako ehiza istorio horietan Hemingwayk heste pertsonaia bat bezala agertu zuen bere burua kontakizunean, adorea eta trebetasuna eskatzen duten jokabide zailei aurre egiteko gauza den idazlearen heroi ospea handituz, eta bizitzea eta idaztea elkarren artean behin eta berriz gurutzatuz. 1938an ere haren ehizaldi eta zezenketetatik edo pairatu edo ikusi zuen sofrimendutik sortutako kontakizun bilduma bat argitaratu zuen, The first fortynine stories (1938, Lehen berrogeita bederatzi istorioak); kontakizun horietan erabiltzen duen hizkuntza moldea XX. mendeko prosaren eredu hoberenetako bat da.

Hemingwayk bere bizipenetan girotu zituen bere eleberriak. Zezenketa, ehiza eta gerra gaitzat dituzten eleberriak ere idatzi zituen, ildo tragiko batetik eta heriotzarekin loturik betiere. Agurea eta itsasoa horrenbeste maite zuen itsasoan dago girotuta eta agure batek arrain eskerga batekin duen borroka kontatzen du; irudian, Hemingway arrain horietako batzuekin.

Espainiako Gerra Zibilean (1936-1939) berriemaile berezi gisa ibili ondoren, gerrako lekukotasun erdiragarri bat utzi zuen : For Whom the Bell Tolls (1940, Norengatik ari dira joka kanpaiak). Bigarren Mundu Gerran kontraespioitza lanak egin zituen Kuban, Europara itzuli zen gero gerrako berriemaile gisa, eta gerra bukatu ondoren, Kuban geratu zen bizitzen. Garai hartakoak ditu bere bi eleberri bikainenetakoak : Across the River and Into the Tress (1950, Ibaiaz bestaldean eta zuhaitzen artean) eta The Old Man and the Sea (1952, Agurea eta itsasoa, A. Goenagak eta J.M. Iturraldek euskaratua). Agurea eta itsasoa eleberrian Hemingwayk gizakiaren duintasuna goratu zuen, harrapakina menderatzeko borroka gogor luzea egiten duen arrantzale zahar batean gorpuztua. Eleberria edertasun handiko estiloan idatzita dago, argiaren eta uraren distirak eta arrantzaren sentipen fisikoak deskribatuz, eta Hemingwayren ikurritzaren adierazpide perfektoa da : gizona suntsi dezakete baina menderatu ez. Nolanahi ere, Agurea eta itsasoa porrotaren eta agurraren alegia bat zen, gardena baina gaztetako obraren indar ezkuturik gabea.

Handik bi urtera Literaturako Nobel saria eman zioten.

1960an idazleak Kubatik alde egin eta Ketchum-en (Idaho) jarri zen bizitzen, bere laugarren emaztearekin. Ordurako burutik nahasten hasia zen eta bi aldiz erietxean sartu behar izan zuten depresioak jota. Kontinentez kontinente, etxez etxe, ibiltzeaz nekatuta eta gaixorik, bere gorputzaren sasoiaren beheraldia ezin eramanik, aitak bezala suizidioan bilatu zuen hainbestetan gorteatu eta saihestu zuen heriotza. Azkenik, bada, depresio horietako batean, bere buruaz beste egin zuen, 196leko uztailaren 2an. Uztailaren 7an lurperatu zuten, San Fermin egunez[1]. Hil ondoren haren emazteak beste bi libururu argitaratu zituen : A Moveable Feast (1964, Festa mugigarria), Parisko bizimodu bohemioaren deskripzio bizia, eta Islands in the Stream (1970), Kubako bizitzan oinarritua.

Lau alditan ezkondu zen Elizabeth Hadley Richardson (1921–1927), Pauline Pfeiffer (1927–1940), Martha Gellhorn (1940–1945) eta Mary Welsh Hemingwayekin (1946–1961).

Geure artean famatua da San Fermin jaiak mundu mailan ezagutarazteagatik; 1923an etorri zen lehen aldiz eta 1924, 1925, 1926, 1927, 1929 eta 1931n errepikatu zuen. Espainiako Gerra Zibilean ere ibili zen, kazetari; errepublikaren aldekoa zenez 1953 arte ezin izan zen Iruñera itzuli; azken bisitaldia 1959koa da.

Bibliografia

Fikziozkoa

Euskaraz

Elkar argitaletxeak kaleratutakoak:

Ez fikziozkoa

  • (1932) "Death in the Afternoon"
  • (1935) "Green Hills of Africa"
  • (1960) "The Dangerous Summer"
  • (1964) "A Moveable Feast"
  • (2003) "Ernest Hemingway Selected Letters 1917-1961"
  • (2005) "Under Kilimanjaro"

Erreferentziak

  1. Txomin Laxalt: Brèves de Pays basque, 2008. 112.or.

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Ernest Hemingway Aldatu lotura Wikidatan