Ernest Lluch

Wikipedia, Entziklopedia askea

Txantiloi:Agintari infotaula


Ernest Lluch i Martín (Vilassar de Mar, Bartzelona, 1937ko urtarrilaren 21a - Bartzelona, 2000ko azaroaren 21a) ekonomista eta PSCri loturiko politiko katalana izan zen. Osasun eta Kontsumo ministro izan zen 1982 eta 1986 urteak bitarte. 2000. urtean ETAk hil zuen 63 urte zituela.

Bizitza

Zientzia Ekonomikoetako doktore Bartzelonako Unibertsitatean, Pariseko Sorbonan zabaldu zituen ikasketak. Bartzelonako Unibertsitateko irakasle laguntzaile zela, espedientea egin, hainbat alditan atxilotu eta Unibertsitatetik bota zuten Frankismoaren aurkako jardueragatik.

Valentziako Unibertsitateko Ekonomia Katedraduna (1974) eta Bartzelonako Unibertsitate Zentraleko Doktrina Ekonomikoen Historia Katedraduna izan zen. Bere azken kargu ofiziala Santanderreko Menéndez Pelayo Nazioarteko Unibertsitateko Erretoretza izan zen, 1989tik 1995era.

1977an diputatu aukeratu zuten Gorte Konstituziogileetarako hauteskundeetan, Socialistes de Catalunyako (PSOE eta PSC-Congrès koalizioa) zerrendaburu izan baitzen Gironako barrutian. 1979an berraukeratua izan zen Gironatik, dagoeneko PSC bezala, eta 1982an berriro ere baino Bartzelonatik. 1980ko apirilean Kongresuko sozialista katalanen bozeramaile aukeratu zuten. 1982an Felipe Gonzalezek Osasun eta Kontsumo ministro izendatu zuen bere lehen gobernu sozialistarako eta horretan aritu zen 1986a arte. Bere agintaldiko gertakari garrantzitsuena 1984ko Osasun Lege Orokorra da, izan ere, bera izan baitzen lege horren ekarle nagusia, eta bertan, osasun-laguntza unibertsalerako oinarri legalak jarri baitziren[1].

1986ko maiatzean politikaren lehen lerroa utzi eta Doktrina Ekonomikoen Historiako katedra berreskuratu zuen Bartzelonako Unibertsitate Zentralean. 1989ko urtarrilaren 2an Menéndez Pelayo Nazioarteko Unibertsitateko (UIMP) erretore izendatu zuten.

Bazuen Donostiarekin lotura eta Elkarri elkarte bakezaleko kide izan zen. Bakea lortzeko eta giza eskubideak errespetatzeko bide bezala elkarrizketa eta zubi-lanaren aldekoa zen; baina hain justu hori izan zen, ETAko kideek ondoren aitortu zuten bezala, bera hiltzeko arrazoi nagusia[2].

Lanak

  • El pensamiento económico en Cataluña entre el renacimiento económico y la revolución industrial: la irrupción en la escuela clásica y la respuesta proteccionista (1970)
  • La vía valenciana (1975)
  • La Cataluña vencida del siglo XVIII: claroscuros de la ilustración Catalunya vençuda del segle XVIII. Edicions 62, (1996) (katalanez)
  • Las Españas vencidas del siglo XVIII: claroscuros de la Ilustración. Editorial Crítica, (1999)
  • La alternativa catalana (1700-1714-1740)

Erreferentziak

  1. Apirilaren 25eko 14/1986 Legea "Osasun Lege Orokorra"
  2. (Gaztelaniaz)«ETA mato a Ernest Lluch porque era un hombre de paz.» El País.

Ikus, gainera

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Ernest Lluch