Erpin geodesiko

Wikipedia, Entziklopedia askea
Erpin geodesikoa, Arnotegin

Erpin geodesikoa kokapen zehatz bat adierazten duen seinale bat da. Eta, beste erpin geodesiko batzuekin batera, hiruki sare bat osatzen du.

Geodesia lurraren forma, dimentsioak eta grabitate-eremua aztertzeaz arduratzen den zientzia da.

Ikuspuntu praktikotik begiratuta, honako hau da Geodesiaren baliagarritasun handienetako bat: bere tekniken bidez oso lurralde zabalak irudika daitezkeela mapetan. Puntu-sare bat ezarriz egin daiteke hori. Lurraren azalera osoan sakabanatuta daude, eta zehaztasun handiz ezagutzen ditugu espazioan duten kokapena eta itsasoaren mailaren gainean duten altuera.[1]

Puntu horiei erpin geodesikoak deitzen zaie eta puntu horiek osatzen duten eskeletoan oinarritzen dira lurralde bateko kartografia lortzeko behar diren gainerako lanak.[1]

Erpin geodesiko horien posizioa horrenbesteko zehaztasunarekin jakiteko erreferentziazko sistema aukeratu beharko dugu. Kartografiaren kasuan, Lurraren forma ongien deskribatzen duen azalera matematikoa biraketa-elipsoidea da. Horixe erabiltzen du Bizkaiko Foru Aldundiak, esaterako.[1]

Gero, nahitaezkoa da lurreko gainazal kurbatuan dauden elementuak gainazal lauan jartzea, paperean alegia. Hori proiekzio kartografikoen bitartez lortzen da. Elementu kartografikoak paperean islatzeko aukera emango diguten formula matematikoak dira. U.T.M. (Universal Transversa Mercator) Proiekzioa deiturikoa da. proiekzio horietako bat.[1]

Puntu geodesikoak markatzeko, Hego Euskal Herrian eta Espainian, 120 zentimetroko garaiera eta 30eko diametroa duen zilindro bat kokatzen dira. Zilindro hau, hormigoizko oinarri kubiko batean sostengatzen da, guztia zuriz margoturik. Ohi, toki altu eta garbietan egoten dira, beste puntu batzuk ikusi ahal izateko. Horregatik ikuspegi oso onak egoten dira toki hauetatik. 1975etik, Seinale Geodesiko eta Geofisikoei buruzko Legeak babesten ditu.

Espainiako erpin geodesikoen sarea, hiru zatitan banatzen da: lehen mailakoak, bigarren mailakoak eta hirugarren mailakoak. Lehen mailakoak, 30 eta 70 kilometro arteko hirukiz osaturik daude. Bigarren mailakoak, lehenengo mailakoetan lagundurik, hirukien alboak 10 eta 25 kilometro artekoak izaten dira, eta, azkenik, hirugarren mailakoek, 5 eta 10 kilometro artekoa. Sare handienetako erpinak, aldi berean, sare txikienetako erpin ere badira.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d Bizkaiko sare geodesikoaren mapa. Bizkaiko Foru-Aldundia.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]