Errebonbilloak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Elorrioko Errebonbilloak, tiro egiteko gertu

Errebonbilloak Elorrioko (Bizkaia) jai bat da, alarde itxurakoa, eta urtero egiten da urriko lehen igandean. Bertan konpainia bakarrak hartzen du parte, herriko 15 gaztek osatua, eta horiek —adar biko kapela buruan, parpaila zuria lepotik behera eta eskopeta eskuetan—, herrian zehar desfilatzen dute txistu eta danborilaren soinuan kapitainaren agindupean, beti ibilbide bera eginez.

Goizez eta arratsaldez, aurrez erabakitako zenbait gunetan —salbu eta unean uneko alkatearen etxe aurrekoa—, soldaduek agur-tiroak egiten dituzte. Arratsaldeko desfilea herriko plaza nagusian amaitzen da, Arrosarioko Ama Birjinaren prozesioa bukatu ondoren, soka-dantza eginda eta agur-tiro piloa jaurtita udaletxeko balkoitik.

1979an, Pello Eriz errebonbilloen orduko kapitainak lehen aldiz eman zituen aginduak euskaraz. Harrezkero, horrela egiten da.

2003an, berriz, bi gertakari gertatu ziren, oso esanguratsuak. Urte hartan lehen aldiz, eta laurehun urtez gizonek bakarrik parte hartutako jai batean, bi emakume irten ziren Errebonbilloetan soldadu moduan: Saioa Gomez eta Nekane Guridi. Aldi hartan, eurak izan ziren txalotuenak. Urte berean estatua bat jarri zen Zearsolo jauregiaren ondoan, errebonbilloen omenezkoa. Estatuak errebonbillo gizonezko bat irudikatzen du, formatuta eta tiro egiteko gertu. Inauguratu zenetik, Elorrioko gunerik fotografiatuenetako bat bihurtu da.

Jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elorrioko Errebonbilloak, 1900. urtean

Urteetan, nahastu izan da Errebonbilloen jatorria, eta bolo-bolo zabaldu da alarde horren jatorria Lepantoko gerran dagoela, baina gaur egun adituek bereiztu egiten dute mitoa eta errealitatea.

Mitoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elezaharrak dio 1571n, Amandarro anaiak Lepantoko gudutik bueltan zetozela, ikusita eurak ailegatzerakoan Elorrion Arrosarioko Ama Birjinaren prozesioa egiten ari zirela, agur-tiroa egin zutela esker onez, herrira onik itzuli izanagatik. Eta hortik aurrera, Errebonbiloak urtero egin zirela, orduko gertaera hura gogoratzeko.

Bada beste bertsio bat, antzekoa, eta horren arabera, Lepantotik zetozen soldadu elorriarrak, Kanpazar mendatetik behera zetozela, euren jaioterria ikusterakoan, agur-tiroak jaurti zituztela, pozak eraginda eta herritarrei abisatzeko asmoz.

Gaur egun, berriz, erromantikotzat jotzen dira istorio horiek. Artxiboetan, gainera, ez da horien arrastorik aurkitu.

Alardea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aditu gehienek uste dute Errebonbiloak lotuta daudela alardeen tradizioarekin. Alardeak urtero egiten ziren, eta bertan errepasatu egiten zen zenbat gizon eta zenbat arma zeuden prest herrian, balizko gerra baterako. Izan ere, garai hartan gerrak edonon gerta zitezkeen: turkiarren kontra, Herberehetan, Alemaniako protestanteen kontra, Frantzia edo Ingalaterraren aurka…

Elorrioko lehen alardearen berri 1575eko ordenantzetan agertzen da, alegia, Lepantoko gerra gertatu eta lau urtera, baina han aipatu ere ez dira egiten ez Lepanto, ez eta Arrosarioko Ama Birjina. Iñigo Agirreren ustez, Errebonbilloak 1575eko ordenantzetako alardea dira. Beste batzuek, aldiz, ez dute hain garbi ikusten hori. [1]

Kontua da alarde honek uztartzen dituela elementu zibilak (alardea bera) eta erlijiosoak (Arrosarioko Ama Birjinaren prozesioa). Baina noiztik egiten dira batera? Litekeena da 1740 ingurutik, Durangon urte hartan hartu baitzen erabakia prozesioetan gizon armadunei eta eskopetariei sarbidea ematea. [2]

Gaur egun jende asko erakartzen du Errebonbillo egunak, ingurukoa eta urrutikoa.

Izena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antza denez, “Errebonbillo” hitzak tiro egiteko agindua esan nahi du, gaur egun erabiltzen den “sua!” aginduaren baliokidea. Berba konposatua litzateke: “erre” + “bonbilloa”, hau da, bolborarako kanpo gordailua, zeina piztu behar baitzen proiektila jaurtitzeko. [3]

Jantziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elorrioko Udalak Bilboko Erruki etxean erosi zituen errebonbilloen jantziak, eta, behin erabilita, udaletxean bertan gordetzen dira. Horrela janzten dira konpainiako kideak arratsaldeko desfilerako, goizekoan bakoitza bere jantziekin irteten da-eta:

  • Kapitaina. Praka zuriak, zapata beltzak, alkandora zuria, paparreko parpaila edo txorrera zuria, fraka, ezpata eta adar biko kapela.
  • Txistulariak. Kapitaina bezala janzten dira.
  • Errebonbilloak. Praka grisak, zapata beltzak, alkandora zuria, paparreko parpaila zuria, fraka, eskopeta, kartutxoak eta adar biko kapela. [4]

Desfilea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errebonbilloak agur-tiroa egiten

Azken urteotan, urriko lehen domeka heltzerakoan, hautatutako hamabost errebonbilloak, kapitaina eta txistulariak goizeko 04:45etan elkartu izan dira kontzejupean. Garai batean, udalak gailetak eta solysombra eskaintzen omen zien soldaduei goizeko hotza kentzeko, baina hori bukatu zen, antza. Udalatxean eskopetak eta kartutxoak jasotzen dituzte. Udalak 15 eskopeta dauzka, Elgetan erosiak.

Goizeko 05:00etan hasten dira lehen agur-tiroak egiten:

  • Lehena eta bigarren tiroak, herriko plazan. Bat elizari begira, bestea, udaletxeari.
  • 3.a, Urarkan.
  • 4.a, ospitalean.
  • 5.a, Santa Anan.
  • 6.a, Elizburuan.
  • 7.a, Kurutziagan.
  • 8.a, Txanberin.
  • 9.a, Berrio-Otxoa kalean.
  • 10.a eta 11.a, berriro plazan, bat elizari begira eta bestea, udaletxeari.
  • 12.a, alkatearen etxe aurrean. Ohitura eta betekizuna ere bada alkateak mokadutxoa prest izan behar duela troparentzat. [5]

Hortxe amaitzen da goizeko jarduera. Eskopetak udaletxean utzi, eta bakoitza bere etxera joaten da, arratsaldera arte.

Arratsaldeko desfilea Arrosarioko Ama Birjinaren prozesioarekin lotuta dago. Elizan arrosarioa amaitu baino lehen, errebonbilloak pauso motelean irteten dira udaletxetik, eta plazan jartzen dira, atseden formazioan. Prozesioa irteten denean, lehen deskarga egiten dute. Segitzen dute tiroak jaurtitzen, irudia parera iritsi arte. Orduan, armak aurkezten diote. Prozesioaren aurrean doazela, bost bat tiro botatzen dituzte. Irudia elizan sartu ondoren, beste deskarga bat elizpe ostean. Jarraian, kalez kale ibiltzen dira herri osoan, Santa Anan, Elizburun, Kurutziagan, Berrio-Otxoa kalean eta plazan deskargak eginez. Errebonbilloen azken tiroak plazan izaten dira, bata elizari begira, eta bestea, udaletxeari.

Azkenik, udaletxera joaten dira eta, sartu eta berehala, aurreskua egiten da plazan. Parte hartzen duen errebonbillo bakoitzak neska bat edo mutil bat aterako du plazara, soka-dantzarako. Bertan dagoen edonor gonbita dezakete. Dantza amaitutakoan, dantzari guztiak eta txistulariak udaletxean sartzen dira, eta bertan meriendatxoa ematen zaie.

Gauean, berriz, errebonbilloek Tanger jatetxean afaltzen dute, Elorrio Udalak ordainduta.

Aginduak, euskaraz[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1979an, Pello Eriz errebonbilloen orduko kapitainak lehen aldiz eman zituen aginduak euskaraz. Pellok berak horrela gogoratzen du ordukoa: “Garai hartan Besaide dantza-taldeak hartu zuen Errebonbilloen ardura, jende oso gaztea sartu zen, 15 bat urtekoak, eta denok gauzak aldatzeko gogo izugarriekin. Anaiak esan zidan orduan nuela aukera euskararen alde zerbait egiteko, neu nintzela-eta kapitaina. Eta beste taldekideen laguntzaz, euskaratu egin genituen kapitainaren aginduak”. Harrezkero, horrela segitzen du. Hitz hauek erabiltzen ditu kapitainak:

  • Presta! (prestatu)
  • Karga! (kargatu)
  • Desta! (apuntatu)
  • Zai - jo! (egin tiro)
  • Aurkez! (aurkeztu) [4]

Lehen emakume errebonbilloak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nekane Guridi eta Saioa Gomez, lehen emakume errebonbilloak (2003)

2003an laurehun urteko tradizio bat egokitu zen, ordura arte gizonek bakarrik hartzen baitzuten parte soldadu moduan Errebonbilloetan. Urte hartan lehen aldiz, bi emakume irten ziren alardean soldadu moduan: Saioa Gomez eta Nekane Guridi, biak 25 urtekoak orduan.

Saioak eta Nekanek horrela gogoratzen dute ordukoa: “Aurreko urteetan sarri irten izan ginen plazan dantza egitera errebonbilloekin. Gauean, gonbidatu egiten gintuzten Tanger tabernara, eurekin afaltzera. Eta han askotan irten zen gaia, halako batean gu ere soldadu moduan irtengo ginela. Baietz, agertzeko, baina gu animatu ez. Halako batean baina, agertu egin ginen probasaioetara. Hasieran ez genekien lekurik izango genuen konpainian, soldaduen kopurua beti da-eta bat, 15, baina hango zaharrenek esan ziguten lasai egoteko, eurek egingo zigutela lekua. Eta horrela izan zen. Dantzariak ginenez, ez genuen arazorik izan dantzak ikasteko. Hori bai, bagenuen ardura handi bat, zelan moldatuko ginen eskopetekin tiro egiterakoan, baina dena ondo joan zen. Jendeak ere sekulako harrera egin zigun. Irten ginenean dantzara, geu izan ginen txalotuenak, hori esan ziguten ingurukoek”.

Urte hartan ez, baina hurrengokoetan bai, neska errebonbiloak hasi ziren mutilak gonbidatzen plazako soka-dantzara, ordura arte mutilek neskekin egiten zuten bezala. 2003a ezkero, urtero-urtero irten dira bizpahiru neska soldadu moduan errebonbilloetan.

Estatua bat errebonbilloen omenez[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2003an estatua bat jarri zen Zearsolo jauregiaren ondoan, Errebonbilloen omenezkoa. Estatuak errebonbillo gizonezko bat irudikatzen du, formatuta eta tiro egiteko gertu. Inauguratu zenetik, Elorrioko gunerik fotografiatuenetako bat bihurtu da.

Estatua Alfa Arte arte-faktorian egin zen, Eibarren, Elorrioko Udalak eskatuta. Niko Moreno orduko alkateak —berau askotan irten baita errebonbilloetan soldadu—, argazkiak eraman zituen Eibarrera, arropak eta eskopeta bat, faktoriako eskultoreek errebonbilloen inguruko ideia zehatzagoa izan zezaten.

Estatua inauguratu zen egunean, errebonbilloen agur-tiro berezia eskaini zioten Ziarsolo jauregiaren aurrean. Harrezkero, bisitariek horixe dute Elorrioko gunerik gogokoenetako bat argazkiak egiteko.


Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Agirre Kerexeta, I. Bizkaiko herrien monografiak: Elorrio. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbo. (1992)
  • Ajuria, R. Elorrio, próxima parada. Gráficas Lizarra.L.G. ISBN: 84-8181-227-7
  • Basterretxea Kerexeta, I. Elorrio, topalekua. Punto de encuentro. Elorrioko Udala. Bilbao. (2006)
  • Eriz, K. Bolbora usaina. Astola ikerketa eta historia. Durangaldeko urtekaria. 5. zenb. Durango. (2011) (96-107 orr.) https://issuu.com/astola/docs/astola05
  • Irigoien Etxebarria, I. Errebonbilloak. Gerediaga Elkartea, Abadiño (2009). ISBN: 978-84-936168-3-0
  • Molinuevo, M.; Romano, M. Elorrio. Bizkaiko hiribilduetan zehar bilduma. Bizkaiko Foru Aldundia, Bilbo. (2008)

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Iñigo., Agirre,. ([1992]). Elorrio : aproximación a una monografía local. Bizkaiko Foru Aldundia ISBN 8477520704. PMC 30530006. (Noiz kontsultatua: 2018-09-06).
  2. Irigoien Etxebarria, Iñaki. (2009). Errrebonbilloak. Gerediaga Elkartea, 85 or. ISBN 978-84-936168-3-0..
  3. María., Molinuevo Zaballa,. (D.L. 2008). Elorrio. Bizkaiko Foru Aldundia, Ondare Historikoaren Zerbitzua = Diputación Foral de Bizkaia, Servicio de Patrimonio Histórico ISBN 8477524343. PMC 863180339. (Noiz kontsultatua: 2018-09-06).
  4. a b Irigoien Etxebarria, Iñaki. (2009). Errebonbilloak. Gerediaga Elkartea, 107 or. ISBN 978-84-936168-3-0..
  5. Eriz, Karlos. (2011). «Bolbora usaina» Astola ikerketa eta historia. Durangaldeko urtekaria (5) (Noiz kontsultatua: 2018ko abuztuaren 30a).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]