Erreferentzia-lan

Wikipedia, Entziklopedia askea

Erreferentzia-lanak kontsultarako soilik eginda dauden dokumentuak dira, hasieratik amaierara irakurtzeko eginda ez daudenak alegia. Gai eta informazio-mota berezituak eman ditzakete (atlasak, esaterako, informazio geografikoa ematen du). Esparru geografiko eta euskarri ezberdinak ere izan ditzakete. Zehatzago, ezaugarri hauek dituzte:

  • Informazio bilaketa zehatzei erantzutea dute xede.
  • Aurkezpen zehatza erakusten dute: laburra eta diseinu funtzionalekoa.
  • Kontsulta erraz eta bizkor egiteko prestatuta daude.

Erreferentzia-lan mota bi daude: lehen mailako erreferentziak eta bigarren mailako erreferentziak ematen dituzten lanak. Lehen mailako erreferentziak ematen dituzten lanetan, bilatzen den informazioa zuzenean jasotzen da (entziklopediak). Bigarren mailakoetan, berriz, informazioa zein dokumentutan aurki daitekeen zehazten da (liburu-katalogoak, adibidez).

Lehen mailako erreferentzia-lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiztegiek terminoen esanahia eta definizioa zehazten dute. Zuzentasun ortografikoa egiaztatzeko erabil daitezke eta etimologia sinonimo eta antonimoak eta beste hizkuntza batzuetako baliokideak ere ematen dituzte.

Entziklopediak jakintzaren hainbat esparrutako ezagutza kopuru handia biltzen dute kontzeptuak azaltzeko asmoz, gaika edo alfabetikoki antolaturik.

Gida eta direktorioek pertsona zein era guztietako erakundeen izen, zeregin, helbide eta bestelako oinarrizko informazioak ematen dituzte.

Bilduma biografikoek pertsonaia ezagunei buruzko datu biografikoak biltzen dituzte.

Atlasek datu geografikoak ematen dituzte. Informazio historikoa ematen duten atlas historikoak ere badaude. Estatistika-erakunde ofizialek (EUSTAT, EUROSTAT, ...) argitaratutako urtekari estatistiko edo antzekoetan urteko datu garrantzitsuenak biltzen dira.

Kronologiek eta urtekariek jazotako gertaerarik nabarmenenak jasotzen dituzte, normalean ordena kronologikoari jarraiki.

Lege-bildumak zuzenbide arloko legeak eta sententziak biltzen dituzte.

Bigarren mailako erreferentzia-lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Informaziorako lotura soilik eskaintzen duten lan hauetan bibliografia ofizialak, lurralde bateko produkzio bibliografikoaren erreferentzia guztiak biltzen dituztenak, daude. Adibidez:

Euskal Herrian, lege-gordailuaren erregistroa kontsulta daiteke edo Joan Mari Torrealdai edo Jon Bilbaoren Eusko bibliographia.

ISBN bildumak ere munduan argitaratzen diren liburu gehienen zerrenda ematen du.

Bibliografia komertzialak ere badaude, Amazon adibidez.

Jakintza-arlo ezberdinetarako artikuluak eta euren laburpenak ematen dituzten katalogoak ere badaude.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]