Erregu (Erretorika)

Wikipedia, Entziklopedia askea

Erregu, latinez "Deprecatio", pentsamenduko figura erretoriko bat da. Berez antzinako epikan erregu akusatu batek egiten zuen aitorpena zen baina, errukia eskatzeko, erruak aitortzerakoan, aldi berean, haren merituak azaltzen zituen .[1]

Museei inspirazioa eskatzeko testuak ere erregu figuraren bidez antola daitezke (Konstantin Makovskyren Poesiaren Musa)

Modu orokorrago ulertuta, baita beste gizaki bati egiten zaion erregu bezala uler daiteke ere edo otoitz bidez gaitz bat urruntzeko eskaera bezala ere. Errenazimendutik aurrera "poesian maiteari edo norbaiti, Jainkoari edo Ama Birjinari errukia, barkamendua edo zerbait eskatzeko erabili izan da". [2]

Tradizioan ere museei inspirazioa eskatzeko erabiltzen zen figura hau. Denborarekin musen ordez Birijina izan zen horrelako eskaeren helburua. Aipatutako Literatura Hiztegian Orixeren adibide klasikoa aipatzen da; Euskaldunak (1950) liburuaren hasieran irakur daiteke:

Zatozkida goi-arnas
eizu nerekin lan
herri baten arnasa
mamitu dezadan.

Hona hemen Gabriel Arestiren beste adibide bat, "Mugak" poema.[3] Bertan beste intelektualeei bere pekatuak erakusten dizkie gero guztiak zuritzeko, are gehiago, euskaldun jator baten ezaugarriak direla adierazteko.

Ene euskalduntasunak
bere mugak ditu:
Kontuan har ezazue,
zuek, Traukoko eta Oiartzungo Xabier biok,
Josepe Luis,
Serafin,
Juanito.
Ene euskalduntasunaren mugak hauk
dira: Ifarrean: Justizia.
Hegoan: Libertatea.
Oestean: Gizonak bizitze noble bat edukitzea (astean bi egunetan
jai eta urtean behin sabbotnik).
Lestean: Mutikoek (eta neskatxek) estudiatzeagatik alokairu sufizient bat
irabaztea.
Eta muga hauk ez dituen euskalduna
ez da euskaldun,
gizon ez delako.
Blasfemo hau
neure odolaz firmatzen dut
aurtengo lan jaian
Trapaga haranean.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Joaquin Forradellas, 93.or.
  2. Xabier Altzibar eta Juan Kruz Igerabide, Literatura Terminoen Hiztegia, 227-228.or.
  3. Poemak II. Donostia: Kriseilu, 1976. 446.or.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]