Errolanen kantua

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Errolanen kantua irudikatzen duen Erdi Aroko irudi bat.
Errolanek Karlomagnori fideltasuna agintzen dio
Frankoen armadaren suntsipenaren irudia (Errolanen kantuaren liburu batetik)
Karlomagno erregeak Errolan hilik aurkitzen du (XIV. mendeko miniatura)

Errolanen kantua, frantsesez La Chanson de Roland, frantsesezko literaturako lan nagusia da. Frantses zaharrez idatziriko poema epiko bat da, Erdi Aroko egitandi kanta heroiei buruzko poemen artean zaharrena eta ezagunena. Turoldo izeneko pertsonaia batek ustez idatzia, poemaren azken lerroak honela baitio: Ci falt la geste que Turoldus declinet. XI. mende bukaeran idatzia, hiru mende lehenago, 778. urtean zehatzago, alegiaz kontatzen du Orreagako gudua.

Eskuizkribuaren hainbat bertsio ezberdin daude, XII. eta XIV. mendeetan zuen ospearen adierazgarri. Bertsiorik zaharrena Oxford eskuizkribua dugu, 4.004 lerro ditu (zenbakia argitalpen berriagoetan aldatzen da) eta XII. mendeko erdialdean (1.140 eta 1.170 urteen artean) idatzi zela uste da.

Testuinguru historikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Poeman kontatutako istorioa gertakari historiko batean oinarritzen da, 778. urteko abuztuaren 15eko Orreagako guduan, hain zuzen. Frankoen errege zen Karlomagno zenbait buruzagi musulmanekin elkartu zen beste batzuen aurka. Bere tropekin musulmanek hartutako Zaragoza hartu nahian zebilela, saxoiek bere lurrak erasotzen zituztela eta Akitanian altxamendu bat hasi zela entzun zuen eta etxerako bidea hartu zuen. Frankoek Ebroren ibaiertzeko gotorleku musulmanen kontra hasitako ekintza militarren aurrean nafarrek neutraltasunez jokatu zutenez, Karlomagnok bidean Iruña erasotzeko agindu zuen. Iruña zaharra suntsitzearen ondorioz beharbada, euskaldunek 778ko abuztuaren 15ean Orreagan Errolan kondearen agindupean zihoazen tropen atzeragoardia eraso zuten. Beste batzuek, berriz, Lupo duke baskoia jotzen duten erasoaren burutzat. Orreaga inguruko Astobizkar iraganbide naturalaren ingurumarian bildu ziren baskoi guztiak, kristautuak eta pagano zirautenak. Frankoen armadaren atzealdeko ia soldadu guztiak hil zituzten nafarrek: besteak beste, Errolan, Bretainia eskualdeko kondea. Huraxe izan zen garai hartako armadarik ahaltsuena zenak inoiz pairatu behar izan zuten porrot bakarra [1].

Gertaerak eta egileen etniaren aipamenak ondo adierazita geratzen dira VIII. mende eta ondorengo urteetako hainbat kronikatan (Einhard, Astronomus). Aldiz, XI. mende bukaerako testuinguruan, Gurutzadak hasiak zirela, poemaren sortzaileak historiako gertaerak moldatu zituen musulmanen kontrako propaganda funtzioa bete zezaten.

Haria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zaragozako Marsilio errege mairuaren bake eskaintzaz hitz egiteko Carolus Handiak Errolanen aitaginarreba den Ganelon bidaltzen du. Errolanek bere heriotza desiratzen duelakoan, Ganelonek Errolan buru duen atzeguardia erasotzeko tratua egiten du Marsiliorekin, bera Carolus Handiaren ondoan geratzen den bitartean.

Mairuek Orreagan eraso zuten Errolanen atzeguardia, olerkian kontatzen den bezala. Errolanen lagunmina zen Olivier zaldunak mairuen etorreraz ohartarazten dio Errolani, baina honek errefusatu egiten du Carolus Handiari laguntza eskatzeko olifanteak jotzea. Errolanek eta bere gizonek ausardiaz egiten diete aurre beraiek hogei halako diren mairuei, baina azkenean eta 60 bat gizon bakarrik geratzen zaizkiola, olifanteak hainbesteko indarrez jotzen ud, non lehertu egiten baita. Olifantea adituta, Carolus Handiak ez du pentsatzen atzekoak arriskuan daudenik, baina azkenean haiengana jotzen du. Bitartean, Errolan eta Turpin artzapezpikua bakarrik geratzen dira bizirik guda tokian. Mairuak ihesean jartzea lortu badute ere, biak hilzorian geratzen dira. Hil baino lehen, Errolanek haitzurdin baten aurka joaz Durandal bere ezpata puskatzen saiatzen da, baina ez du lortzen. Azkenean hiltzen da.

Carolus Handia guda tokira iristen denerako, Errolan hila da. Mairuen atzetik abiatzen da eta azkenean, mairu armada handi baten aurka egiten du borroka eta mairuak suntsitu egiten ditu. Aix-la-Chapelle herrira itzultzen da Carolus Handia eta bertan Oliveiren arreba eta Errolanen andregaia den Aude ederrari berri tristea ematen dio. Aude hil egiten da berria entzundakoan.

Egiantz historikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ziurtzat jotzen da historialarien aldetik, Errolango armada Orreagako guduan erasotu zutenak ez zirela mairuak izan, baskoiak baizik, Carolus Handiak bere itzuleran Iruñea hiria suntsitzegatik mendekua hartzeko.

Erdi Aroan zehar, soldadu frantsesek Errolanen kantua guduen aurretik abestu dutela aipatu dute historialariek.

Beste lan batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Errolanen kantua Aldatu lotura Wikidatan