Erronkariera
Erronkariera edo Erronkariko uskara, duela gutxi arte Erronkariko ibarrean hitz egin izan zuten euskalkia da.
1998tik, Koldo Zuazo hizkuntzalariaren sailkapen berriaren arabera, hala erronkariera nola zaraitzuera ekialdeko nafarrera dira.
Eduki-taula |
[aldatu] Historia
Gaur egun erronkariera galdua dago, 1991n hil baitzen hizkera hau ama-hizkuntza zuen azken euskalduna, Fidela Bernat.
Horren aurretik, Izabako azken euskaldun zaharra, Antonia Anaut, 1976an zendu zen, eta Urzainkiko azken euskaldun omen zen Maria Ezker, pare bat urte lehenago.
Jose María Sánchez Carrión "Txepetx"ek 1970ean emandako datuen arabera, Erronkari herrian euskaraz mintzo zen azken laguna 1969an hil zela pentsa daiteke. Garde herrian, 1980 inguruan bazen oraindik Pedro de Yrizarren ikerketetarako zenbait aditz forma emateko gai izan zen bertakorik, euskaldun betea ez izan arren.
Haraneko hegoaldeko herrietan ilunagoa da euskararen desagertze data. Burgin, nolanahi ere, 1863rako euskara galtzen hasita zegoela adierazi zuen Bonapartek.
Azkenik, hizkuntzaren galeraren arrazoiak aztertuta, Erronkariko ibarrean ez da Euskal Herriko beste leku batzuetan jazo dena gertatu baino. Izan ere, munduko landa giroko beste eskualde batzuetan eta hizkuntza gutxituekin lotutakoa baino ez da funtsean. Horrela jaso zuen Pablo Fermin Irigarai "Larreko"k (1869-1949): "Erronkariar askoekin itz-egiteko aldia izan dutalarik, bati ez (Izabako bat) beste guztieri ezpada geieneri euskara galtzeakin ikasiago bere buruak agertzen dituztela iduri zaie".
[aldatu] Azpieuskalkiak
- Uztarrozeko hizkera.
- Bidankozeko hizkera.
- Urzainkiko hizkera.
[aldatu] Ezaugarriak
[aldatu] Fonetika
Erronkariko uskararen ezaugarri nabarmenak, fonetikaren aldetik, dira:
- Sinkoparen maiztasun handia, hau da, bi kontsonanteren arteko bokalaren galera. Adibide batzuk: zra, gra (<zira, gira), egitra (<egitera), kontra (<honetara), alketruk, bordaltruk (<bordalturik)...
- Goranzko diptongoen maiztasuna:egja, irja, gatja (<gatia <gatua). Are triptongoak ere: ikasgjwa (<ikasgua)
- Bokal sudurkariak: lûa (lihoa) arrazôia, sûa (suhia) eta sua...
- Azentu egonkorra: gízon eta gízona, gízonak, gízonek, gízonarekin...
Zubereratik aldentzen zen, ez zuelakoz hasperenik (<h>), ez ü bokalik, ezta txistukari ahostunik ere.
[aldatu] Morfologia
- Erakusleak k- batez hasten dira, zaraitzueraz bezala: kau(r), kori, kura; berdin leku adberbioak: kemen / keben, kor, kan. Haietatik eratorriak ere bai: kainberze, konengatik...
- Aditzen geroaldia beti -en atzizkiaz osatzen zen: eginen dur, emanen daizur... eta baita: ekusen tzu (ikusiren duzu) alketen zra (ahalketuren zara, cfr alketan zra = ahalketzen zara)
- Izan aditza:
-
- ni naz, nuk, nun, nuzu
- yi yaz
- kura dra, duk, dun, tzu
- gu gra, gutuk, gutun, gitzu
- zu zra
- xek zrei
- kurak dra, tuk, tun, ditzu
Erronkarierak, hiru mintzamolde zituen:
- Zuketza (Zuka), errespetua adierazteko. Adibidez: ni xin naz, (ber)ori xin da, kura xin da; nik egin dur, (ber)orrek egin du, karek egin du
- Yiketza (Hika), lagun artean. Adibidez: ni xin nuk, yi xin yaz, kura xin duk/dun; nik egin diar (berdin emakume bati), yik egin duk/dun, karek egin dik/din
- Duketza (Beste euskalki gehienetan ezezaguna den forma; erronkarieraz gain, zaraitzueraz, zubereraz eta behe nafarrerako hainbat hizkeretan, Garazikoan kasu, erabiltzen da), ezezagunei hitz egiteko tratamendua. Adibidez: ni xin nuzu, zu xin zra, kura xin tzu; nik egin diezr (berdin emakume bati), zuk egin tzu, karek egin ditzu
- Ekun (beste euskalkietako uk(h)an) aditza:
-
- nik dur (Bidankozen dud), diar (berdin gizonei eta emakumeei), diezr
- yik duk / dun
- karek du, dik / din, ditzu
- guk digu (Bidankozen diegu)
- zuk tzu
- xek tzei
- kek dei, deik / dein, dizei
[aldatu] Aditzaren Morfologia
Ahalerazko formak bitxiak dira:
droked (dezaket)
drokezu (dezakezu)
Adibidez: "Obro drokei indarrek biltruk ezik barratruk" batuaz: haboro (gehiago) dezakete indarrek bildurik barreiaturik baino
Bide batez: hemen erronkarieraren konparaziozko perpausetako egitura bitxia ere ikus daiteke
- Gero aldia beti -(r)en bitartez egiten da:
biar xinen duk yire laguna
gaiza kori nik eginen diar
-n bukaera duten aditzetan ohikoak dira Nafarroa osoan eta Ipar Euskal Herrian (eginen, izanen), baina ekialdeko euskaran aditz guzietara hedatu ziren:
fite ekusen (<ekusiren) digu agitan den
gero akiten tzu (<akituren)
- Maiztasunezko aspektua (bertze euskalkietan -t(z)en egiten dena) erronkarieraz -tan bidez egiten da:
egitan duk erraitan dauzur ekustan digu
- Beraz -tu bukaturiko aditzetan bereizten dira akitan (akitzen) eta akiten (<akituren = akituko). Ahozko hizkeran entonazioa ere nabarmen diferentea zen.
[aldatu] Hitz batzuk
| Erronkariera | Zaraitzuera | Euskara batua |
|---|---|---|
| Alkea | Alkea | Lotsa |
| Biarria | Begarria | Belarria |
| Bilua / Ilia (gizakiona biloa da, eta ardiena ilea) | Biloa / Ilea | Ilea |
| Borz | Borz | Bost/Bortz |
| Burduña / Burruña | Burriña | Burdina |
| Erran | Erran | Esan/Erran |
| Gra | Gra | Gara |
| Kaur | Kau | Hau |
| Irur | Irur | Hiru |
| Lantxerra | Lañoa | Lainoa |
| Onki xin | Ongi xin | Ongi etorri |
| Orena | Orona | Ordua |
| Orzilaria | Orzilaria | Ostirala |
| Neskeneguna | Neskeneguna | Larunbata |
[aldatu] Erronkarieraz
Solo! Aitareki ez kainbeste, amareki eta tia bat bigunien, amaren aizpa, erraitan zeia guzia uskaraz, eta nik pues kolaxet ikasi nien. Eta orai dun, ene amak, bizi nun ni ogeitalaur urte obro ezik ama, bizi niela, eta eztiar elerrainan eurkereki, korren… erraitan diela abuelareki…
[aldatu] Euskara batuan
Soilik! Aitarekin ez hainbeste, amarekin eta izeba bat baikenuen, amaren ahizpa, erraten zidaten guztia euskaraz, eta nik ba horrelaxe ikasi nuen. Eta orain dun, ene amak, bizi naun ni ama baino hogeitalau urte gehiago, bizi niela, eta eztut hitz eginen inorekin, horren… erraten dudala amonarekin…
[aldatu] Esaerak
- Adexkiderik bage bizitea da orobat nola testigorik bage iltea.
- Agorrileko ura da zafran ezti eta ardau.
- Aita lazoen umek egi txiki eta anitx bizio.
- Ari erapilatua ezta sekula oso
[aldatu] Azken hiztunak
- Ubaldo Uhalde, (-1967) Esandi etxekoa, Izabako gizonezko azken erronkariera euskalkiaren hiztun eta idazlea.
- Antonia Anaut (-1976) Izaba udalerriko azken erronkariera euskalkiaren hiztuna.
- Fidela Bernat (-1992) Uztarrozko azken erronkariera euskalkiaren hiztuna.
[aldatu] Bibliografia
- "Erronkari'ko uskara", Jose Estornes Lasa (Auñamendi, 1968).