Errumania

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Errumania
România
Errumaniako bandera
Bandera

Errumaniako armarria
Armarria

Nazio ereserkia:
Deşteaptă-te, române! (Esnatu, errumaniar!)
Errumania: kokalekua
Hiriburua
(eta hiri handiena)
Bukarest
44°25′N 26°6′E / 44.417°N 26.100°E / 44.417; 26.100
Hizkuntza ofiziala(k) Errumaniera1
Gobernua
Presidentea
Lehen Ministroa
Errepublika parlamentarioa
Traian Băsescu
Emil Boc
Independentzia
-Aldarrikatua
-Onartua
Independentzia gerra
1877 maiatzaren 10
1878 uztailaren 13
Eremua
• Guztira
• Ura

238.391 km² (82.)
% 3
Biztanleria
• Zenbatespena (2009)
• Errolda (2002)
• Dentsitatea

Herritarra

22.215.42 (51.)
21.698.181
90 biztanle/km² (104.)

errumaniar[1]
Dirua Leu (RON)
Ordu eremua
 • Udan (DST)
EET (UTC +2)
EEST (UTC +3)
Interneteko domeinua .ro
Telefono aurrezenbakia +40
2 Hungariera, alemana, turkiera, Krimeako tatarera, greziera, romani, kroaziera, mazedoniera, ukrainera eta serbiera hainbat tokitan udal mailan ofizialak dira.

Errumania[1] (errumanieraz: România, romɨˈni.a ahoskatua) Europar Batasuneko estatua da, Europa ekialdean kokatua. Mugakide ondoko estatuak ditu: Hungaria eta Serbia mendebaldean, Ukraina eta Moldavia ipar-mendebaldean eta Bulgaria hegoaldean.

Hiriburua Bukarest da, gainontzeko hiri nagusiak Arad, Braila, Brasov, Cluj-Napoca, Craiova, Galati, Konstantza, Oradea, Ploiesti, Sibiu eta Timisoara direlarik.

Hizkuntza nagusiak: errumaniera (hizkuntza ofiziala), hungariera (Transilvania, Maros) eta alemana dira. Erabiltzen duten dirua leua da.

Gaur eguneko eremua, izenak eta hizkuntzak adierazten dutenez, Erromatar Inperioaren parte izan zen, eta orduz geroztik historia luzea izan du. Errumaniar lurraldea behin baino gehiagotan beretu dute hungariarrek, turkiarrek eta errusiarrek, eta Lehen Mundu Gerraz gero da gaur eguneko estatu bateratua. Herrialde komunista izan zen berrogei urtez baino gehiagoz, eta erregimen mota hau utzi zuen azken herrialde Europarra izan zen.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errumaniako mapa fisikoa

Estatuaren eremua 238.391 km² da, Europa hego-ekialdeko estatu handiena eta Europa osoko hamabigarrena. Ipar-hego-mendebalde norabideko arku bat eratuz zabaltzen diren Karpato mendiek osatzen dute Errumaniako ardatza. Haien mendebalean, ekialdean eta hegoaldean zabaltzen dira Errumaniako Herbehereak, Danubio ibaiaren eta Itsaso Beltzaren ertzetan. Bucovinako eta Maramurako mendiak daude iparraldean. Handik hegoaldera, Ekialdeko edo Moldaviako Karpatoak (Pietrosul, 2.305 m) hedatzen dira.

Errumaniako erdialdean, Serbia aldera bihurtzen dira mendiak, Danubio ibaiaren lerro berean: Hegoaldeko Karpato mendiak edo Transilvaniako Alpeak dira, bertan daudelarik Errumaniako mendi gorenak (Moldoveanul, 2.544 m). Karpatoen mendebalean zabaltzen da Transilvaniako goi-ordokia, Bihorko mendien ondoan. Hauek dira Errumaniako ordoki zabalenak: Banat, eta Errumaniaren barnean dagoen Hungariako Ordoki Handiaren zatia, mendebaldean; Valakiako ordoki handia, Errumaniako hegoaldean (Oltenia, Multenia eta Baragan) eta Siret eta Prut ibaien artean luzatzen den Moldaviako ordokia, Errumaniako ekialdean. Danubio ibaiaren eta Itsaso Beltzaren artean zabaltzen dira Dobrudjako Herbeherea eta Danubioko deltaren inguruko lurraldeak. Danubio da Errumaniako ibai nagusia; Serbia eta Bulgariarekiko muga osatzen du kilometro askotan, hegoaldetik, eta delta handi ederra itsaso Beltzaren bokalean, Europako bigarrena dena tamainaz. Gainerako ibaia nagusiak Danubioren adarrak dira eta ipar-hegoalde zeharkatzen dute Errumania osoa.

Errumaniak klima kontinentala du.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Errumaniako historia»

Antzin Aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Daziako mapa.

Homo Sapiens espezieko kide baten arrastorik zaharrena, 42.000 urtekoa, Europan Errumaniako leizezulo batean aurkitu zuten. Europan sartzen lehenak izan zitezkeen.

Egungo Errumaniari buruzko idatzitako arrastorik zaharrena Herodotok idatzia da, K. a. 513an. Haren liburu batean, Dario pertsiar enperadoreak geta izeneko tribua garaitu zuen. Nolanahi ere, daziarrak ziren Antzinatean eremu horretan bizi ziren herri garrantzitsuena. Daziar erresuma erpinera K. a. 82 inguruan iritsi zen, Burebista erregearen agintaldian. Erromatarren jomugan jarri zen erresuma hori K. o. 87an, Mesia probintzia erromatarra erasotutakoan. Azkenean, 101-106 bitartean, bi kanpainiatan, Traianok garaitu zituen daziarrak, haren lurraldea Daziako probintzia bihurtuta.

Urrea eta zilarra ugari izanik, erromatarrek sakonki kolonizatu zuten Dazia. Haiekin batera latin arrunta eraman zuten, erromanizazio prozesu sakonari hasiera emanez (honela proto-errumaniera sortu zen). Alabaina, III. mendetik aurrera, hainbat herriren inbasioarekin, godoena esaterako, Erromatar Inperioak Dazia abandonatu behar izan zuen 271 inguruan, utzi zuen lehendabiziko probintzia hain zuzen ere.

Erdi Aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erromak alde egindakoan, godoek hartu zuten Dazia. Hor, jatorrizkoekin bizi izan ziren IV. mendera arte, hunoak iritsi arte hain zuzen ere. Ondoren, gepidarrak, avararrak eta eslaviarrak etorri ziren. X-XIII. mendeetan sortu ziren egungo Errumaniako lehen printzerriak. Erlijioa kristau ortodoxoa zen eta hizkuntza latinoa. XIII. mendean, Transilvaniaz jabetu ziren hungariarrak eta bertako jende askok jo zuen Valakia eta Moldavia aldera. XIV. mendean moldatu ziren egungo Errumaniako hiru lurralde nagusiak: Transilvania, Valakia eta Moldavia. Bulgariarrek inbadituta, haien menpean XI. mendera arte egon zen. Beste herri batzuk igaro ziren, baina errumaniar lehendabiziko printzerrian XIV. mendean sortu ziren: Valakia 1310 inguruan eta Moldavia 1352 inguruan.

Izan ere, Erdi Aroan, errumaniarrak hiru printzerritan bizi ziren: Valakia (errumanieraz Ţara Românească -errumaniar lurraldea-), Moldavia (errumanieraz Moldova) eta Transilvania. Transilvania Hungariako erresumako zati bat X.-XI. mendetik XVI.era arte. Independiente 1711ra arte iraun zuen.

Valakia independienteak XIV. mendetik aurrera Otomandar Inperioaren mugarekin bat egin zuen. Emeki emeki, XV. mendean, otomandarrek bereganatu zuten. Garaiko agintari famatua Vlad III.a izan zen, Drakularen kondaira sortuko zuena, Valakiako printzea 1448an, 1456-1462 eta 1476an.

Moldaviako printzerriak haren garairik loriatsuena Eztebe III.aren agintaldian (1457-1504) ezagutu zuen. Buru militar arrakastatsua, garaipen bakoitzaren ostean eliza edo monasterio bat eraikitzen zuen. Otomandarrak geldiarazi ahal izan bazituen ere, bere heriotzaren ondoren, XVI. mendean zehar Inperioak Moldavia ere bereganatu zuen.

Mikel Ausarta (errumanieraz Mihai Viteazul) Valakiako (1593-1601), Transilvaniako (1599-1600) eta Moldaviako (1600) printzea izan zen. Laburki bazen ere, haren agintaldian errumaniar gehienek bizi zituzten hiru printzerriak batu egin ziren historian lehen aldiz.

Independentzia eta monarkia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errumania osatuko zuten hiru printzerrien hedapena, 1600 urtean.

XVII. mendean, Austriako inperioak beretzat hartu zuen Transilvaniako lurraldea. XVIII. mendean Moldavia eta Valakia turkiarren esku geratu ziren berriro. XVIII. mendearen bukaeran indartu zen Errumaniako nazionalismoa: eliza ortodoxoak sustatzen zuen eslavieratik urrundu eta errumanieraren alde hasi ziren lanean. Transilvanian Austro-Hungariar aginteak eta Valakian eta Moldavian otomandar subiranotasunak iraun zuten bitartean, errumaniar gehienak bigarren mailako herritarrak ziren, populazioaren gehiengoa izanda ere.

Turkiarrek eta Errusiarrek gogor zanpatu, burgesiak bultzaturiko 1848ko iraultzek eragina izan zuten Errumanian ere. Europako botereek ez zuten errumaniarren estatu batua babestu.

1856. urtean, Errusiak Krimeako gerra galdu ondoren, Europako estatu nagusiek Errumaniako estatua onartu zuten. Valakia eta Moldavia batu eta Alexandru Ioan Cuza aukeratu zuten printze 1859) eta otomanoek izena baizik ez zuten gorde inperio hartatik. Alexandro Cuza izan zen Errumania modernoko lehen buruzagia.

Cuza kanporatuta geratu zen 1866an, estatu-kolpe bat zela eta. Karl Hohenzollern-Sigmaringen Carol printze bihurtu zen bere ordez, Karol I.a izenarekin. Errumania Europako erdialdeko estatuei begira jarri zuen eta guztiz neurri gogorrak bideratu zituen langile eta nekazarien aurka. Errusiar-Turkiar gerran, Errumania errusiarren alde borrokatu zen, eta, 1878an, Berlingo Itunarekin, Errumania estatu independentetzat jo zuten Europako botere nagusiek. Trukean, Errumaniak Besarabiako hegoaldeko eskualdeak Errusiari eman behar izan zizkion, Dobruja bereganatu arren. 1881ean, printzerria erresuma bihurtu zen. Balkanetako Bigarren Gerran, Errumaniak Grezia, Serbia, Montenegro eta Turkiarekin bat egin zuen, Bulgariaren aurka. Bukaresteko Itunarekin (1913), Hegoaldeko Dobrudja jaso zuen Errumaniak.

Mundu Gerrak eta Errumania Handia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errumaniaren lurralde eremuaren aldaketak, 1859tik gaur egun arte.
Romania1941.png

Lehen Mundu Gerra piztean, 1914an, neutraltzat jo zuen bere burua Errumaniak. Bi urte geroago, aliatuekin egin zuen bat Frantziak fronte berri bat ireki nahi baitzuen. Fernando, Karol I.aren ondorengoaren aginduz, Austria-Hungariari gerra deklaratu zion Errumaniak batasun nazionala bermatuko zen aginduarekin. Hala ere, Erdialdeko Botereek Errumaniako bi heren konkistatu zituzten lau hilabetetan.

Gerra amaitutakoan, Besarabia, Bukovina eta Transilvania Errumaniako Erresumaren zati izatera igaro ziren. Trianongo Itunaren bidez (1920), Hungariak Transilvaniarenganako aldarrikapen orori muzin egin zion. Errumania Handia (România Mare errumanieraz) gerren arteko garaiko estatuari esaten zaio, orduan lortu baitzuen Errumaniak historiako hedapen handiena.

Bigarren Mundu Gerran, Errumania neutral izaten saiatu zen. Moskuren eta Berlinen presiopean, errumaniar administrazioak eta armadak Besarabia eta Ipar Bukovina utzi behar izan zituzten gerra saihesteko. Beste eskualde batzuk galdu ostean, Karol II.ak abdikatu zuen 1940an. Boterea Ion Antonescuren legionario, faxistek hartu zuten. Ardatzaren alde eginda, Alemaniarentzat petrolio hornitzaile nagusiena izan zen Errumania. 1940an Sobiet Batasuna Besarabiaz jabetu zen, eta Hungaria Transilvaniaz.

Hala ere, 1944ko abuztuan, Antonescu atxilotu zuten, eta Aliatuen alde jo zuen, nahiz eta Hirugarren Reicha garaitzeko ahalegina ez zuten aintzakotzat hartu Parisko Bake Konferentzian 1947an, dena den, Transilvania berreskuratu zuen. Errumanian, Armada Gorria de factoko boterea izanik, komunistek agintea eskuratu zuten.

Komunismoaren garaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1947an komunistek Miguel erregea abdikatzera behartu eta herrialdetik bota ondoren, Errumania Errepublika Sozialista bihurtu zen, 1948an. 1955ean Varsoviako Itunaren barruan sartu zen. Sobiet Batasunak kontrol militar eta ekonomiko zuzena izan zuen 1950eko hamarkadaren amaiera arte. Sobietar tropek alde egindakoan, Nicolae Ceauşescu (aurretik Alderdi Komunistako Idazkari Nagusia izandakoa) buru berria zuen herrialdeak poltika berri eta independenteei ekin zien. Honela, 1968ko Txekoslovakiako inbasioa gaitzetsi zuen, Israelekiko hartu-eman diplomatikoek jarraitu zuten Sei Eguneko Gerraren ondoren, edo Mendebaldeko Alemaniarekin hitzarmen diplomatikoak eta ekonomikoak abian jarri ziren.

Oparotasun apala eta zabaltasuna etorri ziren, laburki, 1960ko hamarkadaren amaieraldean eta 1970eko hamarkadaren hasieran. Horren ondoren, zorra handitu egin zen, eta kitatu ahal izateko, ekonomia eta hiritarrak txirotu zituen politika jarri zuen abian Ceauşescuk. Polizia estatua areagotuta eta bere buruaren gurtza bultzatuta, Ceauşescuren ospeak behera egin zuen, eta, 1989an, boteretik kendu eta fusilatu zuten.

Egungo demokrazia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1989. urtearen bukaeran izan ziren gobernuaren aurkako matxinada gogorren ondoren, zeinetan hiritar asko hil zen, Ceaucescu eta emaztea 1989ko abenduaren 25ean fusilatu zituztela, Nazio Osasunerako Fronte batek hartu zuen agintea, erregimen politiko askotarikoa eta demokratikoa bideratzeko helburuaz. Frontea behin-behineko egitura moduan aurkeztu zen arren, hurrengo hauteskundeetan parte hartu zuen, istilu handiak sortu ziren,, eta Frontearen lehendakaria, Ion Iliescu, irten zen presidente, botoen % 85ekin; haren alderdia, erreformatzaileek eta Mendebaldean hezitako teknokratek osatua, izan zen alderdi garailea.

Agintari horiek neokomunistatzat hartzen zituen oposizioak, alegia, 1947an debekaturiko alderdi historikoak (Nekazari Alderdi Nazional Kristaua eta Demokrata, PNTCD; Nazio Alderdi Liberala, PNL, eta Errumaniako Alderdi Sozial-demokrata, PSDR). Protesta handiak izan ziren kalean, Bukaresteko unibertsitatean batez ere. Baina Jiuko meatzariak etorri ziren gobernuari laguntzera, eta gogorkeriaz ezabatu zituzten protestak; hori zela-eta, guztiz gaiztotu ziren agintearen eta oposizioaren arteko harremanak.

1991n, erreferendum bidez, konstituzio berria onartu zen, Errumania errepublika, estatu nazional eta bateratu gisa definitzen zuena, oposizioaren kontrakotasunaz, ordea. Urte berean, Petre Roman lehen ministroak dimisioa aurkeztu behar izan zuen Jiuko meatzarien presiopean; haren ingurura bilduta, 1993an, Alderdi Demokrata (PD) sortu zuten erreformatzaileek. 1992an, Ion Iliescu hautatu zuten berriz errepublikako presidente, botoen %61ekin. Haren alderdiak, FDSN, Osasun Nazionaleko Fronte Demokratikoak (%28), aurrea hartu zien alderdi historikoen koalizioari eta Petre Romanen PDari. Teknikari-gobernu bat osatu zen, Nicolae Vacaroiu-ren buzuzagitzapean, zeina, Nazioarteko Diru Funtsak eta Munduko Bankuak lagunduta, erreforma batzuk egiten hasi baitzen, 1995ean ekonomiaren egonkortzea ekarri zutenak.

1993an, Europar Batasunarekin elkarterako akordio bat izenpetu zuen Errumaniak; urte bereko irailean, Europako Batzordean onartu zuten, eta 1994ko urtarrilean, Errumania izan zen NATOrekin bakerako kidetasuna izenpetu zuen lehen herrialdea; azkenik, 1995ean, Europar Batasunean sartzeko eskaria egin zuen. 1996ko hauteskundeetan, aldatu egin ziren gauzak, oposizioa irten baitzen garaile, hiru alderdi historikoen koalizioa alegia, eta Emil Constantinescu (bozken %54 eskuratuta) izan zen lehendakari berria. CDR, PD eta UDMR alderdiek gobernu koalizio bat osatu zuten. Victor Ciorbea, sindikatuetako lider ohia, Bukaresteko alkate 1996ko ekainaz gero, izendatu zuten lehen ministro, eta hark argi agertu zuen erreforma politikoak eta ekonomikoak bideratzeko, bizitza publikoa txukuntzeko eta ustelkeriari kontra egiteko asmoa. Koalizioa, ordea, ahula zen, eta arazoak aldizka sortzen ziren, bereziki hungariar gutxiengoaren ingurukoak. Victor Ciorbeak, azkenean, dimisioa aurkeztu behar izan zuen 1998ko martxoan, eta Radu Vasilek hartu zuen haren lekua, PNTCD Nekazari Alderdiaren buruak. 2000an, Ion Iliescu izendatu zuten presidente; 2004an, berriz, Traian Basescu eskuindarrak hartu zuen agintea.

2004an, Errumania NATOn sartu zen, eta Irak inbaditu zuen ingeles-estatubatuar koalizioan parte hartu zuen. 2007an, Errumania Europar Batasunean sartu zen.

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1945era arte, Errumaniako ekonomia oso ahula zen eta nekazaritzan ziharduten langile gehienek. 1949tik aurrera, 50 ha-tik gorako lur eremu guztiak kolektibizatu ziren herri demokraziaren arabera eta, mekanizazioari eta ongarriei erabiltzeari esker, asko hazi zen ekoizpena. Garia eta artoa lantzen dira ordokietan (Valakia, Moldavia, Transilvania eta Dobrudja), fruta eta barazkiak Podgorian eta Transilvaniako haranetan. Garrantzi handikoak dira industriarako laboreak (eguzkilorea, azukre-erremolatxa, patata, tabakoa). Ardi eta behi azienda. Oihanek Errumaniako lurraren %27 hartzen dute (Karpatoetako mendietan). Arrantzari dagokionez, Errumania Europako estatuetan bigarren kabiar ekoizlea da, Errusiaren ondoren. Errumaniako lurpea aberatsa da: petrolioa (Ploiesti, Moldavia), gas naturala (Transilvania), ikatza (Banat, Petrosani), lignitoa,burdina,beruna,kobrea, zinka, bauxita eta manganesoa baitaude bertan. 1949tik aurrera, izugarri hazi zen Errumaniako industria, bost urteko planei esker: burdingintza (Hunedoara, Resita, Galati); traktoreak (Brasov); burdinbiderako gaiak (Craiova); kimika industria (Valea Coelugareasca, Craiova, Tirgu Mures); ehungintza (Moldavia, Iasi, Timisoara); eta janari industria. Turismoak garrantzi handia du Itsaso Beltzeko eremuetan (Mamaia, Mangalia).

1980 eta 1990eko hamarkadak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errumaniar ekonomiak, munduko krisiaren baitan, behera egin zuen 1980ko hamarkadan. Ia itota zegoen Ceaucescuren gobernua erori zenean, Antzinako Erregimenaren autarkiaren ondorioz, zentralizazio handiegia zuen, atzeratua zegoen teknologian, eta handiegia zen industria astuna. 1990eko udazkenean hasi ziren abian erreformak, mailaka-mailaka, besteak beste, kanpoko zorra murrizteko helburuarekin. Ekonomia bideratzeko lehen neurriak diruaren baliogabetzea, pribatizazioak, prezioen liberalizazioa eta kontsumo gaien diru-laguntzak gutxiagotzea izan ziren. Arrisku handia zegoen langabezia asko handitu zedin, baina lortu zen arrisku hori saihestea. Mailakako erreformak egiten jarraitu zen 1992-1996 urteetan. Beherakada oso handia izan zen 1992an, Ekialdeko Europako gainerako herrialdeetan baino askoz handiagoa (1989rekin alderatuz, %25), baina gero egonkortu egin zen errumaniar nazio produktu gordina, eta ekonomia hazten hasi zen (%1,3 1993an, %3,9 1994an, %6,9 1995ean). Hazkunde hori, ordea, gehiago oinarritzen zen nekazaritzan industrian baino. Izan ere, industria nagusi izan den arren 1989tik aurrera, nazio produktu gordinaren osaeran duen garrantzia murriztu egin da nekazaritzaren mesedetan. 1996an, nekazaritzak NPGaren %19,8 hartzen zuen, industriak %37,3, eraikuntzak %6,9, eta zerbitzuek %36.

Pribatizazioak, gehienetan, biztanleen artean kupoiak eta jabetza zertifikatuak banatuz egin ziren, eta motel egin zen prozesua da. 1993 eta 1995 artean egin ziren pribatizazioen bi heren soldatapekoek berriz erositako enpresa txikiei zegozkien. Baina bide hori ez zen egokiena, ez baizuen enpresak kapitalizatzeko behar bezainbeste ematen. Horren ondorioz, enpresa txikiak eta ertainak ahulak dira, eta handiak,berriz, gehienbat, estatuaren jabetza. Sektore pribatuaren partea gero eta handiagoa da industrian (%77 zen 1977an). Garrantzitsuagoa da zerbitzuetan, eta, batez ere, nekazaritzan (nekazaritza ekoizpenaren % 90 baino gehiago), lur asko itzuli baitzaio antzinako jabeei (1991ko legearen arabera). Nazio ekonomia ez baita behar bezala berregituratu, eta hazkundea ez dirudi finkoa denik. 1996an, aurrekontuaren defizita (NPGren % 5,8), aurreko urteari buruz, bikoiztu egin zen. 1996ko hauteskundeetatik sorturiko gobernuak neurri ekonomiko berriak hartu zituen (horien artean, prezioen liberalizazio osoa), baina ekonomiak atzera egin zuen berriz ere 1997tik aurrera, industriako lana asko murriztu baitzen (% -6,6); bestalde, inflazioa hirukoiztu egin zen urte batean, eta biztanleen eros-ahalmena % 20 jaitsi zen. Joera horiek berean jarraitu zuten 1998an, eta defizita asko hazi zen. Langabezia (1998ko abuztuan, biztanle aktiboen % 8,7), hala ere, ez da handia. Alabaina, erreformei buruzko datuak zirela eta, Nazioarteko Diru Funtsak eten egin zituen 1998aren hasieran Errumaniarentzat bideratutako kredituak.

Industrializazioaren ondorioz, errumaniarren urbanizazio tasak gora egin zuen komunismoaren garaian (%55 hirietan bizi zen). Baina 1989tik aurrera izandako aldaketek industrian ziharduen biztanleen parte bat landaldera bultzatu zuen. Aldi berean, eskualdeen arteko aldeak areagotu egin dira komunismoaz geroztik. Moldavian, langabe dira biztanle aktiboen %15 (batez besteko nazionala halako bi). Bukarest eta Transilvania dira eskualde dinamikoenak. 1998an lurraldekotasunari buruzko lege bat onartu zen, nolabait ere alde horiek ekar ditzaketen arazoei aurre egiteko asmoz.

Kanpo merkataritza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

COMECON desagertu zenean, Mendebaldera egin zuen errumaniar kanpo merkataritzak. Hala, 1995. urtean, Europar Batasuneko herrialdeekiko trukeak, 1988an heren bat zirenak, bolumen osoaren erdia baino gehiago ziren. 1995eko otsailaren 1ean, Europar Batasunarekiko akordio bat jarri zen indarrean, eta hura bihurtu da Errumaniaren merkataritza kide nagusia. Errusiak betetzen du hirugarren lekua, gas naturalaren eta petrolioaren inportazio masiboak direla eta. 1997an, Errumaniak Truke Libreko Europa Erdialdeko Akordioa izenpetu zuen (CEFTA ingelesez), Hungaria, Txekiar Errepublika, Eslovakia eta Poloniarekin. Harreman horiek, 1996an, Errumaniako kanpo merkataritzaren % 4,3 baino ez ziren.

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1989. urtea arte Errumaniako biztanleria urteko % 1 hazten zen, eta geroztik alderantziz gertatzen da. 1990 eta 1997 artean, 660.000 lagunetan gutxiagotu zen. Emankortasuna erdira jaitsi zen 1990eko hamarkadan: 1989 aurretik, emakumeko 2,6 haur zen, eta 1995-2000 urte bitartean 1,4 izan da. Abortua da gaur egun, erregimen komunistak debekatu zuen, jaiotzak erregulatzeko bide nagusia (1990eko hamarkadan, abortu bat hiru jaioberri biziko). Hilkortasunak gora egin du (haurrenak batez ere) 1989tik aurrera.

Era berean, emigrazioa ere hazi egin zen komunismoa desagertzean, baina geroztik egonkortu egin da. Emigrazioa dela eta, berriz, gutxiengoen pisua indartzen hasi da berriz. 1992ko erroldaren arabera, sortzez errumaniarrak biztanleriaren % 89,5 ziren; hungariarrak, % 7,1, eta ijitoak, % 1,8; 1918an, Errumania Handia osatu zenean, gutxiengoak biztanleria osoaren heren bat ziren; 1992an, % 10 besterik ez. Emigrazioa da beherakada da horren sorburuetako bat, bereziki juduen eta alemanen kasuan. 1956 eta 1992 bitartean, juduak % 94 murriztu ziren, eta alemanak % 69. Gutxiengoak Transilvanian bizi dira gehienbat; han, biztanleriaren laurden bat dira, hungariarrak batez ere. Erlijioz, biztanle gehienak errumaniar ortodoxoak dira (% 70); katolikoak %6 dira, protestanteak %6, eta %18 definitu gabeak.

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Errumaniaren banaketa administratiboa»
Garapen-eskualdeen mapa

Zortzi garapen-eskualdetan dago banatuta:

Errumaniar ezagunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Errumania Aldatu lotura Wikidatan