Errusiako historia
Errusiako historia ekialdeko eslaviarrekin hasten da. Ekialdeko eslaviarren lehendabiziko estatuak, Kieveko Rusa izenekoak, kristautasuna Bizantziar Inperiotik 988an bereganatu zuen. Honela, hurrengo milurtekoan Errusiako kultura osatuko zuten bizantziar eta eslaviar kulturen arteko nahasketa hasi zen. Kieveko estatu hori mongoldar inbasioen aurrean desegin zen 1230eko hamarkadan. Horren ostean, botere txikiagoak, batez ere Novgorod eta Pskov, borrokatu ziren Kieveko oinordeko kultural eta politiko bilakatzeko.
XII. mendearen ondoren, Moskuk gero eta botere gehiago erdietsi zuen ezarian. XVIII. menderako, Moskuko Dukerri Handia Errusiar Inperio handia bilakaturik zegoen, zein Poloniatik Ozeano Barera zihoan. Mendebalderantz hedatu ahala, zabaltzearen lehenengo garaietako isolamendua ezeztatu zen eta errusiarrak ohartu ziren gainerako Europatik desberdinak zirela nolabait. Berdintsuago bilakatzearren, XIX. mendean errepresio latza eta bihotz samurreko erreformak tartekatu ziren. Joputza 1861ean abolitu zen, eta beste aldaketa politiko eta ekonomiko batzuk ere gertatu ziren, baina tzarrek ez zieten uko egin gobernu autokratikoari eta boterea partekatzeari.
Lehenengo Mundu Gerraren barruan, 1917an Errusiako Iraultza piztu zen ekonomiak eta gerrak ekarritako krisialdia eta tzarren gobernu autokratikoaren aurkako nahigabea zirela eta. Hastapenean, liberalek eta sozialista moderatuek hartu zuten agintea, baina, gerrari amaiera eman ezinik, urriaren 25ean, komunistek bereganatu zuten (Urriko Iraultza). Horrez geroztik 1991ra arte, Errusiako historia Sobiet Batasunekoa da. Alderdi bakarreko estatu horrek lazeria andana jasan behar izan zituen, batik bat Bigarren Mundu Gerran alemaniarren inbaditu zutenean. Azkenean, 1980ko hamarkadan erreforma ugari gorabehera, errusiar komunismoak huts egin zuen eta Sobiet Batasuna desegin zen.
Honela, besteak beste, Errusiar Federazioa sortu zen, nahiz eta nazioarte mailan Sobiet Batasunaren oinordekotzat jotzen zaion. Hala ere, superbotere gisako estatusa galdu du Errusiak, sobiet osteko sistema ekonomikoa eratzerakoan arrakasta handia lortu ez duelako, ahaleginak ahalegin. Edonola ere, herrialde erraldoia eta baliabide askokoa izanik botere handia gordetzen du bere baitan oraindik. Horiek horrela, munduko zazpi herrialderik aberatsenek (G-7) haiekin batera biltzeko gonbitea luzatu zioten Errusiari, G-8 osatuz.
Eduki-taula |
[aldatu] Aurreneko historia
[aldatu] Eslaviarren aurrekoak
Historiaurreko garaietan, hegoaldeko Errusiako estepa zabaletan tribu ibiltari eta abeltzainak bizi ziren. Antzinate klasikoan, Itsaso Beltzaren inguruko estepak Eszintia izena jaso zuen[1]. XX. mendean zehar, bertan zibilizazio batzuk garatu zirela aurkitu da. Greziar merkatariek Tanais eta Phanagoria hiriak sortu zituzten sal-erosketetarako. K. o. III. eta VI. mendeen artean greziar koloniak gainditu zituen estatu helenistikoa amaitu zen herri inbaditzaile nomaden olatuen azpian. Haietako batzuk hunoak edo avararrak izan ziren. Khazararrak Volga arroko estepa Itsaso Beltza eta Kaspiar Itsasoaren artean gobernatu zuten[2]. Lege, tolerantzia eta kosmopolitismoagatik nabarmenduta[3], Baltiko eta Baghdadeko inperio abbasiren arteko lotura komertzial nagusia izan ziren khazarrak[4] . VIII. mendean judutar bilakatu ziren[5][2].
[aldatu] Aurreneko ekialdeko eslaviarrak
Errusiarren arbasoak tribu eslaviarrak ziren. Aurreneko ekialdeko eslaviarrak bi olatutan abiatu ziren mendebaldeko Errusian, bata Kievetik egungo Suzdal eta Murom aldera, eta, bestea, Polotsk-tik Novgorod eta Rostov aldera[6] VII. mendetik aurrera, ekialdeko eslaviarrak Errusiako mendebaldeko populazio nagusia bilakatu ziren[6]. Ezarian jatorrizko finlandiar tribuak, merya[7] edo muroma [8] izenekoak besteak beste, bereganatu zituzten.
[aldatu] Kieveko Rus'
Eskandinaviako herriek, vikingoak deituta mendebaldeko Europan eta varangiarrak ekialdekoan, Iparraldeko Europan zehar egindako bidaietan arpilaketa eta sal-erosketak tartekatzen zituzten. IX. mendearen erdialde inguruan, Baltikoko ekialdeko ibaietan behera Itsaso Beltzerantz eta Kaspiorantz egitera ausartzen hasi ziren[9] Errusiaren lehendabiziko kronikaren arabera, Rurik izeneko varangiar bat Novgorodeko buruzagi izendatu zuten 860 inguruan. Bere ondorengoek hegoaldera egin zuten eta lehenago khazarren esku zegoen Kieveraino hedatu zuten haien agintea[10] .
Honela sortu zen lehendabiziko ekialdeko eslaviarren estatu, Kieveko Rus, IX. mendean, Dnieper ibaiko arroan. Ibaietako ibilbide komertziala segurtatzeko helburua komuna zeukaten estatu multzo horrek, besteak beste, larru eta esklabuen sal-erosketa kontrolatzen zuen Eskandinavia eta Bizantziar Inperioaren arten Volkhov eta Dnieper ibaietan zehar.
X. mendearen amaierarako, eskandinaviarrak eslviarrekin nahastu ziren guztiz, batik bat aristokraziaren artean. Kieveko Vladimir I.ak, 988an, Kieveko biztanleak batailatu zituzten. Honela, Eliza ortodoxoaren adar eslaviarra sortu zen, zeinek bizantziar eta eslaviar kultura batuko zituen eta Errusia hurrengo milurtekoan markatuko zuen. XI. mendean, kiptxakarrak (edo kumanoak) petxenegoak ordeztu zituzten hegoaldeko estepetan. Haien erasopean, eslaviar andanak iparraldera egin zuten, horko basoetan bakea aurkitu nahian. Kieveko estatua desegin zen agintarien familiaren barneko tirabirak zirela kausa. Gainbehera horrek Vladimir-Suzdal, Novgorod eta Halitx-Voliniaren gorakada ekarri zuen. Nolanahi ere, mongoldarren Urrezko Hordak azken kolpea eman zuen, eta Kiev bera suntsitu zuten 1240an. Mongoldarren mepeko Vladimir-Suzdalen eta Novgorod independientean egungo errusiarren nazioa jaioko zen.
[aldatu] Mongoldar inbasioa
Mongoldar inbasioek Rus-eko gainbehera bizkortu zuten. Hegoaldeko printze eslaviar batugabeek mongoldarren arpilaketa bati aurre egin behar izan zioten Kalka ibaian, non egundoko porrota pairatu behar izan zuten 1223an[11]. Vladimir hiria eta iparraldeko Errusiako beste hiri batzuk ere erre zituzten 1237-1238an,[12] geroago Poloniara eta Hungariara joateko. Ordurako Errusiako printzerri gehienak konkistatuta zeuzkaten mongoldarrek. Novgorodek besterik ez zuen suntsipenatik ihes egin. Honek Alexandro Nevski buru zuela, suediarrak, tartarrak eta Orden Teutondarra garaitu zituen. Geroago, Hansara hurbilduta, loratzen jarraitu zuen[13].
Kieven gaineko eragina gogorra izan zen oso. Hiriko kultura garatua ia guztiz suntsiturik geratu zen. Kiev eta Vladimir gisako hiri zaharrak ez ziren bere onera etorri erasoaren ostean. Mosku, Tver eta Nizhny Novgorod gisako hiri berriak mongoldarren menpeko Errusian nagusitasunagatik borrokatzen hasi ziren[14]. Errusiar armada batek Urrezko Horda Kulikovoko guduan 1380an garaitu arren, errusiarren bizilekuek mongoldarren menpean segi zuten, baita errusiar printzeek ordaindu behar zituzten zergak ere.
[aldatu] Erreferentziak
- ↑ Belinskij, Andrej, The 'Princess' of Ipatovo in Archeology, 52, 1999ko martxoa/apirilean
- ↑ a b David Christian, A History of Russia, Central Asia and Mongolia, Blackwell Publishing, 1998, pp. 286–288. ISBN 0-631-20814-3.
- ↑ Frank Northen Magill, Magill's Literary Annual, 1977 Salem Press, 1977, p. 818. ISBN 0-89356-077-4.
- ↑ André Wink, Al-Hind, the Making of an Indo-Islamic World, Brill, 2004, p. 35. ISBN 90-04-09249-8.
- ↑ Daniel H. Frank and Oliver Leaman, History of Jewish Philosophy, Routledge, 1997, p. 196. ISBN 0-415-08064-9.
- ↑ a b David Christian, op cit., pp. 6–7.
- ↑ Henry K Paszkiewicz, The Making of the Russian Nation, Darton, Longman & Todd, 1963, p. 262.
- ↑ Rosamond McKitterick, The New Cambridge Medieval History, Cambridge University Press, 1995, p. 497. ISBN 0-521-36447-7.
- ↑ Dimitri Obolensky, Byzantium and the Slavs, St Vladimir's Seminary Press, 1994, p. 42. ISBN 0-88141-008-X
- ↑ James Westfall Thompson, and Edgar Nathaniel Johnson, An Introduction to Medieval Europe, 300-1500, W. W. Norton & Co., 1937, p. 268.
- ↑ See David Nicolle, Kalka River 1223: Genghiz Khan's Mongols Invade Russia, Osprey Publishing, 2001. ISBN 1-84176-233-4.
- ↑ Tatyana Shvetsova, The Vladimir Suzdal Principality Retrieved 21 July 2007.
- ↑ Jennifer Mills, The Hanseatic League in the Eastern Baltic, SCAND 344, May 1998. Retrieved 21 July 2007.
- ↑ Glenn E. Curtis (ed.), Russia: A Country Study, Department of the Army, 1998. ISBN 0-16-061212-8.
[aldatu] Ikus, gainera
| Europako historia herrialdearen arabera | ||
|---|---|---|
|
Albania • Alemania • Armenia • Andorra • Austria • Azerbaijan • Belgika • Bielorrusia • Bosnia-Herzegovina • Bulgaria • Danimarka • Erresuma Batua • Errumania • Errusia • Eslovakia • Eslovenia • Espainia • Estonia • Finlandia • Frantzia • Georgia • Grezia • Herbehereak • Hungaria • Irlandako Errepublika • Islandia • Italia • Kazakhstan • Kroazia • Letonia • Liechtenstein • Lituania • Luxemburg • Malta • Mazedonia • Moldavia • Monako • Montenegro • Norvegia • Polonia • Portugal • San Marino • Serbia • Suedia • Suitza • Turkia • Txekiar Errepublika • Ukraina • Vatikano • Zipre Estaturik gabeko nazioak: Bretainia • Eskozia • Euskal Herria • Flandria • Gales • Galizia • Katalunia • Korsika • Okzitania • Sardinia |
||