Eskorbuto
- Artikulu hau gaixotasunari buruzkoa da; punk taldea gaitzat duena beste hau da: Eskorbuto (musika taldea)
-
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
Eskorbutoa C bitaminaren eskasiak eragindako gaixotasuna da. C bitaminaren izen kimikoak, azido askorbikoak, latineko eskorbuto izenean du jatorria, scorbutus.
C bitaminaren gabeziak hauskortasun kapilar handia eragiten du, hau beharrezkoa baita azido hialuronikoaren sintesirako. Izan ere, azido hialuronikoa endotelio baskularraren zelularteko osagai garrantzitsua da.
Eskorbutoaren eraginez larruazalean orbainak, hortz-oi esponjotsuak eta mintz mukosoetan odoljarioak agertzen dira. Gaixotasunak aurrera egin ahala, zauriak zornetu eta hortzak erori egiten dira.
Garai batean oso ohikoa zen eskorbutoa marinel eta piraten artean. Itsasoan denbora luzez egoten zirenez ez zituzten fruta eta barazkiak jaten. Horren ondorioz, C bitaminaren gabezia izaten zuten.
Animalia gehienetan ez da eskorbutorik agertzen, C bitamina sintetizatzeko gaitasuna dutelako. Ez da horrela gertatzen gizaki, primate eta beste espezie batzuetan, ez baitago bere sintesirako beharrezkoa den entzima. Horregatik, bitamina hau dietaren bidez lortu behar dute. Batez ere zitriko (laranja, limoi, pomelo eta lima), tomate, patata, aza eta piper berdeetan aurkitzen da C bitamina.