Eskoziako Alderdi Nazionala

Wikipedia, Entziklopedia askea
Eskoziako Alderdi Nazionala
Scottish National Party (SNP)
Pàrtaidh Nàiseanta na h-Alba
Scottis Naitional Pairtie
BuruzagiaNicola Sturgeon
Sorrera1934
Egoitza nagusiaEdinburgh (Eskozia)
Ideologia politikoaEskoziar nazionalismoa, sozialdemokrazia
Nazioarteko kidetzaEuropako Aliantza Askea
Eserlekuak erakundeetanEskoziako Parlamentuan
63 / 129

Komunen Ganberan (Eskoziako eserlekuak)
56 / 59

Europar Legebiltzarrean (Eskoziako eserlekuak)
2 / 6

www.snp.org

Eskoziako Alderdi Nazionala (eskoziako gaeleraz Pàrtaidh Nàiseanta na h-Alba, eskozieraz Scottis Naitional Pairtie eta ingelesez Scottish National Party) Eskoziako zentro-ezkerreko alderdi politikoa da, Eskoziaren independentzia aldarrikatzen duena.

Hauteskunde gehienetan Eskoziako bigarren alderdi politikoa izatea lortzen du, laboristen atzetik. Gaur egun Europako Parlamentuan Eskoziak dituen 6 eserlekuetatik 2 ditu, Erresuma Batuko Komunen Ganberan Eskoziako 59 eserlekuetatik 6 eta Eskoziako Parlamentuan 129tik 69 ditu. Azken ganbara honetan oposizioko alderdi garrantzitsuena da uneotan.

Historia

1934. urtean sortu zen National Party of Scotlandek eta Scottish Partyk bat egin zutenean. 1945ean lortu zuen lehen eserlekua Erresuma Batuko komunen ganbaran, baina Robert McIntyrek uko egin zion postua hartzeari bere burua independentistatzat zeukalako.

1967an Winnie Ewingek laboristak garaitzea lortu zuen ordura arte beraien barruti sendoa zen Hamiltonen. Horren ondoren, SNPren indartzea areagotu egin zen Eskozia osoan zehar. 1974an Eskoziako botoen herena lortu zuten, eta 11 eserleku irabazi zituzten Westmisterren.

1999an Eskoziako devolution prozesuaren ondoren zabaldutako parlamentuan bigarren indarra izan dira, laborista eta liberal demokratek osatutako gobernuari oposizioa eginez.

2007ko maiatzaren 3an egindako hauteskundeetan (Eskoziako parlamentua berritzeko hauteskundeak) Eskoziako alderdi bozkatuena izan da, urte askotan nagusitasuna eduki duen Alderdi Laborista bigarren postuan utziz.

Errereferendumean ezezkoa atera eta Salmondek dimitutu ostean azaroan egingo zuen batzarra SNP Eskoziako Alderdi Nazionalistak. Orduan utziko zuen Alex Salmondek Eskoziako lehen ministro kargua eta SNPko buruzagitza, eta han erabakiko zuten zein izango zen haren ordezkoa[1].

2014ko irailaren 24an, Nicola Sturgeonek iragarri zuen bere burua aurkeztuko zuela. Glasgown egindako agerraldi batean iragarri zuen Eskoziako lehen ministrorde kargua utziko zuela SNPko buruzagitza eta lehen ministro kargua hartzeko asmotan[1].

Egun berean zabaldu zenez, SNPk 32.000 afiliatu zituen lehen, eta erreferendumari esker, 57.000 zituen. Erresuma Batuko alderdi handienetan hirugarrena zen[2]. Urriaren 15ean jakin zenez, irailaren 18ko erreferendumaren kanpaina hasi aurretik, 25.000 afiliatu zituen SNPk. Independentziaren aldeko beroaldiari esker, 80.000 baino gehiago zituen, eta Erresuma Batuko hirugarren alderdia bilakatu zen[3].

Irailaren 14ean, Nicola Sturgeonek SNPko agintea hartu zuen Eskozian[4].

Ideologia

Gaur egun zentro-ezkerreko alderditzat jotzen den arren, historian zehar bilakaera garrantzitsu baten ondorio izan da. Eztabaida ideologikoak egon ziren National Party of Scotlandeko ezkertiarren eta Scottish Partyko eskuindarren artean.

1960ko hamarkadan hasi zen ezkerreko bilakaera. Alderdiaren batzar nazionalean onartutako zenbait dokumentuk sozialismoaren aldeko jarrera azaltzen zuten. William Wolferen gidaritzapean izaera sozialdemokrata indartzeko nahia agertu zuten, hauteskundeetan laborismoaren aldeko zen beraien herrian arrakasta handiagoa lortu ahal izateko. Horretarako sindikatuen elkartea sortu zuten, besteak beste.

1970eko hamarkadan zehar, alderdiko buruzagitzak ezkerrerako joera indartzeko asmoa agertu zuen, baina kontserbadoreekin lehian zeuden zenbait alderdikidek (historian zehar kontserbadoreenak izan diren hauteskunde barrutietako kideek) joera hori moteltzea nahi zuten, kontserbadoreei ere lehia irabazi ahal izateko.

1979an alderdi barneko talde batek izaera sozialdemokrata kendu eta sozialista jartzea eskatu zuen. Beste talde batek, aldiz, ezker-eskuina ardatza gainditu eta SNP Eskoziaren alderdia bihurtzea eskatu zuen, alde abertzalea indartuz.

Ezker-eskuin gatazkaz gain, SNPren baitako eztabaida garrantzitsuena gradualisten eta fundamentalisten artekoa da (independentzia lortzeko bideei buruzkoa): lehenengoek pausoz pauso lortu nahi dute, devolution prozesua probestuz; bigarrenek, ordea, independentzia lortzeko indar gehiago egitea eskatzen dute.

Europako Parlamentuan EFA-Europako Aliantza Librea alderdian lan egiten dute. Bereziki Galesko Plaid Cymru alderdi abertzalearekin dute harreman estuena.

Hauteskundeen emaitzak

Eskoziako parlamenturako hauteskundeak[5]
Urtea botoen %a legebiltzarkideak
1999ko Eskoziako Legebiltzarrerako hauteskundeak %27,3 35 (129tik)
2003ko Eskoziako Legebiltzarrerako hauteskundeak %20,9 27 (129tik)
2007ko Eskoziako Legebiltzarrerako hauteskundeak %31,0 47 (129tik)
2011ko Eskoziako Legebiltzarrerako hauteskundeak %44,0 69 (129tik)
2016ko Eskoziako Legebiltzarrerako hauteskundeak %41,7 63 (129tik)

Alderdiaren buruzagiak

Nicola Sturgeon, gaur egungo Eskoziako Alderdi Nazionaleko burua.

Erreferentziak

Kanpo loturak