Eskoziako klanak

Wikipedia, Entziklopedia askea

Eskoziako klanak herrialde horretako antzinako gizartea antolatzen zen modua izan zen. Munduko beste hainbat lekutan bezala, klanak arbaso amankomuna zuten kideek osatuta zeuden eta, buruzagi bat zutela, eskualde geografiko zehatzak kontrolatzen zituzten.

Eskoziako klanen mapa

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Klanen jatorria ezezaguna da. Erdi Aroko Senchus fer n-Alban eskoziar liburuak Dál Riatan hiru talde nagusiak kokatu zituen[1]: Kintyren Cenél nGabráin; Islay eta Juran Cenél nÓengusa; eta Lornen Cenél Loairn izenekoak.

David I.a eta Malcolm IV.a erregeen agintaldien artean, hots, 1124 eta 1165 bitartean, leinu ugari etorri ziren Eskoziara Frantzia iparraldetik (normandar jatorrikoak, bereziki) eta Flandriatik, horietako batzuek Eskoziako goren mailara iristea lortuko zutelarik. Besteak beste (eta denak aipatu gabe): Bruce (Bruges), Stewart, Seton, Hamilton, Campbell (nahiz eta azken hauek zeltiar jatorrikoak zirela esaten zuten), Douglas (toponimoa gaelikoa bada ere, familia flandriarra zen), Montgomery, Balliol (Bailleul), Graham (Ingalaterrako Grantham hiritik, "Graham" ahoskatua Erdi Aroan), Lindsay, Cameron (Cambron/Cameroen), Comyn (Comines), Hay (La Haye) eta Sinclair (Saint Clair).[2][3]

Bestalde, Donald klanak zeltiar jatorria aldarrikatu zuen, MacAulay, Mackinnon edo Gregor leinuek berriz eskotoen erregeak. Azkenekoz, MacDonald eta MacDougall bezalako klanek XI. mendeko eskandinaviar jatorria zuen Hebridetako Uharteetako Jaunaren ondorengoak direla aldarrikatuko dute.

Lehendabiziko aipamen historikoak Eskoziako Independentzia Gerrekin batera agertu ziren eta Erdi Arotik elkarren kontra borrokatu zuten bertako eskualdeak kontrolatzeko.

Jakobitismo eta XVII. mendeko erlijio gerrek klanen arteko gatazkak aprobetxatu zituzten bere helburuak finkatzeko. Azkenekoz, 1745. urteko Bigarren Matxinada eta gero Ingalaterrako erregeak "Proskripzio Legea" ezarri eta kideei armak eramatea, arropa tradizionalak (kilt eta tartan) janztea eta baita musika (gaita) ere debekatu zizkien. Hurrengo Highland Clearances izeneko prozesuak behin betiko bukatu zituen klan tradizionalak.

Hala ere, erromantizismoak, batez ere Sir Walter Scotten eleberriei esker, klanen ohituretan interesa berpiztu zuen XIX. mendean. Egun klanak Eskoziako kulturaren osagarri nagusienetariko bat dira eta abertzaletasunak bultzatuta berriro bere ikurrak bihurtu dira ikusgai, nahiz eta gizarte antolakuntza bezala antzinako kontua izan.

Ikurrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Klanen zerrenda Lord Lyon Gortean dago. Zerrenda honetan klan bakoitzaren tartan "ofiziala" agertzen bada ere[4], jatorrian ez zegoen klaneko tartanik. Ehule familia bakoitzak bere tartana ekoizten zuen eta, normalean, bere eskualdean baino ez zuten saltzen bere lana. Hala ere, posiblea zen klan barruan ehule familia bat baino gehiago izatea edo eskualdean klan bat baino gehiago egotea. Klan bakoitzaren tartanaren ideia 1815ean Londresko Highland Society elkarteak asmatutako hoax batetik dator, Vestiarium Scoticum izenekoa.

Era berean, klan buruzagi bakoitzak bazuen bere gandorra. Nahiz eta egun horrelakotzat hartu, berez ez ziren klaneko ikurrak[5], Eskozian eta Erresuma Batuan taldeek baino pertsona bakoitzak dituelako bere armarri propioa.

Klan nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

MacArthurtarren tartana Vestiarium Scoticum liburuan agertzen den bezala
  • Anderson
  • Boyd
  • Brodie
  • Bruce
  • Cameron
  • Campbell
  • Chisholm
  • Davidson (Mac Dhai)
  • Donald
  • Douglas
  • Forbes
  • Fraser
  • Gordon
  • Graham
  • Grant
  • Lamont
  • Leslie
  • MacAlister
  • MacAdson
  • MacDuff
  • MacFarlane
  • MacGregor
  • MacInnes
  • MacKay
  • MacKenzie
  • MacKinnon
  • MacKintosh
  • MacLean
  • MacLeod
  • MacNab
  • MacNeil
  • MacPherson
  • MacRae
  • Menzies
  • Munro
  • Murray
  • Robertson
  • Sinclair
  • Stewart/Stuart
  • Wallace
  • Ramsay

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Celtica, 7. Liburukia (1966) – 9. (1971)
  2. ICKE, David: El mayor secreto. Barcelona: Obelisco, 2011. Batez ere 187-188. orriak, baina baita 228 eta 240 ere.
  3. «The rise of the Flemish families in Scotland», The Seton Family Website
  4. «Tartans» Court of the Lord Lyon jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2008-01-14) (Noiz kontsultatua: 2008-02-26).
  5. «Crests» Court of the Lord Lyon.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Adam, Frank; Innes of Learney, Thomas (1970). "The Clans, Septs & Regiments of the Scottish Highlands" (8. ed.). Edinburgh: Johnston and Bacon.
  • Campbell of Airds, Alastair (2000). "A History of Clan Campbell; Volume 1, From Origins To The Battle Of Flodden". Edinburgh: Edinburgh University Press. ISBN 1-902930-17-7.
  • Campbell of Airds, Alastair (2002). "A History of Clan Campbell: Volume 2: From Flodden to the Restoration". Edinburgh: Edinburgh University Press. ISBN 1-902930-18-5.
  • Ellis, Peter Beresford (1990). "MacBeth, High King of Scotland 1040 - 1057". Dundonald, Belfast: Blackstaff Press Ltd.. ISBN 0-85640-448-9.
  • Innes of Learney, Thomas (1971). "The Tartans of the Clans and Families of Scotland" (8. ed.). Edinburgh: Johnston and Bacon.
  • Moncreiffe of that Ilk, Iain (1967). "The Highland Clans". Londres: Barrie & Rocklif.
  • Way of Plean, George; Squire, Romilly (1995). "Clans and Tartans - Collins Pocket Reference". Glasgow: Harper Collins. ISBN 0-00-470810-5.
  • Way of Plean, George; Squire, Romilly (2000). "Clans & Tartans". Glasgow: HarperCollins. ISBN 0-00-472501-8.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]