Eskrima

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Anja Fichtel (eskuman) 1993ko mundu txapelketan, Essen-en (Alemania).

Eskrima edo ezpata-jokoa arma zuriak erabiltzen dituen borroka kirol mota bat da. Asiako arte martzialen Europako baliokidea. Kirol honen helburua aurkaria arma zuri baten puntarekin ukitzea da, araudiak baimena ematen duen lekuetan.

Jatorri espaniarra duen kirol olinpiko bakarra da. Hala ere, beste herrialde batzuetan gehiago hedatu zen, eta tradizio gehiago dago Frantzia, Italia edo Hungrian. Joko Olinpiko moderno guztietan egon den lau kiroletako bat da [1]. Mugimenduak oso bizkorrak eta bapatekoak izaten dira, eta beraz forma fisiko petoa eta erreflexu onak beharrezkoak dira maila onean aritzeko.

Hizkuntza ofiziala frantsesa da, arauak ezartzen dituen nazioarteko organismoa Fédération International d’Escrime (FIE) duelarik. Hala eta guztiz ere, herrialde bakoitzak bere hizkuntza erabiltzen du nazio-barruko probetan. Baina, proba nazioartekoa denean, epaileek frantsesa erabili behar dute nahitaez.

« En Garde ! Prêts ? Allez ! Halte ! ... »
« Goardian ! Prest ? Aurrera! Geldi ! ... »

Epaileak gainera keinu kode bat du, gertatutakoa azaltzeko.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etimologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskrima hitzak antzinako escremie hitz frantsesetik dator. Eta hau, aldi berean frankoen hizkuntzaren skirmjan hitzetik. Honen esanahia babestu da. Etimologiak, beraz, eskrima babes kirol bat dela azaltzen digu, arma zuri baten bidezko babesa.

Esgrima Euskadin[aldatu | aldatu iturburu kodea]

[2] Bilboko esgrimak maisutik ikaslera zuzenean eskualdatu den etengabeko tradizioa du, XIX mendearen amaieratik gaur egunera. XIX mendeko 90. hamarkadan Martell maisu frantsesak areto bat ireki zuen Bilboko plaza zirkularrean; haren heriotzaren ostean bere ikasle honenetarikoa zen Juan Suñé-k ordezkatu zion. Juan Suñé Maisua kirol honen urrezko urteetan animatzaile, irakasle eta antolatzaile izan zen, ikaragarrizko aktibitatea zuelarik: Club Deportivo-n, “El Sitio” elkartean, “La Bilbaina”-n, El Maritimo-n, Artxandako Kasinoan etab. eman zituen klaseak. 1918-an aretoa Gran Via 3-ra lekualdatu zuen. Erakustaldi ezberdinen antolatzaile bezala nabarmendu zen, Afrodisio Maisuarekin Campos Antzokian egindakoa bezalakoa. Garaiko espainiar esgrimarekin kontaktuan zegoen, batez ere Angel Lacho maisuarekin, oso adiskide ona zuena.

1923-an geroago liskartzen jarraituko ziren Bizkaiko lehendabiziko txapelketen sustatzaile izan zen, eta ondoren eskualdekoetan eta nazionaletan aritu ziren. Klub bizkaitar hauek Donostiako esgrimalarien elkarte erreala eta Gasteizko zirkuluarekin batera Euskadiko esgrima federakuntza osatu zuten. Guda zibilaren ondoren bere semeak, Jose Mari Suñé, ordezkoa hartu zion, lehenengo klaseak Frantzian eman zituen eta poliki poliki bere aitaren aretoa eta irakaskuntzen eginkizunak bereganatu zituen. Jose Mari Suñé 40 urte baino gehiagotan euskadiko esgrimaren erreferentzia izan da, bere aitaren irakaskuntzak eta espiritua belaunaldietan mantenduz.

Aldi berean Bilboko Club Deportivo-ko esgrimako saila, hasiera batean bi Suñé-en atolakuntzaren menpekoa, 50 eta 60-ko hamarkadetan jarduera nabarmenarekin jarraitu zuen. 1951-an Fernando Frelin-ek Ciudad de Burgos txapelketa irabazi zuen floretean. 1952-an Florencio Grijalbak zuzendutako Bizkaiko Esgrima Federakundea sortu zen. 60-ko hamarkadan Ricardo Frelin-ek, Fernandoren semea, Espainiako florete txapelketa irabazi zuen junior mailan eta Rosa Maria Altea espainiako txapeldunordea izan zen.

Espainiako esgrima federakunde errealaren (RFEE) ordezkoa zen Ricardo Frelin Club Deportivo-ko aretoan jarraitu zuen 90-ko hamarkadararte eskuzabalki tiratzaileak hezituz.

Azkenik 80.ko hamarkadan José Ignacio Anguísola, Suñé eta Ricardo Frelin-en ikaslea, bilboko esgrimaren oinarriak kirolaren difusiorako modu berrietara moldatzeko gorabide eta irakaskuntza lanetan hasi zen. Modu honetan sortu ziren gaur egungo bilboko klubak eta Bizkaiko federakuntza. Esgrima udal-polikiroldegietan sartu zen eta txapelketa nazionaletara bueltatu zen bilboko esgrima. Ekintza guzti hauen ondorioz, arabako eta bizkaiko federazioen baturaz, Euskadiko Esgrima Federakuntza sortu zen 1996. urtean.


Armak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun kirolean erabiltzen diren armak haien jatorritik asko aldatu dira. Orain arma arinak dira, malguak, punta zorrozdunik gabekoak eta ez dute mozten. Barrutik sistema elektriko konplexuak dituzte, makina bati lotuta, aurkaria jotzean argi batzuk pizten dituena.

Floretea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arma hau ezpata arin bat bezala sortu zen, doluetarako entrenamenduetan trebatzeko erabiltzen zena. Gaur egungo eskrima-kirolean araudirik konplexuenetarikoa dauka. Honen arabera, puntarekin baino ezin da jo aurkariaren enborraldean. Berezitasuna lehentasunean datza: orokorrean, biek jotzen dutenean, erasoa lehenago hasi duenak irabaziko du puntua. Hala ere, lehentasun hau berreskuratu daiteke, bai erasoa geldituz, edo erasoak huts egiten duenean. Erasoak enborretik kanpo jotzen badu (adib. besoan), ez da punturik eskuratuko, baina ez du lehentasuna galtzen; hau da, erasoak balio ez duen lekuan jota eta kontraerasoak (lehentasunik gabekoa) enborrean ematen badu, ez zaio ez batari ez besteari punturik emango.

Ezpata[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Doluen antza gehien duen eskrima modalitatea dugu hau. Floretea bezala puntako arma da, baina honetan gorputz osoan jo daiteke, eta ez dago inolako lehentasunik; bi tiratzaileek aldi berean jotzen badute biek eskuratuko dute puntu bana. Hiru armen artean pisutsuena dugu (750g), eta eskubabesa floretearena baino nabarmenki handiagoa da, oraingoan eskua jomuga da eta. Oro har, ezpatako borrokaldiak geldoagoak izaten dira, lehentasun ezagatik datorrena, aurkariaren akatsa itxarotea estrategia oso erabilia baita. Hortaz ezpatako ekitaldiak ez dira, normalean, horren intentsoak fisikoki, baina taktikoki landuagoak dira.

Sablea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2010-eko Europako txapelketaren gizonezkoen sable finala (1. zatia). Yakimenko (ezk.) eta Limbach (esk.).

Floretea bezain arina (500g) dugu hau. Jomuga gerritik gorakoa da eta bai puntarekin zein sorbatzarekin jo daiteke, hau da, sable-orri osoarekin. Floretean bezala, lehentasuna hartzen da kontuan, baina kolperen bat gerritik behera jotzen badu (jomugatik kanpo), makina elektrikoak ez du erregistratuko eta hutsezko eraso bat bezala goietsiko da. Hiruretan azkarrena da, eta hauxe dela eta araudian pare bat bitxikeria ditu: moteltzeko asmoarekin, aurrerapausoetan debekatua dago hankak gurutzatea, kirolariek korrikan ez aritzeko erasoaren lehentasuna lortu nahian. Horren arina izatearren ez da denbora neurtzen beste bietan bezala, eta 15 puntuetarainoko borrokaldietan minutu bateko aisialdia (florete eta ezpatan 3 minutu eta gero lortzen dena), bietariko batek 8 puntu eskuratzean ematen zaie tiratzaileei.

Babesa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1982-ko mundu txapelketan, Vladimir Smirnov sobietarra faboritoen artean zegoen, aurreko urteko mundu txapelduna eta 1980-ko txapeldun olinpikoa baitzen. Hala ere, istripu bat jasan zuen: bere aurkaria zen Mathias Behr alemiarraren floretea hautsi zen Smirnov-en aupegi-babesa zeharkatuz. Handik 9 egunetara hil egin zen. Geroztik, kirolarien segurtasuna bermatzeko arau oso zorrotzak ezarri ziren, eta ez da beste hildakorik gertatu. Hona hemen euren segurtasunerako eskrimalariek erabilitako jantziak:

Maskara/aurpegi-babesa: 1600N-tako indarra egin behar da hauek apurtzeko, borrokaldi erreal batean birtualki ezinezkoa dena. Ia buru osoa estaltzen du, sare metaliko batekin. Lepoa erresistentzia berdineko zuntz malgu batekin babesten da.

Jaka: 800N-tako indarra behar da jakak zulatzeko. Normalean Kevlar materialez eginda daude, elastikoa den materialekin nahastuz. Gorputzari hertsita eramaten dira, tolesdurarik egon ez daitezen eta mugimendua ez ekiditeko. Manga luzekoak eta lepo altukoak dira.

Prakak: Jaka bezalako materialekin egiten dira, eta ere 800N-tako indarra jasan dezakete. Zilborrerarte babesten dute, eta goian mantentzeko, tiranteekin eusten dira. Behekaldetik belaunerarte iristen dira, hanken mugimendu bortitzak galaraz ez dezaten.

Bularrekoa: Emakumeek plastiko zurruneko babes bat janzten dute jakaren azpitik; gizonek aldiz, jakaren material berdineko bular-babes bat, ere 800N-tako indarra jasan dezkena. Bi babesak batuz, maskara apurtzeko beste indar egin beharko litzateke, beraz ezinbestekoak diren organoak erabat babestuta geratzen dira.

Eskularrua: Hau jaka-besoaren gainetik jartzen da, armak arroparen azpitik sartzeko aukera ekiditzeko. Normalean soilik eskularru bat erabiltzen da, arma maneiatzen duen eskuan.

Txapelketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arma, sexua eta adinaren araberako (15, 17 eta 20 urtetik beherakoak, 40 urtetik gorakoak) lehiaketak antolatzen dira.

Banakakoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ligaxka txanda[aldatu | aldatu iturburu kodea]

FIE-ren araudiaren arabera, sailkapenaren araberako ligaxkak egiten dira (6-7 tiratzaileez osatuak), eta ligaxka hauetan, aurretiaz ezarritako orden zehatz batean tiratzaileak aurrez aurre jartzen dira. Ahal den neurrian klub/herrialde bereko partaideak ligaxka ezberdinetan egotea saiatu behar da (betiere sailkapenaren puntuak garrantzitsuagoak dira). 7-ko ligaxka baten borrokaldi ordena honakoa da (lerroka irakurri):

1-4 2-5 3-6 7-1 5-4 2-3
6-7 5-1 4-3 6-2 5-7 3-1
4-6 7-2 3-5 1-6 2-4 7-3
6-5 4-2 4-7


Borrokaldi hauek 5 tantorakoak dira edo 3 minutura (gertatzen den lehenengoa). Ez da posible berdinketarik, beraz denbora bukatutakoan eskrimalariak berdinduta badaude, hobespen minutu bat uzten da: azarean txanpon bat botatzen da bietako baten lehentasuna adierazteko. Ondoren minutu batez luzatzen da borrokaldia. Denbora tarte horretan puntua lortzen duenak irabaziko du; punturik eskuratu ez bada, lehentasuna zuena izango da garaile. Minutu horretan ezpatako puntu bikoitzak ez du inolako baliorik izango.

Bukatutakoan, ligaxka guztien datuak batu egiten dira zerrenda orokor batean, eta “irabazitakoak/borrokaldi kopurua” eta “jotako-jasotako puntuak" indizeen arabera ordenatzen dira. Zerrenda horren behekaldean dauden batzuk (%20-30) zuzenean kanporatuta geratzen dira, eta besteek hurrengo txandan parte hartuko dute. Partaide kopuruaren arabera, posible da ligaxka txanda gehiago egote

Kanporaketa txanda[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hemendik aurrera aurrez-aurrekoak 15 tantora izango dira. Denboraren aldetik 3 minututako 3 saio daude (9 min.), tarteko minutu bateko atsedenaldiaz, zeinetan entrenatzaileekin hitz egiteko aukera dagoen. Borrokaldia galdu ezkero txapelketatik kanporatua geratzen da. Elkarketa hauek aurreko txandaren osteko zerrendaren araberakoak dira, eta koadroka doaz, hau da, 64-ko koadro batean adibidez, 1.-ak 64.-enaren aurka borrokatuko da, 2.-ak 63.-aren aurka eta abar. Behin 64-ko koadroa gaindituta, 32-koa modu berean jarraituko da, eta honela finalerarte. Aipatzekoa da finalerdiak galtzen dituztenek ez dutela elkarren kontra burrukatzen, baizik eta hirugarren postua elkarbanatzen dute: 2 hirugarren daude. Lehiaketaren bukaerako postuaren arabera hurrengo puntuak lortuko dira sailkapen orokorrerako:


Postua Puntuak
1 32
2 26
3 ex æquo 20
5-8 16
9-16 8
16-32 4
32-64 2


Taldekakoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txapelketaren mailaren arabera taldeak klubak edo herrialdeak izango dira. Talde bakoitzean 3 esgrimalari daude, eta erreserbako laugarren bat. Arerioek orden jakin batean egiten dute aurka banakako borrokaldietan. Hauek 3 minutura izango dira eta 5 puntura borrokaldi bakoitzeko. Bigarren borrokaldian 10 puntura joateko aukera dago, hirugarrenean 15 puntukoa da muga, laugarrenean 20-koa eta abar. Bukaeran 45 tantora izango da.

Joko Olinpikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kasu berezia da hau. Ligaxka txanda desagertzen da, eta zuzenean kanporaketa txandan aritzen dira tiratzaileak. Horrez gain finalerdiak galdu dituztenek haien aurka borrokatzen dute hirugarren postu bakuna lortzeko. Urte olinpikoan ez da munduko txapelketarik antolatzen, baina 2004-ko Jokuetatik aurrera banakako eta taldekako froga bana kentzen dira (adib. emakumezkoen floretea eta taldekako gizonezkoen sablea), Joko Olinpikoen edizioetan froga hauek txandakatuz. Hortaz, bisurteetan froga hauen mundu txapelketa ematen da.

Gurpil-aulkiko esgrima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Leipzig 2010-n egindako ezpata erakustaldia. Briese-Baetke (ezk.) eta Duplitzer (esk.), biak europako txapeldun alemaniarrak dira.








Historiako esgrimalari gorenenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskrimako historian zehar materialak, teknikak, araudiak eta aurkariak aldatu izan dira besteak beste, eta horrexegatik ez da posible konparatzea garai ezberdinetako tiratzaileak. Hala ere, guzti hauek badute zerbait amankomunean: bere garaian onenak izan dira, beste batzuentzat imaginaezina den domina kopurua irabaziz:

Lucien Gaudin (1886-1934): 1904 eta 1928 urteen artean urteen artean hainbat domina lortu zituen munduko txapelketetan eta Joku Olinpikoetan, banaka eta taldeka eta bai floretean zein ezpatan. 1928. urtean, 42 urte zituela, Amsterdam-eko Joku Olinpikoetan 3 domina lortu zituen, urreako bi eta zilarrezko bat.

Nedo Nadi (1894-1940): Dudarik gabe, historian egon den onenetarikoa, onena ez bada. Joku Olinpikoen edizio berean hiru armetan urrezko domina lortu duen eskrimalari bakarra da [3]. Hau Antwerp-en gertatu zen, 1920an; taldekako hiru frogak irabazi zituen, eta banakako bi (ezpatako txapelketan ez zuen parte hartu) [4].

Aladar Gerevich (1910-1991): Sablista hungariar honek munduko txapelketetan 14 urrezko domina lortu zituen, eta 7 urrezko Joko Olinpikoetan, esgriman inork berdindutako marka [5]. 6 edizio ezberdinetan urrezko domina lortu zuen, errekor hau Brigitt Fischer kayakalari alemaniarrarekin batera mantentzen du. Bere azken urrezko domina 50 urte zituela irabazi zuen [6].

Christian d’Oriola (1928-2007): Frantziar floretelari honen goitizena d’Artagnan zen eta FIE-ak 2001ean “XX. mendeko eskrimalaria" titulua eman zion [7]. Joko Olinpikoetan 6 domina lortu zituen (3 taldeka eta 3 banaka) eta munduko txapelketetan urrezko 8 (4 taldeka eta 4 banaka) eta urrezko bat.

Edoardo Mangiarotti (1912-2012): Esgrimako historian beste edonork baino domina gehiago lortu ditu munduko txapelketetan zein Joko Olinpikoetan [5], osotara 39. 2003an NOB-ak platinozko lore-koroarekin saritu zuen, Joko Olinpikoen historian edozein kiroletako atletarik kondekoratuena zela esanez [7]. 2012-ko apirilean, historia osoan soilik 3 kirolarik lortu dituzte domina olinpiko gehiago: Michael Phelps, Larisa Latinina eta Nikolai Andrianov [5].

Aleksander Romankov (1953-): “Esgrimako Tsar” bezala ezagutua. Hamar aldiz munduko txapelduna izan zen (5 banaka [8] eta 5 taldeka [9], URSS-arekin), eskriman errekor absolutua izan dena urte askotan zehar, soilik Valentina Vezzalik hobetua eta Pozdnyakov-ek berdindua [7]. Joko Olinpikoetan ez du lortu banakako txapelketan garaile izatea, baina zilarrezko eta brontzezko dominak irabazi ditu [8][9]. Bere azkeneko partehartze olinpikoa 35 urterekin burutu zuen, Seoul-en, taldeka urrezko domina lortuz eta banaka brontzezkoa [10]. Bere teknika klasikoagatik eta jarrera gizalegetsuagatik ezagutua izan zen. 2008-ko Joko Olinpikoetan Bielorrusiaren bandera eraman zuen[10].

Stanislav Pozdnyakov (1973-): Sablista errusiarrak Romankov-en marka berdindu zuen: 10 aldiz izan da munduko txapeldun (5 banaka [11] eta 5 taldeka [12]) eta horrez gain, txapeldun olinpikoa 4 alditan (1 banaka [11] eta 3 taldeka)[7]. Sablista modernoek fisikoaren aldetik gailentzen dira, baina Pozdnyakov bere teknika zehatzagatik zen nabarmenki ezaguna.

Valentina Vezzali (1974-): Kirol honen palmaresik honena dauka [13]. Europako txapelketetan urrezko domina lortu du 11 aldiz (5 banaka eta 6 taldeka) [14], munduko txapelduna izan da 13 aldiz (6 banaka [15] eta 7 taldeka [16]) eta Joko Olinpikoetan 6 urrezko domina (3 banaka [15] eta 3 taldeka [16]) [14]. Horretaz gain, zilar eta brontzezko hainbat domina lortu izan ditu. Sasoiaren bukaerako sailkapenean 11 aldiz lehenengoa izan da, eta 78 mundu kopa irabazi ditu, beste inork lortu ez duena [14]. Aipagarria da Joko Olinpikoen 3 edizio ezberdinetan banakako txapelketa irabazi duen eskrimalari bakarra dela; hau jarraian lortu zuen, 2000, 2004 eta 2008-ko edizioetan. Banakako proba batean dominaren bat lortu du jarraikitako 5 Joko Olinpikoetan (1996-2012) [14] [15].


Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Eskrima Aldatu lotura Wikidatan


Bideoak

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]