Espainiako ekonomia

Wikipedia, Entziklopedia askea
AZCA Madrilen.

Espainiako ekonomia XX. mendearen erdialdea arte ekonomia arkaikoa, garapen eskasekoa eta autarkikoa izan bazen ere, modernizatze prozesu azkarra bizi izan du 1960. urte ingurutik aurrera. 60ko hamarraldiko hazkunde tasa handien ondoren (“espainiar miraria” deitu zitzaion), motelaldi serioa bizi izan zuen (petrolioaren krisialdia) 74tik 85 aldera arte.

1986tik 1991ra, ordea, beste aurrerakada bortitz bat izan zuen eta, 92tik 94 ingurura gainbehera txiki bat izan ondoren, 1995etik mende amaiera arte hazten jarraitu du ekonomiak Espainian (1997an, % 3,2ko hazkundea). Europar Batasunarekin bat egin izanak (1986) guztiz baldintzatu du, geroztik, Espainiako agintariek bideratu duten ekonomia politika.

Hainbat gizarte arazo gorabehera, zorroztasunaren aldeko apustua egin zen Maastrichteko Ituna delakoan zehaztutako konbergentzia irizpideak errespetatu ahal izateko. Hala, austeritate neurriak hartzeari, aurrekontu zorrotzak egiteari eta diru politika estuagoa bultzatzeari esker, Espainiak goian aipatutako irizpide gehienak bete ahal izan ditu, eta 1999ko urtarrilaren 1ean euroan integratu ahal izan diren herrialdeen zerrendan sartu da.

1998ko udaberrian, Europar Batzordeak Espainiako emaitza ekonomikoen azterketa egin zuenean, zor publikoaren indizea zegoen soilik Maastrichten erabakitako irizpideetatik kanpo. Aldiz, irizpide horien barruan sartzen ziren inflazioa (% 2, 1997an), aurrekontu defizita (% 2,9), interes tasen bilakaera eta pezetaren parekotasuna aurreko bi urteetan zehar.


Espainiako lan merkatua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lan-merkatuak, ekonomiaren edozein merkatu bezala, eskaintza eta eskariari buruzko legearen arabera funtzionatzen du non langileek, lana eskaintzen duten eta enpresek, berriz, lana eskatzen duten. Baina, bertan parte hartzeko gutxieneko adina 16 urte da, kontuan hartuz 18 urtetik behera duten langileentzako arau berezi batzuk daudela.

Kontratu motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiako lan-merkatuan egiten diren kontratuei dagokienez, Europar Batasuneko araudiak lau lan kontratu mota orokor eskatzen dituenez, Espainian kontratu mota hauek aurki ditzakegu: iraupen mugagabekoak, aldi baterakoak, iraupen jakinekoak eta ikaskuntza-kontratuak. Gainera, Espainian bi lanaldi mota bereizten dira: lanaldi osoa eta lanaldi partziala.

Espainian, kontratu mota gehiago zehaztu ahal ditugu, besteak beste, mugagabe arrunta, desgaitasun baten bat duten gizabanakoena, behin-behinekoa produkzio egoeren araberakoa, 64 urteko erretiroa ordeztekoa edota formakuntzarena. Espainian, azken urteetan, ohikoena behin-behinekoa da produkzio egoeraren araberakoa izateagatik, nahiz eta eraikuntza-lanarena edota zerbitzuena ere oso erabilia izan.

Azken urteetan kontratuak izandako bilakaerari erreparatuz, 2007. urtetik aurrera Espainian % 20 inguru igo da kontratu kopurua, baina kontratatutako pertsonen hazkundea negatiboa izan da, eta % 5 inguru jaitsi da. Aztertutako denboraldian, emakumeek izandako kontratuen kopurua ez da inoiz gizonena bezain handia izan. Adinari erreparatuz, kontratu kopuru gehienak 25 eta 34 urte bitarteko langileenak dira.

Langileen soldatak[1][aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainian, beste herrietan ez bezala, gutxieneko soldata dago non azken hau gobernuak urtero finkatzen duen. Gaur egun, hau da, 2021. urtean,  gutxieneko soldata  950 €/ hilekoa  da, kontuan izanda 14 ordainsari daudela urte betean. Hortaz, Espainiako batez besteko soldata 24.400 euro ingurukoa da, non batez beste emakumeek gizonek baino gutxiago  jasotzen duten. Izan ere, emakumeak jasotako batez besteko soldata 21.682,02 eurokoa da eta gizonak batez beste jasotakoa, berriz, 26.934,38 eurokoa.

Hezkuntzak garrantzi handia du soldatan, izan ere, zenbat eta hezkuntza maila altuagoa izan, gero eta soldata handiagoa izango da. Beraz, Espainian, beste herrialde askotan bezala,  goi mailako ikasketak duten pertsonak jasotzen dituzte soldata altuenak.  2014an, Estatistikako Institutu Nazionalak (INE) argitaratutako datuen arabera, nahitaezko Bigarren Hezkuntza (DBH) amaitu zuen langile baten batez besteko soldata gordina 17.772 eurokoa zen. Aldiz, goi-mailako Lanbide Heziketako (LH) graduatuek, kopuru hori baino 6.700 euro gehiagoko batez besteko soldata-errenta lortzen dute urtero. Bestalde, unibertsitatean ikasi zuten biztanleek 10.000 euro gehiagoko ordainsaria dute, eta azkenik, unibertsitateko lizentziadunak 17.500 euro baino gehiagokoa.[2]

Gainera, lan egindako urteak areagotzen diren heinean, soldata ere altuagoa da, non 55 urterekin batez besteko langile batek diru-sarrera maximoak dituen. Halaber, ikasketa gehiago duten langileen soldata besteena baino gehiago hazten da lan egindako urteak handitzen diren heinean. Beraz, ibilbide profesionalaren lehen urteetan, ikasketa desberdinak dituzten langileen ordainsarien arteko aldeak oso handiak ez izan arren, denborak aurrera egin ahala asko handitzen dira. Hau da, 2014an, Estatistikako Institutu Nazionalak (INE) argitaratutako datuen arabera,  lizentziadun ikasketak dituen langile batek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza dituen langile baten soldata baino 2,3 aldiz gehiago jasotzen du. Unibertsitatean ikasi zuen pertsona batek 1,8 aldiz gehiago eta lanbide heziketako ikasketak dituen batek soldata 1,5 aldiz gehiago jasotzen du, hurrenez hurren.

Gehiago zehaztuz gero, 2021. urtean Espainian hobe ordaindutako lanpostuen artean, gehienek teknologiarekin dute lotura zuzena, non eskatutako lanpostu askok datuen analisiarekin duten lotura. Horrez gain, eraldaketa digitala gero eta handiagoa denez gero, eskatutako lanpostuen artean informazioaren segurtasuna nabarmentzen da. Halaber, enpresek gero eta gehiago babestu nahi dituzte beraien aktiboak kanpoko mehatxuen aurrean.[3]

Espainiako langabezia[4][aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiako lan merkatuan adina duten biztanleen artean gehiengoak lan egiten du edo lan bila dago, izan ere, jarduera tasa % 88,64 da. Hain zuzen ere, 16 urte baino gehiago duten langileen artean % 58,74ak aktiboki lan egiten du, eta lanean dauden edo lana bilatzen ari direnen artean % 13,78ak ez du lana aurkitzen.

Beste modu batean esanda, datuak milaka pertsonetan neurtuta, Espainian 19.967 pertsona inguru daude lanean, 3.192 pertsona inguru daude lanaren bila, eta beraz, 23.159 pertsona inguruk osatzen dute Espainiako biztanleria aktiboa.

Hala ere, erkidego guztietan ez dago enplegu-tasa bera. Andaluzia (% 22,4), Extremadura (% 17,9) edo Valentziako (% 16,1) langabezia-tasa askoz handiagoa da Aragoi (% 8,8), Euskal Autonomia Erkidegoa (% 9,9) edo Kantabria (% 10) dutena baino.[5]

Gainera, sexua eta adina ere eragina dute lan egiterako orduan. Alde batetik, langabezian dauden emakumeen eta gizonen kopurua ez da berdina, gizonen langabezia-tasa emakumeena baino txikiagoa baita. Hain zuzen ere, gizonen langabezia-tasa % 12,23 da eta emakumeena, berriz, % 15,55. Bestalde, Espainian langabezi tasa altuena gazteei dagokie, non 25 urtetik beherakoen langabezia tasa % 30,5 den, eta non % 27,7 20 eta 24 urte bitarteko gazteei dagokien. Zenbat eta adin gehiago izanez gero, orduan eta langabezia-tasa txikiagoa da, hau da, 24 urtetik gorakoentzat % 12,6 da eta are txikiagoa 24 eta 54 urte bitartekoentzat (% 12,7). Langabezia-tasa txikiena helduei dagokie, non 54 urtetik gorakoen langabezia tasa % 12,4 den.

Langabezia-tasaren bilakaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiako langabezia mailak gora egiten hasi zen hirurogeita hamarreko hamarkadan, non ekonomiak aldi berean aurre egin behar izan zuen energiak eragindako inflazioari, emakumeen sarrerari lan merkatuan, “baby boom” epean jaiotako seme-alaben sarrerari, eta emigrante askoren itzulerari Espainiara.

1984ko lan erreforman zenbait neurri hartu ziren, hala nola, aldi baterako kontratua, obra eta zerbitzuetako kontratuak eta gainerako kontratuak izaera ez iraunkorra zutenak askatasunez erabil ahal izatea, lanpostu normalak betetzeko. Kontratazio-baldintza malguagoak eta egokiagoak eskaintzen zizkieten enpresaburuei, batez ere, kaleratze hutsei dagokienez. Honek eragin zuen 2007. urtean finantza krisialdiarekin batera, kaleratze ugari egotea, Espainian hilean sinatutako hamar kontratutik bederatzi aldi baterakoak baitziren momentu horretan.

Langabeziaren tipologia eta langabeziarik ohikoena Espainian[6][aldatu | aldatu iturburu kodea]

Langabezia desberdinak egon daitezke lan merkatuan eta garrantzitsua da hauek bereiztea. Alde batetik, langabezia ziklikoa herrialdean gertatzen ari diren gorabehera ekonomikoen ondorioz sortzen dena da. Beste era batera esanda, langabezia ziklikoa nazio bat une jakin batean igarotzen ari den ziklo ekonomikoaren arabera eragiten duena da. Normalean, nazio horretan finantza-krisi edo atzeraldi bat gertatzen ari denean agertzen da langabezia hori.

Egiturazko langabezia ere badago, hau da, gehiegizko eskaria dagoela lanpostu baterako eta non langile askok lan egin nahi dute baina langile gutxi batzuk dituzten enpresak eskatzen dituzten ezagutzak. Langabezia mota hau bezeroen jokabide aldaketak eraginda dator.

Urtaroko langabezia, besteak ez bezala, ez da sortzen krisi ekonomiko baten ondorioz edo langileek ez dutelako enpresetan eskatutako profila. Hori urteko urtaro jakin batean bakarrik egiten diren jarduerak daudelako gertatzen da. Horregatik, gainerako hilabeteetan lanpostu horiek betetzen dituzten langileak lanik gabe egon ohi dira.

Langabezia frikzionala langileak bere borondatez lana uztea erabakitzen duenean sortzen den langabezia mota da. Honen arrazoia gizabanako bakoitzaren interesekin eta inguruarekin dago lotuta, adibidez, gaixotasun bat izateagatik, senitarteko bat zaintzeagatik, ikasketengatik edota bizilekuz aldatzeagatik.[7]

Gaur egun, Espainian egiturazko langabezia-maila handia dago, izan ere 1980. hamarkadako ekonomia eta finantza-krisiaren ondoren langabezia ez da inoiz % 8 baino txikiagoa izan. Langabezia mota guztien artean hau kezkagarriena da. Halaber, Espainian eskaintzen den lan motaren eta langabeek eskatzen dutenaren artean, desoreka handiak daude. Gainera, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundea sortzen duten herrialdeen artean, Espainia langabezia-tasa handiena duen bigarren herrialdea da, Greziaren azpitik.

Gaur egun, hobekuntza teknologikoa dela eta, Espainian enpresak eskatzen duten trebetasunen artean trebetasun digitalak pisu handia dauka; beraz, trebetasun hau ondo garatuta duten profilak bilatzen dituzte, izan ere,  lan gehienak teknologiarekin lotura zuzena dute. Lanpostu hauetan soldata handiak ordaintzen dira, digitalizazio arloarekin zerikusia duten lanpostuak oso garrantzitsuak baitira enpresen garapenerako. Gainera, arlo honetan jakinduria edota esperientzia duten langileak oso urriak dira, gehienetan teknologikoaren hobekuntzarekin batera sortu berriak direlako.[8]

Langabeziaren ondorioak[9][aldatu | aldatu iturburu kodea]

Langabeziak hainbat ondorio larri sor ditzake. Lehenik eta behin, erosteko ahalmenaren murrizketa edo ezintasuna dakar, askotan familien zorpetzea  eragiten duena. Horrenbestez, hipoteka eta maileguak aurretik lortu baditu, diru sarreren galera horrek gehiago zorpetzea eragin dezake. Bestalde, lotura sozialaren galera dakar, langilea gizarteratzeko leku nagusia baita enpresa. Halaber, langabeen osasun fisiko eta mentala kaltetu daiteke izan ere, estatus soziala eta bizitzaren zentzua jarduera profesional baten eguneroko jardunarekin estuki lotuta daudenez, iraupen luzeko langabeziak bere nortasuna eta oreka psikologikoa kaltetu dezake.

Barne Produktu Gordinaren banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiako BPGren banaketa, sektoreka, ondorengo hau da: % 3,4 besterik ez dagokio nekazaritzari; industriari, % 33,3; eta zerbitzuei % 63,3 (1997). Biztanleria aktiboaren sektorekako banaketari dagokionez, Europako gainerako herrialdeetakoen antzekoa da. Lehen sektorean (nekazaritza, arrantza) biztanleria aktiboaren % 8 enplegatzen da. Bigarren sektorean (industria, meatzaritza, eraikuntza) langileen % 28, eta hirugarren sektorean edo zerbitzuetan biztanleria aktiboaren % 64.

Ekonomia sektoreetan bereiztuta[10][aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiako ekonomiaren egitura, herrialde garatu baten ezaugarriak biltzen ditu. Zerbitzuen sektorea da Barne Produktu Gordinean ekarpen handiena egiten duen sektorea, hortaz aparte, industria sektoreak ere ekarpen nabarmena egiten du ere ekonomian. Horren ondorioz, 2020. urtean bi sektore hauek Espainiako BPGaren % 91 osatzen zuten. Nekazaritzaren aldetik esan dezakegu sektore honen ekarpena jaitsi egin dela hazkunde ekonomikoaren eraginez, hala ere, gaur egun BPGren soilik % 3,44 dagokio nekazaritzari.[11]

Barne Produktu Gordinaren (BPG) egitura (guztizkoaren %, prezio arruntak)
Sektorea 2018 2019 2020
Nekazaritza eta arrantza % 3,05 % 2,88 % 3,44
Industria % 16,12 % 16,15 % 16,30
Eraikuntza % 6,11 % 6,43 % 6,16
Zerbitzuak % 74,72 % 74,54 % 74,10

Iturria: Instituto Nacional de Estadística[12]

Taulan ikusi daitekeen moduan, zerbitzu sektorea da Espainiako BPGn pisu handiena duena. Hala ere, lehen, bigarren eta hirugarren mailako sektoreetan nabarmen handiagoa dituzten jarduerak bereiziko ditugu.[13]

Lehen mailako sektoreak[14][aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiako lehen mailako jarduera ekonomikoek herrialdeko BPG osoaren baturan parte-hartze txikia dute. Lehen maila hau hiru sektore nagusietan bana dezakegu: nekazaritza, abeltzaintza eta arrantza.

Nekazaritzarekin hasita, lurra eraldatzean eta lantzean datza, gero elikagaiak ekoiztu ahal izateko. Bi nekazaritza mota bereiz ditzakegu: ureztatzekoa eta lehorrekoa. Baldintza klimatologikoak direla eta, Espainia, nekazaritza lehorra izatearen ezaugarria du. Hau dela eta, laborea hobetzen laguntzen duten hainbat teknika garatu behar izan dira historian zehar nekazaritzaren hasieratik.

Espainian, garagarra, garia, oloa, azukre-erremolatxa, fruta-arbolak eta zitrikoak, artoa, patatak, tomateak, uraza, lekaleak eta tipula ekoizten dira. Hori dela eta, Espainia, Europako liderra da nekazaritza ekologikoan (1.317.359 kg tona), hau da, Europar Batasuneko ekoizpenaren % 17 osatzen du. Espainiako ekonomiaren sektore garrantzitsuenetariko bat da, arrazoi horregatik: 1940ko hamarkada arte, Espainiako biztanleriaren erdia sektore horretan aritu da. Hala ere, 1986. urtean nekazaritzan jarduten zuten pertsonen ehunekoa jaitsi egin zen, eta bere ekarpena % 6,7 izan zen munduko osoarekiko egokiagoa.

Abeltzaintzari dagokionez, haragia eta esnea bezalako beste produktu batzuk kontsumitzeko, animaliak ustiatu behar dituen sektore bat da. Hainbat abeltzaintza mota daude, horregatik ustiatzen dituzten animalien artean honako hauek aurkitzen dira: behiak, idiak eta zezenak, ardiak, txerriak eta ahuntzak. Espainian aurki daitezkeen ganaduei dagokionez, ardien eta txerrien hazkuntzara bideratzen da. 2019an, Espainia munduko laugarren ekoizlea izan zen, 4,6 milioi tonako ekoizpenarekin; oilasko haragiaren munduko 22. ekoizlea, 1,4 milioi tonako ekoizpenarekin; behi-esnearen munduko 22. ekoizlea, 7,4 mila milioi litroko produkzioarekin; behien munduko 19. ekoizlea, 695 mila tonako ekoizpenarekin.[15]

Arrantza, aldiz, arrainak erauzteko jarduera gisa defini dezakegu. Erauzketa hori ur gezatan zein gazitan egin daiteke, eta bi arrantza-mota bereiz ditzakegu: kirol-arrantza (kirol gisa ulertzen dena, legedi batek arautzen duena eta lehen sektorearen parte ez dena) eta merkataritza-arrantza. Azken hori, ordea, estatuak arautzen du, eta metodo tradizionalak zein eboluzionatuagoak erabiltzen ditu. Espainiari dagokionez, 4.000 km-tik gorako itsasertza eta arrantza-tradizioa ditu. Espainiako flotak lau eremutan nabigatzen dute: Kantauri ipar-mendebaldean, Cadizko Golkoan, Kanaria inguruan eta Mediterraneoan. Gainera, gehien harrapatzen diren espezieak hauek dira: sardina, legatza eta arraintxoa, bakailaoa, bokoia eta hegaluzea. Krustazeoei dagokionez, ganba eta moluskuak, txipiroia eta olagarroa. Bestalde, haztegiei dagokionez, muskuilua da nabarmenena.

Bigarren mailako sektorea[16][aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bigarren sektorea; beraz, lehengaiak eraldatzen dituen sektore bat bezala uler daiteke. Horretarako, lehen sektoreak ateratzen duena kontsumorako edo ondasunak ekoizteko produktuak bihurtzea du helburu. Hau da, bigarren sektoreak baliabide horiek eraldatzeko prozesu industrialak egiten ditu. Horregatik, lehen sektorearen mende dago erabat.

Bigarren sektoreari dagokionez, industria, eraikuntza, energia-sektorea eta meatzaritza nabarmendu daitezke.

Industria, lehengaiak produktu landuago edo erdi landuago batean bihurtzen duen jarduera ekonomikoa da, energia-iturri baten bidez. Industria mota desberdinak daude: automobilgintza, oinarrizko kimika, elikadura, ehungintza, informatika, siderurgia, metalurgia, edota mekanika. 2019an, Espainiak munduko hamalaugarren industria baliotsuena zuen (155.400 milioi dolar). 2019an Espainia munduko 19. ibilgailu ekoizle handiena izan zen (2,8 milioi dolar?) eta 17. altzairu ekoizle handiena (3,6 milioi tona). Espainia munduko 5 ardo ekoizle handienetako bat ere da (2018an munduko hirugarren ekoizlea izan zen). Gainera, oliba-olioaren munduko ekoizle handiena da (1,79 milioi tona 2018an). 2018an, munduko garagardo ekoizleen hamargarrena ere izan zen, 383 mila milioi litrorekin.

Eraikuntzarekin jarraituz, eraikinen eta azpiegituren sorreraz ari gara. Espainiak 25.492.335 etxebizitza zituen 2014an, Espainiako Sustapen Ministerioaren datuen arabera. Horietatik 19.113.128 etxebizitza, nagusiak edo lehen etxebizitzak dira eta 6.379.207 bigarren etxebizitzak dira. 2001ean 21.033.759 etxebizitza zeuden; beraz, 13 urtetan % 21 handitu zen etxebizitza kopurua.[17]

Energiaren sektoreari dagokionez, batez ere energia berriztagarriei dagokienez, 2020an Espainia 87. herrialdea izan zen petrolioa ekoizten, eta munduko energia eolikoaren 5. ekoizlea. 2019an, herrialdeak 1,22 milioi upel kontsumitu zituen. 2013an munduko bederatzigarren petrolio inportatzaile handiena izan zen. 2015ean, Espainia gas naturalaren munduko 84. ekoizlea izan zen. 2010ean munduko gas-inportatzaile handiena izan zen Espainia (36,7 milioi m3 urteko) eta, batez ere, Errusia izan zen esportatzaile nagusia. Ikatzaren ekoizpenari dagokionez, Espainia munduko 38. postua hartu zuen 2018an (1,7 milioi tona). 2019an, Espainiak 7 planta atomiko izan zituen bere lurraldean. Sektore hori garrantzitsua da, Espainiako ekonomiaren BPGaren % 5 baita.

Azkenik, meatzaritzari dagokionez, Espainiak ez du mineral askorik sortzen. 2019an, igeltsuaren 7. ekoizlea, potasaren munduko 10. ekoizlea eta gatzaren munduko 15. ekoizlea izan zen.

Hirugarren mailako sektorea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hirugarren sektorea dela eta, esan dezakegu espainiar ekonomiaren sektore garrantzitsuena dela, herrialdeko jarduera ekonomikoaren zati oso garrantzitsua osatzen duelako eta Barne Produktu Gordinean ekarpen handia egiten duelako. Gainera, lan gehien sortzen duen sektorea da.

Honako zerbitzu hauek osatzen dute hirugarren sektorea: hezkuntza eta osasuna, gobernua, telekomunikazioak, garraioa, entretenimendua, aseguruak, turismoa, txikizkako merkataritza, finantza-sektorea, informazioaren edoa komunikazioaren teknologiak.

Turismoari dagokionez, Espainiako ekonomia eskala handiago batean mugitzen du sektore honek. Espainia turisten kopuru handiena jasotzen duen laugarren helmuga da munduan: 53 milioi turista jasotzen ditu urtean zehar. Horregatik, turismoa Espainiako ekonomiaren BPG osoaren % 10 da. Modu horretan, industria funtsezko sektorea da Espainiako ekonomiarentzat, adibidez, 2004. urtean 37.500 milioi euroko ekarpena egin zuen.

Merkataritzari dagokionez, 2007an zerbitzuen sektorea Balio Erantsi Gordinaren (BEG) % 15,45 zen, eta estatuaren % 10,39. Hori dela eta, Espainiako ekonomiaren sektore garrantzitsuenetariko bat da turismoaren ondoren. Txikizkako merkataritzaren azpisektorea, oro har, merkataritza sektorean pisu handiena duen azpisektorea da, 2007an merkataritza osoaren BEGren % 44,90 adierazten zuen.

Bestalde, merkataritza eta konponketa sektoreak ere garrantzi handia dute, arlo horretako enpresek pisu handia dutelako Espainiako ekonomian. Hala ere, haien partaidetza txikituz joan da azken urte hauetan. 2008an, merkataritza eta konponketa sektoreak (843.212 enpresa aktiboekin) ekonomiaren enpresa guztien % 25 osatzen zuen gutxi gorabehera. Hala ere, sektore honetako enpresen partaidetza txikituz joan da. Hurrengo taulan, Espainiako merkataritzak izan duen bilakaera ikus dezakegu:

MERKATARITZA GUZTIRA 2007 2006 2005 2004 2003 2002 2001 2000 1999 1992
Establezimendu kopurua 997.155 973.804 976.868 964.577 936.180 935.978 898.432 897.685 882.691 777.117
Salmentak (mila eurotan) 755.460.055 722.510.220 678.445.782 635.789.986 587.923.264 562.661.290 527.636.551 491.989.928 442.645.475 221.781.388
Landunak 3.521.081 3.424.864 3.332.618 3.249.455 3.093.757 3.006.032 2.828.024 2.791.492 2.641.662 2.250.682
Biztanleak 45.200.737 44.708.964 44.108.530 43.197.684 42.717.064 41.837.894 41.116.842 40.499.791 40.202.160 39.137.979
Produktibitatea (salmentak/landunak) 214.553 210.960 203.577 195.660 190.035 187.177 186.574 176.246 167.563 98.540
Salmentak biztanleko (eurotan) 16.713 16.160 15.381 14.718 13.763 13.449 12.833 12.148 11.010 5.667
Biztanleak dendako 45,33 45,91 45,15 44,78 45,62 44,70 45,77 45,12 45,54 50,36
Dimentsioa (landunak/dendak) 3,53 3,52 3,41 3,36 3,30 3,21 3,15 3,11 2,99 2,90

Iturria: Ministerio de Industria, Comercio y Turismo, Secretaría de Estado de Comercio

Garraio sektoreak pisu handia dauka Espainiako ekonomian, baita hirugarren sektorean ere. Zerbitzu sektorearen % 12 suposatzen du eta enplegu osoaren % 7 sektore honi dagokio, eta gainera, beste sektoreetan eragin handia du.

Garraio sektorea hiru alderdiren eragina izan du:

  • Lurreko garraioaren egitura erradiala
  • Azpiegituren defizita
  • Enpresa publikoaren papera (Renfe, Trasmediterránea, Enatcar).

Espainiak 105 aireportu ditu, non horietatik 33 internazionalak diren. Madrileko aireportua Espainiako garrantzitsuena da (Madrid-Barajas). Gainera, aireportu honek jasan duen handitzea dela eta, munduko konexio gehien duen aireportua izatea nahi du.

Azken urte hauetan, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak hazkunde handia izan duen sektorea izan da. 2006. urtean BPGren % 4,6 sektore honen gastura bideratu zen. Nahiz eta azkenaldian izan duen eragina nabarmena izan, Espainiako ekonomiaren ahulezia bat bezala uler daiteke, tresna hauen erabilera oso garrantzitsua delako herrialdeen produktibitatea eta lehiakortasuna trebatzeko.

Espainiaren zorra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2015eko urtarrilaren 13an jakin zenez, Espainiako Altxortegiak 55.000 milioi euroko zor garbia jaulkiko zuen urte horretan[18].

Kanpo merkataritza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pandemiaren aurreko eta pandemiaren bitarteko urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2020an, munduko 16. esportatzailerik handiena izan zen (337,2 mila milioi dolar ondasunetan, munduko % 1,8). Esportatutako ondasunak eta zerbitzuak kontuan hartuta, esportazioak 486 mila milioi dolarretara iritsi ziren. Inportazioetan, 2019an, munduko hamalaugarren inportatzailerik handiena izan zen: 375.4 mila milioi dolar.

Espainiako kanpo-merkataritza oso irekia da, bere BPGren % 66,9 hartzen baitu (Munduko Bankua, 2019) eta % 30,6 2020an. Espainiak, batez ere, ibilgailu motordunak esportatzen ditu (% 10,2), baita petrolioaren deribatuak, ibilgailuen eta sendagaien ordezkoak, petrolio gordinaren inportazioa (inportazio guztien % 8), automobilak eta ibilgailuen ordezko piezak, sendagaiak eta petrolio-gasa ere. Batez ere, COVID-19aren pandemiaren ondorioz, Nazioarteko Diru Funtsak kalkulatu zuen Espainiako esportazioak nabarmen jaitsi zirela (% 25,5) 2020an, eta inportazioek zorte bera izan zutela (-% 22,3).

Comtraderen datuen arabera, 2019an Espainiako esportazioen helmuga nagusiak Frantzia (% 14,6), Alemania (% 10,3), Italia (% 7,7), Portugal (% 7,3) eta Erresuma Batua (% 6,5) izan ziren; inportazioak, berriz, Alemaniatik (% 11,9), Frantziatik (% 10), Txinatik (% 8,7) eta Italiatik (% 6,1) etorri ziren, batez ere.

Herrialdeko merkataritza-balantza egitura negatiboa da, erregaien eta balio erantsi handiko ondasunen inportazioak handiak direlako.

2019an, salgaien esportazioak % 3,6 jaitsi ziren urtero, 333.600 milioi dolarrera iritsiz; inportazioak, berriz, are gehiago (% 4,8) jaitsi ziren, 371.100 milioi dolarrera iritsiz. Hala ere, 2018. urtea kontuan hartzen ez bada, urte errekorra izan baitzen bai inportazioetan, bai esportazioetan. Hala ere, 2019ko kopuruak aurreko urteetakoak baino altuagoak dira. Gainera, Espainia zerbitzuen esportatzaile garbia da (157.400 milioi dolar esportazioetan, 2019an 86 mila milioi dolar inportazioekin alderatuta), eta, beraz, herrialdeko merkataritza-balantza orokorra positiboa izan zen (BPGaren % 2,8, Munduko Bankuaren arabera, zifra egonkorra aurreko urtearekin alderatuta). Hurrengo taulan,  2015 urtetik 2019 urteera ondasunen nahiz zerbitzuen inportazioen eta esportazioen datuak (milioi dolarretan) bilduta ageri dira:


Kanpo merkataritzako balioak 2015 2016 2017 2018 2019
Ondasunen inportazioak (milioi dolarretan) 309.292 309.310 351.981 390.562 371.929
Ondasunen esportazioak (milioi dolarretan) 281.836 287.415 319.531 346.754 333.622
Zerbitzuen inportazioak (milioi dolarretan) 64.579 70.960 75.465 82.625 85.990
Zerbitzuen esportazioak (milioi dolarretan) 117.442 127.132 138.326 155.773 157.479

Iturria: Merkataritzako Munduko Erakundea (MME) ; Azken datuak[19]

Pandemia osteko egoera: 2021 urtean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nazioarteko koiuntura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

COVID-19aren pandemiaren ondoren, 2021. urtean, nazioarteko ekonomiaren susperraldia gertatu da. Hobekuntza hori askoz ere nabariago izan zen ekonomia aurreratuetan, birusaren aurkako txertoen aurrerapenari eta orokortzeari esker.; Izan ere, koronabirusaren delta aldaera berria agertu arren, kutsatzeak eta, batez ere, osasun-sistemaren gaineko presioa geldiarazi zituen, mugikortasunaren murrizketa gehienak ezabatzea eta jarduera pixkanaka berreskuratzea ahalbidetuz eta kontsumo pribatuaren susperraldia bultzatuz. Are gehiago, aurreko hiruhilekoetan ez bezala, 2021eko bigarren hiruhilekoan susperraldi nabarmena gertatu zen zerbitzuetan, bereziki turismoan, jatetxeetan eta ostalaritzan. Hauek pandemiak gehien zigortu zituen jarduerak izan ziren.

Gero eta handiagoa den baikortasun hori enpresa-sentimenduan ere islatu zen, eta, ondoren, inbertsioetan. Hala ere, munduko eskariaren gorakada handiak, aldi berean, botila-lepo batzuk eta eskaintzaren murrizketak eragin ditu, gehienbat industria-sektorearen salgaien hornikuntzan izandako atzerapenen ondorioz.

Testuinguru horretan, lehengaien prezioak, bereziki petrolioarena, urteko bigarren hiruhilekoan luzatu egin ziren, munduko susperraldi ekonomiko azkarrak eta mugikortasunerako murrizketa gero eta txikiagoek bultzatuta. Adibidez, aireko garraioak petrolioaren eskaria nabarmen handitu zuen. Bigarren hiruhilekoan, Brent petrolioaren prezioa batez beste 69 dolarrekoa izan zen upeleko, eta % 12,9 igo zen aurreko hiruhilekoko batez besteko balioarekin alderatuta (61,1 dolar upeleko). Brent kalitatezko petrolioak 50 dolar/upel inguru kotizatzen hasi zuen urtea, eta hortik aurrera pixkanaka eta etengabe handituz joan zen, uztailaren hasieran 78 dolar/upelera iristeko. Horrek esan nahi du 2021eko lehen erdian % 56ko igoera izan zuela eta azken bi urte eta erdiko preziorik altuena izan zuen.

Aldi berean, 2021eko bigarren hiruhilekoan, inflazioak gorakada nabarmena izan du ekonomia nagusietan aurreko urteko prezioen beherakada handiaren, energiaren garestitzearen eta zenbait inputen horniduran botila-lepoak agertzearekin lotutako eskaintza-arazoen ondorioz, eta horrek produktu jakin batzuen prezioak nabarmen igotzea ekarri du.

Hau guztia kontuan hartuta, NDFak  2022 urterako aurreikusten du inflazio-tasak pandemiaren aurreko mailan kokatuko direla berriro herrialde gehienetan. Gainera, adierazi du pandemiaren bilakaera munduko hazkundearen aurreikuspenerako mehatxurik handiena dela oraindik. Infekzio gehiago sortuko balira edo birusaren beste aldaera oldarkorrago batzuk sortuko balira, egungo txertoek estaliko ez lituzketenak, erraz zapuztu ahal izango litzateke espero zen susperraldia. Aldi berean, azaldu du erabakigarria izango dela herrialderik pobreenek txertoa azkar eta zuzen eskuratu ahal izatea.  Txertorik ez duten pertsona eta herrialde askok jarraitzen duten bitartean, hazkundea gelditu egingo da eta mundu osoko osasun-, ekonomia- eta merkataritza-susperraldia iraultzeko arriskua izango baita.

Ondasunen salerosketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2021eko bigarren hiruhilekoan, Espainiako salgaien esportazioak 80.653,1 milioi eurokoak izan ziren, eta % 46,1 gehitu ziren 2020ko aldi berean.

Esportazioen prezioak, balio unitarioaren indizeen arabera gutxi gorabehera urte arteko % 7,0 hazi ziren; beraz, salgaien esportazioak urte arteko, balio errealetan, % 36,6 igo ziren.

Inportazio nominalak % 50,2 gehitu ziren urte batetik bestera 2021eko bigarren hiruhilekoan, 82.787,7 milioi eurotan geratuz. Inportazioen prezioak % 10,5 hazi ziren; beraz, bolumenari dagokionez, salgaien inportazioak %35,9 igo ziren urte batetik bestera.

Erosketek kanpo-salmentek baino gehiago egin izanaren ondorioz, Espainiako merkataritza-saldoak 2.134,5 milioi euroko defizita izan zuen 2021eko bigarren hiruhilekoan. Eta hori 2020ko hiruhileko bereko 87,6 milioi euroko superabitarekin alderatu zen, behin-behineko datuen arabera.

Urtarriletik ekainera arteko datuen pilaketan, Espainiako salgaien esportazioak 152.961,0 milioi eurora iritsi ziren, 2020ko lehen sei hilabeteekin alderatuta % 23,3 handituz.

Balio errealetan, esportazioak % 18,2 hazi ziren urte batetik bestera, prezioak, gutxi gorabehera balio unitarioaren indizeen arabera, % 4,3 igo baitziren.

Inportazio nominalak, berriz, % 20,3 gehitu ziren urte batetik bestera, 158.358,3 milioi eurora iritsiz.

Balio errealetan, kanpoko erosketak % 15,0 igo ziren urte batetik bestera, prezioak % 4,6 igo baitziren.

2021eko lehen seihilekoan, Espainiako salgaien merkataritza-saldoak 5.397,3 milioi euroko defizita izan zuen, aurreko urteko aldi berean baino % 28,7 txikiagoa (7.573,3 milioi euroko defizita, behin-behineko datuen arabera). Estaldura-tasa % 96,6 koa izan zen 2021eko urtarriletik ekainera arteko datuen pilaketan, 2020ko lehen sei hilabeteetan baino ehuneko bi puntu eta lau hamarren handiagoa (% 94,2 behin-behineko datuen arabera).

Autonomia-erkidegoen eta hiri autonomoen araberako azterketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2021ean, Espainiako esportazioak hazi egin dira, urte arteko terminoetan, erkidego eta hiri autonomo guztietan. Espainiako esportazioetan kuota handiena dutenen artean, aurrerapen handienak Madrilgo Erkidegoko kanpo-salmentek izan dituzte (guztizkoaren % 12,7), urte batetik bestera % 63,9 igo baitira, eta Galiziakoek % 7,3, urte batetik bestera % 57,6 igo baitziren. Kataluniako esportazioak (guztizkoaren % 25,4) eta Euskal Autonomia Erkidegokoak (guztizkoaren % 7,9) % 51,5 eta % 42,3 gehitu dira urte batetik bestera. Valentziako Erkidegoko esportazioek (guztizkoaren % 9,9) eta Andaluziakoek (guztizkoaren % 11,0) antzera egin dute gora, urte arteko % 32,3 eta % 32,2, hurrenez hurren.

Gainerako erkidego eta hiri autonomoen artean, Gaztela eta Leonek izan zuen aurrerakadarik handiena (% 59,5 urte artean), eta txikiena, Ceuta eta Melilla izan ezik, Extremadurak ( % 18,8).

Inportazioei dagokienez, erkidego eta hiri autonomo guztiek, Melillak izan ezik, aurrerapen nabarmenak izan zituzten.

Hona hemen, 2021eko lehenengo eta bigarren hiruhilekoen autonomia erkidego eta hiri autonomo bakoitzeko kanpo merkataritzako datuak biltzen dituen taula:


ESPORTAZIOAK INPORTAZIOAK SALDOA
Milioi € % totala Milioi € % totala Milioi €
TOTALA 80.653,1 100 82.787,7 100 -2.134,5
Andaluzia 16.836,2 11,0 7.694,2 9,3 1.182,1
Aragoi 7.500,9 4,6 3.275,8 4,0 410,7
Asturias 2.458,3 1,7 1.148,4 1,4 235,0
Balear uharteak 819,4 0,5 303,8 0,4 113,2
Kanariar uharteak
805,6

0,5

662,9

0,8

-249,4
Kantabria 1.449,5 0,9 562,1 0,7 192,6
Gaztela eta Leon
7.218,7

5,6

2.513,3

3,0

1.964,1
Gaztela-Mantxa 4.267,8 2,9 2.556,5 3,1 -235,3
Katalunia 39.684,8 25,4 22.480,3 27,2 -1.979,2
Valentzia 16.180,0 9,9 7.064,8 8,5 916,2
Extremadura 1.138,2 0,8 505,4 0,6 145,5
Galizia 11.333,0 7,3 4.503,8 5,4 1.372,1
Madril 18.029,3 12,7 19.474,7 23,5 9.251,4
Murtzia 5.903,1 3,8 2.559,7 3,1 540,0
Navarra 4.862,0 3,2 1.479,9 1,8 1.091,9
Euskadi 12.465,7 7,9 5.195,3 6,3 1.195,3
Errioxa 896,3 0,6 335,9 0,4 126,1
Ceuta 7,9 0,0 36,3 0,0 -32,6
Melilla 9,5 0,0 2,9 0,0 1,2

Iturria: Web Datacomex.De la Secretaría de Comercio del Estado, datos del departamento de aduanas.[20]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) «INEbase / Mercado laboral /Salarios y costes laborales /Encuestas de estructura salarial / Resultados» INE (Noiz kontsultatua: 2021-12-21).
  2. (Gaztelaniaz) BBVA. (2018-09-10). «A mayor nivel de estudios, mayor salario» BBVA NOTICIAS (Noiz kontsultatua: 2021-12-21).
  3. (Gaztelaniaz) «Los trabajos más demandados y mejor pagados en España» MuyNegociosyEconomia.es (Noiz kontsultatua: 2021-12-21).
  4. (Gaztelaniaz) «Tasas de paro por distintos grupos de edad, sexo y comunidad autónoma(4247)» INE (Noiz kontsultatua: 2021-12-21).
  5. (Gaztelaniaz) «EPA - Encuesta de Población Activa de las Comunidades Autónomas 2021» datosmacro.com (Noiz kontsultatua: 2021-12-21).
  6. (Gaztelaniaz) Galindo, Jorge. (2016-05-10). «El mercado laboral español: una breve historia, un oscuro futuro y una alternativa» Letras Libres (Noiz kontsultatua: 2021-12-21).
  7. (Gaztelaniaz) «Tipos de desempleo: ¿Cuántos son y cuáles son sus causas?» Economia3 2021-10-17 (Noiz kontsultatua: 2021-12-21).
  8. (Gaztelaniaz) EC11, Ángel Villarino;Colaboradores. (2021-10-03). «Los motivos por los que tenemos mucho paro aunque siempre hacen falta trabajadores» elconfidencial.com (Noiz kontsultatua: 2021-12-21).
  9. (Gaztelaniaz) «¿Qué es una crisis económica y cómo afecta la vida cotidiana?» Economia3 2021-08-14 (Noiz kontsultatua: 2021-12-21).
  10. (Ingelesez) área, Sobre el Autor Juan David Montoya P. Economista con interés en explicar conceptos claves del. Actividades económicas de España. (Noiz kontsultatua: 2021-12-21).
  11. (Gaztelaniaz) «PIB: peso de los sectores económicos España 2020» Statista (Noiz kontsultatua: 2021-12-21).
  12. (Gaztelaniaz) «1.5. Estructura económica» Guide to Business in Spain (ICEX) (Noiz kontsultatua: 2021-12-21).
  13. (Gaztelaniaz) «Los sectores económicos en España: cuáles y cuántos son» Hablemos de empresas 2021-08-05 (Noiz kontsultatua: 2021-12-21).
  14. (Gaztelaniaz) «Sector primario: qué es y cuáles son sus actividades» www.gestion.org 2020-01-10CET12:47:37+01:00 (Noiz kontsultatua: 2021-12-21).
  15. (Gaztelaniaz) Economía de España. 2021-11-16 (Noiz kontsultatua: 2021-12-21).
  16. (Gaztelaniaz) «Sector secundario: características, actividades y situación en España» www.gestion.org 2020-01-17CET13:57:04+01:00 (Noiz kontsultatua: 2021-12-21).
  17. (Gaztelaniaz) Vivienda en España. 2021-05-04 (Noiz kontsultatua: 2021-12-21).
  18. «55.000», Berria, 2015-01-14
  19. «Cifras del comercio exterior en España - Santandertrade.com» santandertrade.com (Noiz kontsultatua: 2021-12-21).
  20. «Ministerio de Industria, Comercio y Turismo - Informes de Comercio Exterior» comercio.gob.es (Noiz kontsultatua: 2021-12-21).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]