Espainiar Kongresuko lehoiak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Lehoiak

Espainiar Kongresuko lehoiak Espainiako Diputatuen Kongresuaren aurrean dauden brontzezko estatua bi dira.

1850eko urriaren 31. Espainiako Diputatuen Kongresuko eraikin berria, Narciso Pascual Colomer arkitektoaren lan neoklasikoa, inauguratu zuen Elisabet II.a erreginak. Zazpi urtez, eraikuntza lanek iraun bitartean, diputatuek Madrilgo Errege Antzokiko dantza aretoan bildu behar izan zuten, eta gustura hartu zituzten instalazio berriak. Ez, ordea, atariko eskaileraren alde banatan ipini zituzten kaleargiak. Parlamentarioek horien aurkako protesta eraginkorra abiatu zuten eta berehala kendu zituzten.

1. lehoiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hutsunea azkar betetzeko, eraikineko frontispizioa egin zuen eskultoreari, Ponciano Ponzanori, lehoi parea egiteko eskatu zioten. Baina Espainiako egoera ekonomiko kaxkarra zela eta, artistak material nobleei uko egin behar izan zien. Lehoiak igeltsuz egin eta gainetik pintatu zituen, brontze itxura emateko. Meteorologiak ez zuen gupidarik izan eta handik urtebete eskasera, herritarren eta prentsaren kritikak medio, Gorteetako arduradunek material iraunkorragoz lehoi pare berri a egiteko enkargua egin zioten José Bellver eskultoreari.

2. lehoiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baina Bellverrek ere ez zuen aurrekontu handiegirik, eta harrizko bi lehoi txiki diseinatu zituen. Gorteak zaintzen zituzten lehoi basatiak baino gehiago, katutxo errukarriak ziruditen zutoin handi horietan galduta. Berriro ere, protesten eraginez erretiratu zituzten. Ikusmina duenak, Valentziako Monforteko lorategietan topatuko ditu.

3. lehoiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garbi zegoen irtenbidea metalezko pieza handiak egitea zela, baina diru aldetik proiektu hura ez zen bideragarria. Harik eta Afrikako Gerrak sabanako erregeei behin betiko bultzada eman zien arte. 1860ko martxoaren 23an, Wad-Raseko guduan, espainiar osteek garaipena lortu zuten eta brontzezko hainbat kanoi konfiskatu zizkioten etsaiari. Gobernuak kanoiak lehoi bihurtzea erabaki zuen. Lehenengo eskultura parearen egileari egin zioten enkargua. Ponciano Ponzanoren 3.500 kiloko felino ikusgarriak Sevillan moldekatu zituzten 1865ean. Azkenik, 1872an ipini zituzten gaur egun dauden tokian. 1808ko maiatzaren 2ko heroien izenez bataiatu zituzten: Daoíz eta Velarde. Baina herritarrek berehala jarri zizkieten goitizenak: Benavides eta Malospelos.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]