Espermatogenesi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Espermatogenesiaren eskema.

Espermatogenesia espermatozoideak sortzen dituen prozesua da, hots, gizonezkoen gametogenesia. Hozi-zelula diploideetatik abiatuta sortzen dira espermatozoide haploideak, gizonezkoen gonadetan (testikulu edo barrabiletan). Espermatogenesia sexu heldutasunarekin hasten da, pubertaroan, eta zahartzarora arte luzatzen da. Nahiz eta prozesu jarraitua izan, urteak aurrera joan ahala gizonezkoen espermatozoideen kopurua etengabe jaisten da, desagertu arte.

Gizon heldu batengan espermatogenesiak 64 egun inguru irauten du. Prozesu horretan hiru fase bereizten dira:

  • Ugalketa fasea: sexu-heldutasuna iristerakoan testosterona maila igo egiten da, eta gonadetan dauden hozi-zelulak espermatozoideen ama zelulak (espermatogoniak) bihurtzen dira. Espermatogonia horiek behin eta berriz ugaltzen dira fase honetan mitosiaren bidez.
  • Hazkuntza fasea: espermatogoniak hazi eta lehen mailako espermatozitoak bihurtzen dira
  • Heltze fasea: fase honetan lehen mailako espermatozito batek (diploideak) lehenengo zatiketa meiotikoa burutzen du, 2 zelula haploideak sortuz (bigarren mailako espermatozitoak). Azken hauek, bigarren zatiketa meiotikoaren bidez, 4 zelula haploideak eratzen dituzte, espermatida izenekoak.

Hirugarren fase hori bukatutakoan espermatidek aldaketa sakonak burutzen dituzte, eta espermiogenesi izeneko prozesu baten bidez espermatozoideak bihurtzen dira. Testosterona hormonak zeregin garrantzitsua betetzen du espermiogenesian. Prozesuak hiru aste inguru irauten du.

Espermatogenesian eragin handia dute bi hormonek: testosterona eta hormona folikulu estimulatzailea (FSH)

Espermatogenesiaren tenperatura optimoa 34 °Ckoa da. Tenperatura altuagoek kalte egiten diote prozesuari. Hori dela eta, ugaztunen barrabilak gorputzaren kanpoaldean daude, gorputzaren ohiko tenperaturak (36-37 °C) espermatozoideen sortze-prozesua kaltetu ez dezan.