Espezie

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Espeziea, biologian, sailkapen biologikoaren oinarrizko unitatea da. Espeziearen definiziorik hedatuenak dio elkarrekin ugaltzeko eta kume emankorrak ekoizteko gai den organismo-taldea dela. Kasurik gehienetan definizio hau baliogarria da, baina zehaztasun gehiago behar denean beste ezaugarri batzuk erabiltzen dira, esaterako DNAren antzekotasuna edo morfologia. Espezieak azpiespezietan bana daitezke, toki espezifikoetara moldatutako berezitasunak dituzten organismo-multzoak identifikatzen badira.

Espeziearen adiera batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Espezie biologikoa (Dobzhansky, 1935[1] eta Mayr, 1942[2]). Honen arabera, espeziea elkarren artean gurutzatu daitezkeen eta beste batzuetan gurutza ezin daitezkeen banakakoen multzo edo populazioa da. Ikuspuntu zientifikotik kontzepturik onartuena da, zoologoen artean behintzat.
  • Espezie ebolutiboa (Wiley, 1978).[3]. Eboluzioan zehar nortasun propioari eusten dioten leinuak dira. Denboran eta espazioan barrena beren osotasuna mantentzen duten populazioak dira. Denboran zehar taldeko azpimultzo batek modu isolatuan eboluzionatu eta azpiespezie bat sor dezake, eta azkenean, isolamenduak (geografiko edo ekologikoak) jarraitzen badu, espezie berri baten sorrera gerta daiteke.
  • Espezie morfologikoa [4]. Seguru asko espezieak bereizteko erabili zen lehen bidea da hau. Honen arabera, espezieak ezaugarri morfologikoen edo itxuraren arabera sailka daitezke. Hurbilketa honek hainbat arazori egin behar dio aurre: badaude morfologikoki oso antzekoak diren espezieak, batez ere behe mailako izakietan, eta bestalde, zenbait espezietan itxura oso ezberdina daukaten aleak egon daitezke, esaterako adinagatik edo sexuaren arabera.
  • Espezie genetikoa. Banakakoen zein multzoen DNA aztertuz, antzekotasunak eta desberdintasunen arabera egindako sailkapenetan, antzekotasun-maila jakin batetik gora aleak espezie bat osatzen dutela ezar daiteke.
  • Espezie ekologikoa (Van Valen, 1976).[5]. Ingurumeneko baliabide-multzo jakin bat, txoko ekologiko bat alegia, erabiltzen duten organismoen taldea da. Honen arabera, populazioek espezie hitzarekin ezagutzen ditugun multzoak osatzen badituzte, ingurunea aldatzean txoko ekologiko berriak sortzen direlako da.

Espezie-kopuru estimatua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Mayr, E. 1942. Systematics and the origin of species. Columbia Univ. Press, New York.
  2. Dobzhansky T. 1937. Genetics and the origin of species. Columbia University Press, New York .
  3. Wiley, E. O. 1978. The Evolutionary Species Concept Reconsidered. Systematic Zoology, Vol. 27, No. 1, pp. 17-26.
  4. Cronquist, A. 1978. Once again, what is a species? p. 3–20. In: J. A. Romberger (ed.), Biosys-tematics in agriculture, Allenheld, Osman and Company, Montclair, NJ.
  5. Van Valen, L. 1976. Ecological species, multispecies, and oaks. Taxon 25:233–239.