Estatistikaren historia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Estatistikaren historiak estatistikak egun duen ikuspegi anitza islatzen du, hasieran datu bilketarako jarduera izatetik, egun metodologia zientifikorako funtsezko tresna bilakatu arte, historian zehar matematika, probabilitate teoria eta beste arlo batzuekin uztartzeari esker.

Quipua, inken datu estatistikoen gordailu mota bat, quipucamayoc edo quipu-egile baten eskuetan.

Estatistika zientziaren metodologiarako tresna kuantitatibo bihurtu aurretik, datu bilketa huts moduan nabarmen garatu zen XVII. mendera arte. Ordura arte antzinatik egindako erroladak eta bestelako datu-zerrenden berri anitz dago. K.a. 2238. urtean Txinako Yao enperadoreak bertako errolda bat burutzeko agindua eman zuen. Antzinako Egipton ere ohikoak ziren populazioen zerrendak. Antzinako Erroman errolden metodologia sistematikoki garatu zen eta oso ezaguna da Oktavio Augustoren aginduz burutu zen erraolda, ut describeretur universus orbis (mundu osoa bertan ager dadin, euskaraz), Lukasen Ebanjelioak azaltzen duen bezala. [1] Erdi Aroan Karlomagnok ondasunen zerrenda bat egiteari ekin zion, 762. urtean[2] . Domesday Book delako datu bilketa zabala osatu zen 1086. urtean Ingalaterran helburu nagusia zerga bilketaren antolamendua zuela [3]. Beste herrialdeetan ere arruntak izan ziren datu bilketak Erdi Aroan zehar, erresuma eta estatuen suspertzeari esker. Inka zibilizazioan ere, quipu edo soka lokarriak erabili ziren datu estatistikoak, zorrak eta ekoizpenak esaterako, gordetzeko [4]. Erroldak eta bestelako datu bilketak ugaldu ziren Pizkundean zehar, merkataritzaren sendotzearekin batera[5]. Izan ere, antzinatik eta egun ere estatistika funtsezko tresna da estatuen administrazioan. XVII. mendera arte, ordea, datuak edo estatistikak zerrenda hutsak dira, kuantifikaziorik gabe, eta beraz azterketa estatistikoa ezinezkoa zen.

Aitzindariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XVII. mendeko Bill of Mortality edo euskaraz Hilkortasun Kontua. John Graunt datu hauetan oinarritu zen bere ikerketak egiteko.

Datuen bilketaz harago, datuen analisi kuantitatiboa egiten duen lehenengoa John Graunt da, XVII. mendean. 1662. urtean berak egindako Natural and Political Observations Made upon the Bills of Mortality liburuan (euskaraz, Natura eta Politika Oharrak Hilkortasun Kontuen Gainean) Londresko biztanleriari buruzko konklusioak ateratzen ditu: hainbat urtetan jasotako demografia-datuak erabiliz, Bills of Mortality edo euskaraz Hilkortasun Kontuak hain zuzen, bizitza-taulak eratu eta aztertu eta aurresanak egiten ditu guztizko biztanleriari, heriotza kopuruari eta beste demografia-aldagaiei batzuei buruz [6]. Garai berean, ziur aski Grauntekin elkarlanean [7] aritu zen William Pettyk zientzia gizona aritu zen, Graunten lanetan oinarrituz eta bere metodoak erabiliz, beste arlo batzuetara, ekonomia esaterako, zabalduz. Pettyk Aritmetika Politikoa terminoaren baitan bildu zituen bere metodoak. Aritmetika politikoaren xedea estatuen demografia, ekonomia eta administrazioa zenbakizko informazioaz deskribatzea izan zen[8]. 1693. urtean, Graunten lanetan oinarrituz, Edmund Halleyk bizitza-taulak eratzen ditu modu zehatzago batez, aseguruen arloan erabiltzeko[9]. XVIII. mendearen hasieran, lan hauen arrakasta dela eta, demografia- eta ekonomia-datu kuantitatiboen bilketak eta azterketak ugaltzen dira Europako estatuetan, batik bat Herbehereetan, Nikolas Struyck astronomoaren eskutik kasu, eta Frantzian, Antoine Deparcieux [10] matematikari eta fisikoari esker besteak beste. Egile hauek guztiek Francis Baconek bultzaturiko enpirismoa, orduan metodologia zientifikoan nagusitzen ari zena, gizartearen ikasketara eta gobernura zabaldu zuten [11]. Alemanian, aritmetika politikoari jarraiki, Johann Peter Süssmilchek XVIII. mendean estatistika demografikoan egin zuen lana ere aipatu behar da. John Arbuthnot matematikariak arlo berriari ongi etorri eman zion, Jainko Ahalguztidunaren gauza ikusgarri guztiak zenbakiz, pisuz eta neurriz eginak dira, beraz, beraiek aztertzeko aritmetika, geometria eta estatika ulertu behar dugu esanez.[12]

Zertxobait lehenago, 1660. urtean hain zuzen, eta Alemanian, Hermann Conringek staatenkunde izena erabiliz lezioak ematen ditu unibertsitatean [13], estatuen deskribapen sistematiko eta konparatuari buruz. Gottfried Achenwallek, Conringen jarraitzailea, statistik terminoa sortu zuen XVII. mendean esanahi berberaz [14]. Alemanian garatutako ikuspegi honek ordea datu bilduma huts moduan ulertu zuen estatistika eta horrela, azkenik, datuen azterketan oinarritzen zen aritmetika politikoa izan zen estatistika metodoetan garaitu zen korrontea [15]. Horrela, alemaniarrei estatistikak daraman izena bakarrik zor zaie, nahiz eta jatorrian italierazko statista terminotik datorren, XVI. mendean sortua [16]. Ingelesera Sir John Sinclair politikoak ekarri zuen bere Statistical Account of Scotland liburu bilduman, XVIII. mendearen bukaeran.

Probabilitate teoriarekin uztartzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XVII. mendean hasten da garatzen probabilitate teoria, ausazko jokoen probabilitateen ikasketarekin loturik batez ere. Hasierako garapen honetan izen ezagunak Blaise Pascal eta Pierre de Fermat dira. XVIII. mendean zehar aurrera jarraitzen du probabilitate teoriaren garapenak: Jakob Bernoullik Ars Conjectandi argitaratzen du eta Abraham de Moivrek banaketa normala aurkitzen du, faktore askoren eraginez sortzen den banaketa moduan, neurketa astronomikoetan izaten diren erroreetarako besteak beste. Daniel Bernoulli eta beste matematikari batzuek errorearen teoria aztertzen dute, astronomia arloan neurketek dakarten aldakortasuna mendean hartzeko [17][18].

XIX. mendearen atarian, Pierre-Simon Laplace zientzia gizonak probabilitate teoriaren ikuspegi osatua ematen du eta naturako fenomenoak ulertzeko ezinbesteko tresna moduan defenditzen du. Estatistika eta probabilitate teoria berari esker uztartu eta horrela estatistikari natura- zein gizarte-zientzietan aplikazio orokorrerako bidea zabaltzen da[19].

XIX. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIX. mendearen hasieran, Carl Friedich Gaussek banaketa normala garatzen du eta Adrien-Marie Legendrek estatistikan maiz erabiltzen den karratu txikienen metodoa asmatzen du. Garai berean, Siméon Denis Poisson zientzialari frantsesak bere izena daraman Poissonen banaketa edo gertakizun arraroen legea ezarri zuen. Ordura arte zientzialari hauek eratutako kontzeptu eta tresnei esker, naturako eta gizarteko fenomenoek erakusten duten erregulartasuna azal daiteke, zientziaren ikuspegi determinista baieztatuz. Adolphe Quételet izango da XIX. mendean estatistikaren erabilera gizarte zientzietara zabaltzen duen lehena: giza errealitate osoa zenbakiz adierazi eta estatistikaz azter zitekeela erabat sinetsirik zegoen eta horrela batez besteko gizon kontzeptua sortu zuen. Horrela, Quételetek soziologiaren metodoei buruz eta baita ere gizakiaren askatasunaren gainean eztabaida piztu zuen bere garaian, gizakiaren ezaugarriak eta bizitza estatistikaz aurresan zitezkeela defendatzen baitzuen, gizarte fisika bat sortuz [20], erabateko determinismoaren alde. Belgikako gobernuarentzat ere lan egin zuen demografia eta estatistika ofizialen arloan. XIX. mendearen bukaera aldera, Francis Galtonek eta Karl Pearsonek aldagaien arteko erlazioen zehaztapenean egiten dute lana eta horrela korrelazio eta erregresio izeneko teknikak garatzen dituzte. Pearsonek khi-karratu froga asmatu zuen, eredu estatistikoen eta datuen arteko doikuntzaren egokitasuna aztertzen duena eta horrela inferentzia estatistikorako bidea zabaltzen da [21].

XX. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XX. mendeak estatistikaren zabalkuntza dakar zientzia guztietara. Mendearen hasieran, aplikazioak nagusi izanik [22], estatistikaren teoria bateratuaren falta da nabari. William Sealy Gosset ikerlariak, Student ezizenez, t banaketa delakoa asmatu zuen 1908. urtean, lagin txikietarako inferentzia abiatuz. Studenten lanek iradokirik, Ronald Fisher izan zen XX. mendeko lehenengo lau hamarkadetan inferentziaren eraikin teoriko eta matematikoa eratu zuena, berak asmaturiko egiantz handieneko zenbatespenaren teorian oinarrituz. Alternatiba gisa, probabilitatea beste era batera ulertuz, estatistika bayestarra ere, Thomas Bayes apaizak XVIII. mendean azaldu zuen Bayesen teoreman oinarriturik, mende honetan garatzen da. Andrei Kolmogorov matematikoak probabilitate teoriaren axiomatika azaldu zuen 1933. urtean eta horri esker prozesu estokastikoen teoria garatzen da XX. mendean zehar, egun zientziaren arlo anitzetan, ekonomian eta meteorologian esaterako, erabiltzen dena. Aldagai anitzeko analisia ere garatzen da: osagai nagusien analisia, analisi faktoriala, korrespondentzia analisia, eskalatze multidimensionala mendearen lehenengo erdian garatzen dira. Mendearen bigarren erdian muturreko datuen eta aurrez ezarritako ereduen mendekotasunik gabeko metodo jasankorrak eta ez-parametrikoak garatzen dira. Erabaki-teoria eta ikerkuntza operatiboa zientzia arloak estatistikaren magalean sortzen dira. Estatistika eta probabilitatea teorikoki garaturik, zientziaren alor guztietara zabaltzen dira estatistikaren erabilera, ekonomia, fisika, soziologia, medikuntzara, ... XX. mendeko azken hamarkadetan konputazio eta internet garaia heltzen da, estatistika teknika konplexuen erabilera erraztu eta aldi berean datu multzo itzelak, beraiek aztertzeko teknika berrien beharrarekin batera, sortzen direlarik.[23]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Estatistikaren historia Aldatu lotura Wikidatan

Oharrak eta erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) Estadistica, Historia de la Estadística, Enciclopedia Espasa. 22. bolumena. 429. orr.
  2. (Ingelesez) Howard W. Eves, A Very Brief History of Statistics, The College Mathematics Journal, 33. bol., 4. zbk., 2002ko iraila, 306-308 orr.
  3. (Ingelesez) Sally Harvey, Domesday Book. 2009-07-15.
  4. (Ingelesez) Paul J. Lewi: Incas and quipu, Speaking of graphics ebook-ean, Datascope webgunean. 2009-07-17.
  5. (Ingelesez) Anders Hald: A history of probability and statistics and their applications before 1750, 82. orr.
  6. (Ingelesez) Anders Hald, op. cit., 82-104 orr.
  7. (Ingelesez) Willcox: The founders of statistics, 1938.
  8. (Ingelesez) Theodore M. Porter: The rise of statistical thinking, 1820-1900, 19. orr.
  9. (Ingelesez) Anders Hald, op. cit., 134. orr.
  10. (Ingelesez) Jean-Marc Rohrbasser, Christine Théréa: Antoine Deparcieux (1703–1768) and demographic data collection, The History of the Family Volume 9, Issue 1, 2004, Pages 115-122
  11. (Ingelesez) Theodore M. Porter: op. cit., 19. orr.
  12. (Ingelesez) William Stanley Peters: Counting for something, 80. orr.
  13. (Gaztelaniaz) Juan Ignacio Piovani: Los orígenes de la estadística: de investigación sociopolítica empírica a conjunto de técnicas para el análisis de datos, Reflexiones, 2005.
  14. (Gaztelaniaz) Segundo Gutiérrez: Filosofía de la Estadística, 29. orrialdea
  15. (Gaztelaniaz) Juan Ignacio Piovani: op. cit.
  16. (Ingelesez) Howard W. Eves, op. cit..
  17. (Ingelesez) Stephen M. Stigler: The history of statistics, 93-94 orr.
  18. (Ingelesez) John Aldrich: Figures from the History of Probability and Statistics webgunea. 2009-07-16
  19. (Ingelesez) E. C. Molina: The theory of probability: some commnets on Laplace's THEORIE ANALYTIQUE, Bulletin of the American Mathematical Society, 36 zbk, 1930, 369-370 orr.
  20. (Ingelesez) Theodore M. Porter: The Mathematics of Society: Variation and Error in Quetelet's Statistics, The British Journal for the History of Science, 18 bol., 1 zbk., 51 orr.
  21. (Gaztelaniaz) Sergio Yañez Canal: La estadística, una ciencia del siglo XX. R.A. Fisher, el genio, Revista Colombiana de estadística. 23. bol, 2. zbk., 1. orr.
  22. 1901. urtean Biometrika izeneko lehenengo estatistika aldizkariaren izenburuak berak erakusten du aplikazioen nagusitasuna.
  23. (Ingelesez) Bradley Efron: Statistics in the 20th century, and the 21st. Hitzaldia Statistiche Woche 2001 delakoan, Viena, 2001eko urria.