Estropada

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Donostiako Estropadak (Kontxako Bandera): traineruak eta irabazleen harrera Donostiako kaian.

Estropada itsasontzien edo bestelako ontzien arteko lasterketa da.

Euskal Herrian eta besterik ez bada azaltzen, arraunketako herri kirola da, traineruekin egindakoa. Traineru kopuru batek, launakako txandatan banatuta, distantzia jakin batean elkarren arteko lasterketa moduko bat egiten du arraunlarien laguntzaz. Estropada irabazten duenak bandera bat jasotzen du saritzat. Ia herri kirol guztiak bezala, estropadak ere garai bateko eguneroko lanean (kasu honetan arrantzan) oinarritzen dira.

Eduki-taula

Jatorria: antzinako arrantza [aldatu]

Iragan mendeetan arrantzak garrantzi handia izan du euskaldunen elikaduran. Euskal Herria basoek estaltzen zuten eta lur landuak gutxi zirenez, hemengo biztanleak itsasora atera ziren elikagai bila. Lehenik Ipar Atlantikora abiatu ziren, han bakailaoa eta balea arrantzatzen zituzten. Zetazeo hau agertzen den zenbait herritako armarriek honen garrantzia adierazten dute. XVI. mendean, Euskal Herriko biztanleriaren hazkundearekin batera, gaur egun tradiziozkoak diren espezieen arrantza hasi zen: atuna, hegaluzea, legatza, bisigua, antxoa eta sardina.

XIX. mendean euskal itsasbazterrean hiru ontzi mota erabiltzen ziren arrantzarako: legatza bezalako alturako espezieentzat "kalera" deituriko batel handiak; antxoa eta sardinaren arrantzarako traineruak, eta kostaldeko espezieentzako batel txikiak. Arrantzarako erabiltzen zen trainerutik sortu ziren estropadak. Traineruak azkarra izan behar zuen arrain-sardara iritsi, sarea bota eta azkar biratuz arrainak harrapatzeko. Ondoren ahalik eta azkarren itzuli behar zen portura, besteek ekarritako arraina gehiegi izan eta enkanteko prezioa jaitsi baino lehen. Horregatik arrantzaleek eta arotzek ontzi arin eta azkarra egin zuten, egonkortasuna gutxiagotu arren.

Lehen lehiaketak [aldatu]

Herri kiroletan ohikoa den bezala, lehen estropadak desafio baten bidez sortu ziren: bi ontzitako arraunlariak aurka jartzen dira, dirua jokatzen dute eta puntu batera lehenengo iristen denak irabaziko du. Hala ere, norgehiagoka hau ohikoa zen apusturik gabe ere. Arrain-sardara azkar iritsi eta portura ahalik eta azkarren itzultzeko gogoak eragiten zuen.

Garai hartako bertso askotan aipatzen dira lehen lehiaketa hauek. XIX. mendeko egunkarietan ere agertzen dira arraunlariek luzatutako desafioen berriak. Desafio hauek egin beharreko distantzia adostu ondoren estropada jokatuz erabakitzen ziren.

Idatziz jasotako lehen desafioa Hondarribia eta Pasaiako bi traineruren artean gertatu zen 1871ko irailaren 22an. Estropada 13 miliatara jokatu zen (Hondarribitik Donostiara dagoen distantzia) eta pasaiatarrek irabazi zuten.

Arautegia [aldatu]

  • Traineru estropadak 3 miliatako ibilbidean jokatzen dira (5.556 metro). Joan-etorri bakarrekoak (ziaboga bat) edo bi bi joan-etorrikoak (hiru ziaboga) izan daitezke.
  • Baliza bakoitzean kolore ezberdinak ipintzen dira nahasterik sor ez dadin.
  • Traineruak 12 metroko luzera eta 1,72 metroko zabalera izan behar ditu. Bere pisuak ezin du 200 kilo baino gutxiagokoa izan.
  • Traineru bakoitzak bere kalea du eta ezin du beste kale batean sartu arerioren bat oztopatzen badu. Bi traineruk edo beren arraunek ezin dute elkar ukitu.
  • Estropada hasi eta 20 segundo baino lehen arazo edo ezustekoren bat gertatzen bada, berriz hasiko da hasieratik.

Trainerua [aldatu]

Trainerua hamahiru arraunlari eta lemazain batez osatzen da. Lemazaina popan jartzen da eta bere eginkizun nagusia norabidea ezartzea da. 1920 inguruan hasi ziren lehiaketarako traineruak eraikitzen. Ordura arte arrantzontzi arruntak erabiltzen ziren estropadetarako, panelak eta babesgarriak kenduz zertxobait arindu ondoren. 1916an Mutrikuko Bizente Olazabalek Getariako tripulazioarentzat lehen trainerua eraiki zuen. Enara izenez bataiatu zuten eta 400 kiloko pisua zuen.

XX. mendearen bukaera aldera arte arotz ontzigileek diseinua hobetu zuten teknika eta esperientziari esker. Ontziaren hezurdura eraikitzeko haritza erabiltzen zen eta kanpo aldea iparraldeko pinuz estaltzen zen iltze galbanizatuekin. Gaur egun, lehiaketan ez da egurrezko trainerurik erabiltzen. Material berriek eta arinagoek ordezkatu dute. Traineruaren prezioa ere nabarmen igo da, inflazio-maila baino gehiago. 1970ean 45.000 pezeta kostatzen bazen, gaur egun zenbait milioi (pezeta) ere bai.

Estropada ezagunak [aldatu]

Plentziako Arkote Arraun Taldea 2007ko Kontxako Banderarako sailkapen egunean.

Traineru estropadak Kantauri itsaso osoan zehar jokatzen badira ere, garrantzitsuenak Euskal Herrian jokatzen direnak dira. Gipuzkoan (Zarautz, Hondarribia, Pasaia, Orio, Zumaia...) eta Bizkaian (Nerbioi ibaia, Ondarroa, Santurtzi, Lekeitio, Bermeo...) ospatzen dira estropadak udan.

Kontxako Bandera [aldatu]

Estropadarik garrantzitsuena Donostiako Kontxako Bandera da. Arraunketaren olinpiada izena ere eman izan dio jendeak. Edozein klubentzat gehiago balio du Kontxako Bandera lortzeak, urte osoan irabaz daitezkeen beste guztiek batera baino. Entzute izugarria du arraunaren munduan.

Kontxako Bandera irailaren lehen bi igandeetan ospatzen da, bi jardunalditan. Kanporaketa bidez hautatutako zortzi talde onenek parte hartzen dute. 3 miliako ibilbide klasikoan jokatzen da, baina ziaboga bakarrarekin. Estropada honek itsas zabalean haize, olatu eta korronteen aurka egiten ziren desafio zaharren tradizioa gordetzen du. Gehienetan irabazi duena Orioko trainerua izan da 31 banderarekin. 2008tik aurrera Emakumezkoen Kontxako Bandera ere jokatzen da, hauek distantzia erdia osatzen dutelarik.

Luis Carrilen estropada [aldatu]

XIX mende bukaeran jokatu zen desafio bat da, Euskal Herrian mito bilakatu dena. 1888ko azaroaren 25ean ondarrutarrek Pasai Donibanekoei irabazi zieten eta Donostiako tripulaziorik onenari erronka bota zieten. Estropada hamar miliatara egitea erabaki zuten (Lekeitiotik Donostiara). 25.000 pezeta jokatu zituzten, dirutza handia garai hartarako. Donostiako tripulazioa gidatzeko Luis Carril aukeratu zuten. Ikusmin handia piztu zuen lehia honek. Azkenean, Donostiak irabazi zuen 81 minutuko ibilbidea egin ondoren.

Estropadak gaur egun [aldatu]

Herri kirol honek gaur egun ere bizirik dirau krisialdi batzuk izan baditu ere. 1994ean aurrera Ligak eratu ziren arraunketa modernizatzeko. 2002 arte Traineruen Euskal Liga izan zen (talde kantabriarrek ere parte hartzen zutelarik) eta 2003tik aurrera TKE Liga osatu zen, bertan galiziarrak ere aritzen dira. Arraun talde guztiak sisteman sartu dira, bigarren eta hirugarren mailak osatuz, Galizian Ipar-mendebaldeko Ligan eta Euskal Herrian eta Kantabrian KAE Ligan.

Ligako estropadak eta Kontxakoa telebistaz ematen dira. Traineruen barruan GPS aparatuak jartzen dira denborekin zalantzarik egon ez dadin. Laburbilduz, XXI. mendearekin batera estropaden mundua ere garai berrietara egokitu da ezinbestean.

Azken hamarkadetako emaitzak [aldatu]

Urtea Kontxako Bandera Liga nagusia Espainiako Txapelketa
1990 Koxtape (P.Donibane) ez San Pedro
1991 San Pedro ez Koxtape (P.Donibane)
1992 Orio ez Arraun Lagunak (Donostia)
1993 San Pedro ez Orio
1994 San Pedro San Pedro San Pedro
1995 Donibaneko Arraunlariak Donibaneko Arraunlariak Orio
1996 Orio Orio Tirán
1997 Orio Orio Tirán
1998 Orio Orio Orio
1999 Koxtape (P.Donibane) Koxtape (P.Donibane) Orio
2000 Orio Koxtape (P.Donibane) Astillero
2001 Castro Urdiales Castro Urdiales Castro Urdiales
2002 Castro Urdiales Castro Urdiales Astillero
2003 Astillero Astillero Astillero
2004 Astillero Urdaibai Astillero
2005 Hondarribia Astillero Astillero
2006 Castro Urdiales Hondarribia Astillero
2007 Orio Urdaibai Urdaibai
2008 Castro Urdiales Urdaibai Astillero
2009 Kaiku Castro Urdiales Kaiku
2010 Urdaibai Urdaibai Kaiku
2011 Urdaibai Kaiku Kaiku
2012 Kaiku Kaiku Hondarribia

Estropada handienen palmaresak [aldatu]

  • Kontxako Bandera: Orio (31), San Pedro (15), Donostia (14), Pasai Donibane (10), Hondarribia (10), Sestao (8)...
  • Espainiako Txapelketa: Orio (14), Astillero (8), Pedreña (8), Pasai Donibane (6), Sestao (6), Moaña (4)...
  • Euskal Liga (1994-2002): Orio (3), Pasai Donibane (3), Castro Urdiales (2), San Pedro (1)
  • TKE Liga (2003- ): Urdaibai (4), Astillero (2), Kaiku (2), Hondarribia (1) eta Castro Urdiales (1).
  • Euskadiko Txapelketa: San Pedro (7), Orio (6), Kaiku (5)...
  • El Corte Ingles Bandera: Orio (10), Kaiku (8), Santurtzi (4), San Pedro (4)...
  • Zarauzko Ikurrina: Orio (11), San Pedro (5), Santurtzi (4)...

Ikus, gainera [aldatu]

Kanpo loturak [aldatu]