Eszipion Emiliano

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Publio Kornelio Eszipion Emiliano Afrikano (latinez Publius Cornelius Scipio Aemilianus Africanus Minor) (K. a. 185 - K. a. 129) jeneral eta politikari erromatarra izan zen. Luzio Emilio Paulo Mazedonikoren (Mazedoniako konkistatzaile) seme naturala izan zen. Publio Kornelio Eszipionek, Eszipion Afrikarraren seme zaharrenak, semetzat hartuta, Afrikano abizena jaso zuen Eszipion Emilianok.

K. a. 151ean, Hispanian, Erromako armadek deskalabruak baino ez zituzten ezagutzen. Eszipion Emilianok, boluntario joanda, tribuen gainean bere aitonordeak, Eszipion Afrikanok lortutako entzutea berreskuratu zuen. Hurrengo urtean, Kartagokoek, Masinisa Numidiako printzearekin hitz egiteko bitarteko hautatu zuten. Masinisak, halere, Erromako sustapena izanda, gerra piztu zen berriro Kartago eta Erroma artean.

Lehen borroketan, Eszipion Emiliano nabarmendu zen, manuko ofiziala izan arren. K. a. 147an, kontsul izendatu zuten, zilegizko adina ez bazuen ere. Honela, armadaren burua bihurtu zen. Kartagotarrak heroikoki borrokatuta ere, Erromako Senatuak hiria birrindu zuen.

K. a. 142an, zentsor izendatuta, garaikideen luxuari eta inmoralitateari aurre egiten saiatu zen. K. a. 134an kontulatuan berriro, beste gerra batean aritu zen. Hispaniako Numantzia hiriak behin eta berriro menderatzen zituen Erromako armadak. Eszipion Emilianoren lehen ardura soldaduen morala eta diziplina igotzea izan zen. Hori lorturik, Numantzia sitiatu zuen. K. a. 133an biztanleek hiria errenditu zuten. Horri esker, Numantino izengoitia ere jaso zuen Eszipionek.

Grakiarren erreformen garaian, Senatuko alderdi atzerakoien alde jo zuen Eszipion Emilianok, bere emaztea Tiberio eta Gaioren arreba bazen ere. Tiberioren hilketaren berri izanda, hala esan zuen: "Honela hil daitezela honela jokatzen dutenak". K. a. 129an, laborantza-erreformei buruzko hitzaldia eman behar zuen eguenean, ohean hilik aurkitu zuten. Hilotza honen misterioa ez zen inoiz argitu. Urte batzuk geroago, Zizeronek Grakiarren aldeko Karbori leporatu zion hilketa.

Eszipion Emiliano kulturazalea izan zen. Bere ondoan garaiko kultura-pertsonaia garrantzitsuenak bildu zituen: Polibio historialari greziarra, Panezio filosofoa, Luzilio poeta eta Terentzio antzerkigilea. Aldi berean, Erromako ohitura zaharrak ere oso gustokoak zituen, Polibio eta Zizeronen arabera. Grakiarren aurkaria izan arren, ez zegoen jende xumeen interesen kontra. Gizon moderatua garai zail batean izan zen. Hori zela eta, bi alderdikoek gorroto zioten.