Etiopia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Artikulu hau herrialdeari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus Etiopia (argipena).
Etiopiako Errepublika Federal Demokratikoa
የኢትዮጵያ ፌዴራላዊ ዲሞክራሲያዊ ሪፐብሊክ
( ye-Ītyōṗṗyā Fēdēralāwī Dīmōkrāsīyāwī Rīpeblīk )
Etiopiako bandera
Bandera

Etiopiako armarria
Armarria

Goiburua: Ez du
Nazio ereserkia:
Wodefit Gesgeshi, Widd Innat Ityopp'ya
( Aurrera egin, Etiopia Ama maitea )
Etiopia: kokalekua
Hiriburua
(eta hiri handiena)
Addis Abeba
9°1′N 38°44′E / 9.017°N 38.733°E / 9.017; 38.733Koordenatuak: 9°1′N 38°44′E / 9.017°N 38.733°E / 9.017; 38.733
Hizkuntza ofiziala(k) Ez du, Amharera de facto
Gobernua
Presidentea
Lehen Ministroa
Errepublika federala
Girma Wolde-Giorgis
Meles Zenawi
Sorrera
- Italiaren okupaziotik
K.a. 2000 inguru
1941 urtarrilaren 31
Eremua
• Guztira
• Ura

1.104.300 km² (26.)
% 0,7%
Biztanleria
• Zenbatespena(2005)
• Errolda (1994)
• Dentsitatea

Herritarra

77.431.000 (15.)
53.477.265
70 biztanle/km² (103.)

etiopiar
Dirua Birr (ETB)
Ordu eremua
 • Udan (DST)

Bai (UTC +4)
Interneteko domeinua .et
Telefono aurrezenbakia +251

Etiopia Afrika ipar-ekialdeko estatua da, Afrikako Adarrean. Izena grezierako Αἰθιοπία (Aithiopia) izenetik dator, Αἰθίοψ (Aithiops - etiopiar) izenetik eratorria. Iraganean, Abisinia izenaz ere ezagutzen zen. Kontinenteko historia luze eta jarraituko estatu independentea da, baita mundu osoa kontuan hartuta ere. Europarren kolonizazio garaian, Liberiarekin batera, independente iraun zuen estatu bakarra izan zen, italiarren bost urteko okupazioan izan ezik. Honako mugakideak ditu: Eritrea, iparraldean; Djibuti, ipar-ekialdean; Somalia, ekialdean; Kenia, hegoaldean; eta Sudan, mendebaldean.

Hiriburua Addis Abeba da.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etiopia satelite irudian

Etiopiako herritarren gehiengoa Afrikako Adarrean kokatua dago, Afrika ekialdeko mutur osoa hartzen duena. Rift Haran Handiak herrialdea bitan banatzen du ipar-ekialdetik hego-mendebaldera eta beheragune handia eta hainbat aintziraren arroa osatzen ditu.

Hidrografia sarea Nilo Urdina, Omo, Awash, Xebeli eta Genale ibaiek osatzen dute. Aintzira nagusia Tana da, zeinaren hustubidea Nilo Urdina baita, Niloren ibaiadar nagusietakoa. Sakonune handi bat dago hego-mendebalean, aintzira ugariz hornitua: Zwai, Langana, Awusa, Abaya, Txamo, Estefania eta Rodolfo, azken hori Sudan eta Keniako mugan.

Garaierak eta kokagune geografikoak hiru gune klimatiko ematen dizkio: Gune hozpela 2.400 metrotik gora, (tenperaturak 0tik 16ºCra); gune epela 1.500 eta 2.400 metro artean (16 Â°C eta 30ºc artean); eta gune beroa 1.500 metrotik behera (egunez 27 Â°C eta 50 Â°C artean, klima tropikal eta lehorrean). Euri garaia ekainetik irailera izaten da (luzeagoa hegoaldeko mendialdean), otsailetik edo martxotik noizbehinka zaparradak egiten baditu ere.

Landaretza oparoa da eta tropikoko fruituak lantzen dituzte. Lur hauetan elefanteak, hipopotamoak, bi adarreko errinozeronteak, zebrak, jirafak eta orkatzak bizi dira. Erdialdeak klima leunagoa du, eta Mediterraneoko fruituak jasotzen dira bertan. Klima epeleko mendialdeetan aleak ereiten dira. 3.650 metrotik gora, Alpeetako itxura du landaretzak. Goi-lurretan ugariak dira bufaloak, basahuntzak, hienak, lehoiak, leopardoak, ahuntzak, eta 3.000 metrotaraino, tximinoak eta babuinoak.

Anton Abbadiak herrialdea esploratu eta kartografiatu zuen 1838 eta 1848 artean.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Etiopiako historia
Aksumgo zutarria, Aksum

Etiopiaren jatorri historikoa K. a. II. mendean hasitako Axumgo Erresuman dago. IV. mendean kristautasuna herrialdean ezarri zen. Arabiarrek Meka hiria 570ean hartu zutenean, erresuma boteretsu haren gainbehera hasi zen. Hala ere, XV-XVI. mendeetan zehar lurraldearen gehiena musulmanei berriz konkistatu zieten.

Axumeko estela

Aethiopia izena (Irudi erreak) beltzen zenbait lurralde adierazteko erabiltzen zuten greziarrek (Nubia, Sudan, Abisinia). Gaurko Etiopia antzina lurralde oso indartsua izan zen, eta K. a. VII. mendean Egipto hartu eta bertan agindu ere egin zuen (XXV. dinastia). Tradizioaren arabera, Sabako Erreginak (etiopiarren ustetan, Makeda zuen izena), Israelgo Salomon erregearekin seme bat izan zuen Menelik izenekoa, eta hark Jerusalemdik Aksumera, garai hartako Etiopiako hiriburura, eraman zuen Ituneko Kutxa. Bibliak Etiopia izendatzeko Kux deitura erabiltzen du. Hango biztanleak Hego-Arabiako etorkinak izan ziren, bake-bakean Kuxdarrak bizi ziren lurretara etorri eta Axumgo Erresuma sortu zutenak, leinuen artean hitzarmenak eginez. Aksumgo erregeak Antzinako Erromaren eta Persiaren arteko guduetan nahastu ziren.

Tradizioak dioenez, San Frumenziok eraman zuen kristautasuna bertara; baina historiak dioenez, Itsaso Gorrian bizitzen jarri ziren merkatari greko-erromatarren ekarria izan zen. K. o. 522. urtean, Kaleb Aksumeko erregeak, Bizantzioko Justinianok eskaturik, Yemeni eraso zion, Nejrango kristauak babesteko. Baina Mekako arabiarrek garaitu zituzten (570) eta ohildu zituzten Arabiatik. Erreinua gainbehera etorri zen eta mende bat geroago musulmanek hartu zituzten behe-lurrak eta erregeek hegoaldera jo behar izan zuten. Zagetarren dinastiak hiriburua Aksumetik Rohara aldatu zuen, eta bertan Lalibela erregeak (XIII. mendearen hasieran) zenbait eliza eraiki zituen. 1270ean, Salomondarren eskura joan zen agintea. Etiopiako kristauen eta musulman berrien arteko borroka, Zara Iakub erregeak Ifateko sultana 1445ean garaitu zuen arte luzatu zen. Errege horrek Eliza eraberritu zuen, eta fraideen eragin politikoa moztu eta heresiak zapaldu. XV. mendean, Etiopiaren eta Jerusalemen arteko harremanek Mendebaleko Elizarako bidea ireki zuten (Florentziako kontzilioa).

XVI. mendean, Ahmad ibn Ibrahimen musulmanak lurralde zati bat menderatu zuen. 1541ean Portugalgo armada bat Massawan lehorreratu zen islamak Itsaso Gorriko bidea kontrola ez zezan. Portugaldarrez eta etiopiarrez osaturiko armada batek Harareko sultana eraso zuen eta Ahmad hil (1542), baina haren ondorengoak Claudius negusa garaitu eta hil zuen (1559). Beren etsaiak ahuldurik ikusirik, lurralde zati bat menderatu zuten Galla leinuek (Hego-Somalia eta Ipar-Kenia). XVII. mendearen hasieran Etiopiako kristauak Erromara hurbildu ziren Pedro Paez misiolari espainiarraren eraginez. Aldi batez gainbehera joan ondoren, Lij Kassa negusak (Teodoro III), feudalak azpiratu zituen.

Haile Melikot Xoako errege garaituaren Menelik semea bere zerbitzura hartu zuen Teodoro III.ak. Baina bere politika zapaltzailea gero eta gogorragoa egin zen. 1863an Ingalaterraren eta Teodoro III.aren arteko harremanak guztiz zailak izan ziren eta azkenik ordezkari ingelesak preso sartu zituen Teodoro III.ak. Horiek askatzeko gudaroste bat igorri zuten ingelesek, eta Robert Napier buruzagiak Magdala gotorlekua hartu zuen (1868); Teodoro III.ak bere buruaz beste egin zuen. Tigreko Dejaz Kassaren eskuetara igaro zen agintea Joan IV.a izenaz (1872-1889). Bere garaian oste kolonialek (Ingalaterra, Frantzia, Italia) lurraldea inguratu zuten. Egiptok iparrean egin zuen eraso, Sudango Mahdiak mendebala. Joan IV.ak egiptoarrak garaitu zituen Guran (1876) eta 1884an, lurraldea utzi zuten ingelesekin hitzarmen bat izenpetu zuen Eritreako Massawa portuko merkatu librea ziurtatzeko.

1885ean italiarrak hasi ziren Etiopian barneratzen. Joan IV.a negusa sudandarren kontrako Gallabat-eko borrokan (1889ko martxoaren 9a) hil zutenean, Menelik II.aren kontrako gerra hasteko zorian zegoen. Menelik II.ak agintea eskuratu (1889), eta Salomondarren dinastia berriro ezarri zuen. 1889ko maiatzaren 2an hitzarmen bat egin zuen Italiarekin (Ucciolli). Baina dokumentua ulertzeko orduan istiluak sortu ziren etiopiarren eta italiarren artean, hauen iritziz Etiopia beren babesgoko baitzen, eta militar talde bat bidali zuen Italiak lurraldera. Baratieri italiar jenerala Aduwan garaitua izan zen (1896), eta ondoren Menelikek hegoaldeko gallak garaitu eta, europarren interesez baliatuz, zenbait lurralde bereganatu zituen, horien artean Harar (1887), eta bertako emirra gatibu hartu zuen. Addis Abeban sinaturiko beste hitzarmen baten bidez, Ingalaterra, Frantzia eta Italia izango ziren Etiopiako burujabetzaren babesle.

Meneliken ondoren 1913an Lij Yasu bere biloba etorri zen; baina hura erregetzatik kendu eta Waizeru Zauditu, Meneliken alaba izendatu zuten enperadore, Ras Tafari Makonnen bere lehengusua errege-orde zelarik. 1923an Etiopia Nazioen Elkarteko kide bihurtu zen. Enperadorea hiltzean, Ras Tafari enperadore bihurtu zen (1930) Haile Selassié izenaz. Etiopiarren eta italiarren arteko arazoak, 1934ko hitzarmenari esker, baretu egin ziren itxuraz. Baina urte bereko abenduan Sudango mugako Walwalen izandako borrokan, etiopiarrek 100 sudandar eta Italiako armadako 30 lagun hil zituzten. Italiak ordainak eskatu zituen, eta Etiopiak Nazioen Elkartera jo zuen; baina elkarte horrek ez zuen konponbide egokirik aurkitu. Gertakari hura aitzakiatzat hartuz, eta egindako hitzarmena ahaztuz, Italia faxistak 1935eko urriaren 2an Etiopia inbaditu zuen Badoglio jenerala buru zela. Negusak Djibutira egin zuen ihes, eta geroago Ingalaterrara. Nazioen Elkarteak Italia erasotzaile deklaratu zuen eta zigorrak ezarri zizkion (1935eko azaroaren 18a). Italiarrek Etiopia Eritrearekin eta Somaliarekin bateratu zuten, Afrikako italiar Ekialdea eratuz, eta Vittorio-Emmanuel III.ak Etiopiako enperadore titulua hartu zuen (1936), eta Graziani jenerala errege-ordeko izendatu.

Bigarren Mundu Gerran, Italiak Britainiar Somalia eta Keniako zati bat zapaldu ondoren (1940), italiarrak lurralde haietatik ateratzeko erabakia hartu zuten ingelesek. 1941eko apirilaren 6an sartu ziren Addis Abeban. Haile Selassie, Ingalaterra utzi eta Khartumera heldu zen, eta 1945eko maiatzaren 5ean sartu zen hiriburuan. 1942ko urtarrilaren 31n Etiopiak Italiari, Alemaniari eta Japoniari gerra aldarrikatu zien. Bi urte geroago, Ingalaterrarekin egin zuen hitzarmen bati esker, askatasun osoa eskuratu zuen Etiopiak, eta urte beraren bukaeran soldadu ingelesek lurraldea utzi zuten.

1952an Nazio Batuek onartu zuten Eritrea lurralde autonomo gisa, Etiopiari elkartzeko. Baina enperadoreak 1960ean autonomiaren eskubidea bertan behera utzi zuen eta horrek matxinada sortu zuen Eritrean. Etiopiako armadak (1978an, kubarrek lagundurik) zapalkuntzari ekin zion gogortasunik handienaz, baina gaur oraindik, eta alderdien artean gorabeherarik badago ere, bizirik dago Eritreako matxinada. 1960an Somaliak Ogaden eskatu zuen, bertan somaliarrak bizi direla-eta. Horiek Addis Abebako gobernuaren kontra gerrilla berri bat eratu zuten, bai eta autodeterminazio eskubidea eskatu ere. Enperadorea 1974ko irailaren 12an erregetzatik kendua izan zen. Behin-behineko Administraritza Kontseilu Militar bat eratu zen, M. A. Andom buru zela; azaroan hura hil ondoren, T. Bentik hartu zuen agintea; hura ere hil zuten (1977ko otsailaren 3a), eta, haren ordez, Mengistu H. Mariam etorri zen. Etiopiako egoera oso larria da, eta gosea ikaragarria lurralde osoan.

1988. urteko apirilaren 3an Etiopiak eta Somaliak bakea izenpetu zuten eta horri esker Somalian zeuden 3.500 preso Etiopiara itzuli ahal izan ziren. Hala eta guztiz ere, ez ziren baretu Eritrearen eta Etiopiaren arteko iskanbilak. Urte bete geroago gatazkan dauden bi alderdien arteko negoziazioei ekin zieten Estatu Batuetako Atlantan baina negoziazioek ez zuten onik izan. 1990. urteko martxoaren 5ean Mariam-en gobernuak sozialismoa baztertu eta ekonomia mistoaren aldeko apostua egin zuen. 1991. urtean bere nazio guztiaz jabetu zen Eritreako armada eta Eritrea estatu burujabea dela esan daiteke egun.

Azken urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1974ko matxinada militarraren ondoren Haile Selassie enperadorea aginpidetik kendu zuten, behin betiko; aurretik gorabehera handiak izan ziren gizartean, Eritrearekin gerran aritu baitzen Etiopia eta gosete handiei aurre egin behar izan baitzieten etiopiarrek. Estatu kolpearen ondoren gobernua militarren esku gelditu zen (Behin-behineko Administrazio Kontseilu Militarra, edo Dergue), industria eta lurrak nazionalizatu ziren, eta eritrearren, oromoen eta eta somaliarren gerrillei esetsi zieten. 1977an Eritrearekin gerran sartu zen eta baita Somaliarekin ere, Ogaden anexionatu nahi zuela-eta. Etiopiak Kubaren eta Sobiet Batasunaren laguntza jaso zuen, eta Somaliak mendebaldeko herrialdeen laguntza. 1988 arte ez zuten bakea sinatu. Etiopiaren baliabide apurrak gerrak eta istiluak gainditzeko erabili izan ziren. 1987an errepublika ezarri zen, Etiopiako Errepublika Demokratikoa, eta zibilez osaturiko gobernu komunista osatu zen; Mengistu Haile Mariam lehendakariak modernizazio politika jarri zuen abian, baina huts egin zuen, 1980ko hamarkadako lehorteak (milioi erdi nekazari baino gehiago hil ziren urte haietako lehorteetan), eritrearren kontrako gerraren ondorioak eta Sobiet Batasuna desagertzean galdu zuen laguntza zirela-eta. Horrek gerrillaren estatu kolpea eragin zuen 1991n, eta Mengistu Hailek Zimbawera ihes egin behar izan zuen. Estatu kolpearen ondoren Meles Zenawi buru zuen behin-behineko gobernua antolatu zen eta erreforma demokratikoak finkatzeko ahaleginak egiten ari dira; hauteskundeak egin ziren 1994an (1995eko abuztuan Meles Zenawi izendatu zuten Lehen Ministro, eta Negasso Gidada lehendakari) eta konstituzio berria idatzi zen, baina zailtasun handiak daude, behin-behineko gobernuaren eta oposizioaren arteko tirabirak direla-eta; oposizioa bera ere oso zatituta dago, batzuek (amharek) estatu federal, bateratu eta zentralizatua nahi duten arren, beste etnia batzuek (oromoek) beren lurraldearen autonomia ez ezik, independentzia ere eskatzen dutelako. Gizartean gorabehera handiak daude, eta lehorteen eraginez gosete handiak izaten dituzte. 2000ko hauteskundeetan, FDRPE alderdia izan zen irabazlea.

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Amhariarrak dira eragin handiena duten biztanleak, lau milioi inguru izan arren. Hizkuntzaz kamitak dira, arabiera eta hizkuntza beltzekin nahastuak; erlijioz koptoak eta lurraldearen heren bat hartzen dute. Gallak kristauak, musulmanak edo animistak dira, eta Etiopiako erdia inguru osatzen dute. Kamitak dira, eta artzaintza dute lanbide nagusi. Somaliarrak Harar aldean eta hego-mendebalean bizi dira. Erlijioari dagokionez, gurtza askatasuna dago, baina Eliza kristau koptoak izan du garrantzi handiena enperadorearen, administrazioaren eta amhariarren erlijioa izan delako.

Etiopiako ezaugarri nagusietako bat etnien aniztasuna da; biztanle gehienak oromoak edo gallak dira (18.000 biztanle inguru), baina kontuan hartzekoak dira, besteak beste, amharak eta somaliarrak ere. Oro har, etnia bakoitza bizi den lurraldearen arabera banaturiko administrazio barrutietan dago antolatua Etiopia; horrela, mendialdeetan amharak bizi dira, Addis Abeba ingururaino; oromoak edo gallak, berriz, erdialdean eta hegoaldean bizi dira, goi ordokietan; shangallak ekialdean, Eritreatik Turkanara bitartean, eta somaliarrak ekialdean eta hego-ekialdean. Hizkuntzei dagokionez ere, aberastasun handiko lurraldea da Etiopia. Biztanle gehienek hizkuntza semitak edo kusitak erabiltzen dituzte. Semita da, hain zuzen ere, Etiopiako hizkuntza ofiziala, amharera. Dena dela, etnia, erlijio eta hizkuntza aniztasun horrek zeresan handia izan du Etiopian, aberastasuna ekarri duen arren, gizataldeen arteko arazo eta liskar ugariren iturri ere izan baita hizkuntza, erlijio eta kulturaren beste ezaugarri batzuetan duten desberdintasunagatik. Bizi itxaropena 47 urtekoa da gizonentzat eta 49koa emakumeentzat, munduko apalenetakoa. Jaiotza tasa garaia da oso, eta heriotza tasa ere altua den arren, bizkor hazten ari da biztanle kopurua.

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etiopia munduko herrialderik pobreenetakoa (pertsona eta urteko 100 dolarreko errenta) eta atzeratuenetakoa da. Ekonomiaren oinarria nekazaritza da (biztanleen hiru laurdenak enplegatzen ditu eta barne produktu gordinaren % 50 eta esportazioen % 90 hartzen du), eta artzaintzak ere garrantzi handia du. Nekazaritzako gai nagusiak laboreak dira, baina lehorte larrien eraginez askotan inportatu behar izan dituzte oinarrizko elikagaiak; dena dela, lehorteez gainera, arazo ugari sortzen dituzte teknika modernorik ezak eta herrialde barneko liskarrek.

Industria oso atzeratuta dago, ehungintza eta elikagai industria dira jarduera aipagarri bakarretakoak, eta horiek ere barne kontsumorako behar dena bakarrik ekoizten dute. Lurpeko aberastasunei dagokienez, Etiopiak baditu zenbait aberastasun baina ez dira behar bezala ustiatzen. Energia beharrak asetzeko zura erabiltzen da batez ere, eta horren eraginez basoak soiltzen eta higadura arazoak sortzen ari dira. Atzerrirako merkataritzako gai nagusiak nekazaritzako gaiak, lekariak, larrua eta, batez ere, kafea (esportazioen % 60) dira; kafea da, jatorriz Etiopiako produktua, bertako aberastasun bakarretakoa, baina merkatuko prezioen eta uztaren gorabeheren mende dago.

1973ko eta 1984ko gertaera lazgarriek (erregimen aldaketak eta barne gatazkak, eritrearren eta somaliarren altxamenduak) gastu militar izugarriak ekarri zituzten. Gerra zibilaren eta ekonomiaren kolektibizazioaren eraginez Etiopiako ekonomiak hondoa jo zuen, eta 1990ean merkatu ekonomiara itzuli zenetik egoera berrira egokitzeko zailtasun handiak izan ditu. Gobernua estatuaren jabetzako lurraldeak saltzen hasi zen eta ekonomia liberalizatzeko neurriak hartzen ari da, baina ez dago garraio egokirik, ur falta handia da eta azpiegiturak oso kaskarrak dira; XX. mendea arte Etiopian oinez edo animalien gainean ibiltzen ziren bertako biztanleak, eta garraiobide berriak antolatzen ari diren arren, gaur egun oraindik jende eta ondasun asko garraiatzen dira oinez edo animalietan. 1999an, Eritrearekiko gerrak sortutako ihesaldi handien ondorioz, gosete latzak izan ziren eta lurra zeharo hondatuta geratu zen. Eritrearekin bakea sinatu ondoren, ia bi milioi gutxiago dira bizirik irauteko kanpoko laguntzaren premian dauden etiopiarrak. 2003-2005 bitartean, etiopiar ekonomiak % 10 egin zuen gora, baina hazkunde hori oso modu desberdinean banatu zem lurralde osoan zehar.

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etiopia bederatzi eskualdetan eta bi eskualde-hiritan banatua dago. Eskualdeek (kililoch, sing. kilil) oinarri etnikoa dute eta 68 aldetan banatuak daude. Eskualde-hiriak (astedader akababiwoch, sing. astedader akababi) Addis Abeba eta Dire Dawa dira. 550 barruti (woreda) eta sei barruti berezitan azpibanatua dago. Horiek, auzotan (kebele) banatuak daude.

Etiopiako eskualde eta eskualde-hiriak, hurrenkera alfabetikoan

Hauek dira bederatzi eskualdeak eta bi eskualde-hiriak:

1 Addis Abeba
2 Afar
3 Amhara
4 Benishangul-Gumaz
5 Dire Dawa
6 Gambela
7 Harari
8 Oromia
9 Somali
10 HNNHE*
11 Tigray

Eskualde-hiriak letra etzanean.
* Hegoaldeko Nazioen, Nazionalitateen eta Herrien Eskualdea.

1996 baino lehen, Etiopia hamairu probintziatan banatua zegoen, gehienak eskualde historikoak: Arsi, Bale, Gamu-Gofa, Gojjam, Begemder, Hararghe, Illubabor, Kaffa, Shoa, Sidamo, Tigray, Welega eta Wollo

Kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bete Giorgis (San Jurgi) eliza, Lalibelan

Etiopian Gizateriaren Ondare sailkatutako zortzi toki ditu. Ezagunenak bi dira: Aksum (Aksumgo Erresumako hiriburua) eta Lalibela (haitzean industutako elizak).

Amhareraz gain, Estatuaren laneko hizkuntza dena, biztanleriaren %29k mintzatua, beste 80 bat hizkuntza ere mintzatzen dira Etiopian. Hedatuenak oromoera, tigrinyera (edo tigrignera), somaliera, afarera, gurageera, sidamoera eta arabiera dira. Beste batzuk: Ge'ez, Xamtanga, Kunfal, Qimant, Awngi, Arbore, Daasanach, Baiso, Bussa, Gawwada, Alaba, Burji, Gedeo, Kambaata, Libido, Hadiyya, Diraxa, Konso eta Saho.

Biztanleriaren erdia inguru kristau ortodoxo edo koptoak da. Etiopiako Eliza, Egiptoko Eliza Koptoari atxikia, 1974. urtea arte Estatu Eliza izan zen. Biztanleriaren %30 musulmana da, batez ere hego eta ekialdean. %10 inguru, berriz, animista da. 1980ko hamarkada arte, 30.000 laguneko gutxiengo judua zegoen Etiopian, falatxa izenekoak, 1990eko hamarkadan Israelera lekualdatu zituztenak.

Jaiegunak kristauak, musulmanak eta militarrak dira batez ere:

Jaiegunak

Eguna Euskarazko izena Jatorrizko izena Oharrak
urtarrilaren 6 edo 7 eguberriak Gänna/Ledät (ገናልደት) Jesukristoren jaiotza
urtarrilaren 19 Timkat Temqät (ጥምቀት) Epifania
apirila edo maiatza Pazkoa Fasika (ፋሲካ)
irailaren 11 Urteberria Enqutatash (እንቁጣጣሽ)
irailaren 27 edo 28 Meskel Mäsqäl (መስቀል) Gurutze Santuaren eguna

Jai musulman nagusiak (egunak hejira egutegian)

Eguna Euskarazko izena Jatorrizko izena Oharrak
Chawal 1 Aid el-Fitr Id Alfitr Ramadan amaiera
Dhi Hidja 10 Aid el-Adha Id al Adh Hadj-eko egun nagusia (erromesaldia Mekara)
Rabi Thani 12 Mawlid an-Nabi Mäwlid Profetaren jaiotza

Jaiegun nazionalak

Eguna Euskarazko izena Jatorrizko izena Oharrak
martxoaren 2 Adwako Guduko oroitzapena Adwa del (ዓድዋ ድል) Menelik II.aren garaipena Italiarren aurka (1896)
maiatzaren lehena Langileen eguna
maiatzaren 5 Askapen eguna / Etiopiar Abertzaleen garaipena Omédla del (ኦሜድላ ድል) Haile Selassieren itzulera Addis Abebara (1941)
maiatzaren 28 Derg-en erorketa

Etiopiar ezagunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Etiopia Aldatu lotura Wikidatan