Etruriar arte

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Senar-emazteen sarkofagoa, Vila Giulian, Erroma.

Etruriar artea Italiako iparraldean sortu zen, zibilizazio etruriarraren eskutik. Zibilizazio hau K.a. IX eta II. mendeen artean garatu zen. Gaur egun gordetzen den artea hileta-izaerakoa da, bai pintura aldetik eta bai eskulturari dagokionez. Artisautzan ere trebeak ziren oso, zeramikazko ontzietan pintatzen baitzuten, greziarren antzera, eta bitxigintza eta metalurgian ere lan ederrak egin zituzten, adibidez brontzezko ispilu grabatuak.

Etruriarren zibilizazioaren aztarnak Italiako zenbait eskualdetan daude: Toskana, Lazio eta Umbria. Italiako museo handienetan ere ikusgai daude etruriarren zenbait artelan, batez ere Erromako Museo Nazionale Etrusco-n eta Vatikanoko Museo Gregoriarrean; Museo Archeologico de Firenze, Museo Archeologico Nazionale Etrusco della Città di Chiusi-n eta Volterrako Museo Etrusco Guarnacci-n. Etruriarren artea ikus daitekeen beste museo batzuk Artiminoko Archeologico Etrusco, Pitiglianoko Civico Archeologico eta Todiko museo Etruriar-Erromatarra.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etruriarren zibilizazioa, izenak dioen bezala, Etruria eskualdean kokatzen zen, iparraldean Arno, hegoaldean Tiber eta mendebaldean Tirreno itsasoa zuelarik.

Herri honek Brontze Aroan eta Burdin Aroan Asia Txikitik kanporatutako herri ugariren eraginak jaso zituen, nahiz eta beste kultura batzuek ere izan zuten zer ikusia etruriarren arte-estiloan, hurbil zeudelako edo harreman komertziala zutelako. Haien artean aipatzekoak dira greziarrak, feniziarrak, egiptoarrak, asiriarrak eta Ekialde Hurbileko kulturak. Itxuraz beren estiloa beste herrietakoaren kopia den arren, ukitu berritzailea antzeman daiteke. Estilo horren garai distiratsuena greziarren aro arkaikoaren antzekoa da. Honek eragin izugarria izan zuen arte erromatarrean.

Bost garaitan bana dezakegu arte etruriarraren garapena:

  • K. a. X. mendetik K. a. VIII. mendera arte – Garai Vilanoviarra. Hemen hasten da etruriarren zibilizazioa, eta ehorzketaren ordez errausketa praktikatzeagatik egin ziren ezagun.
  • K. a. 800 urtetik K. a. 650 urtera arte – Ekialdeko kutsua hartu zuten etruriarrek garai honetan. Kultura arloko harremanak izan zituzten garaiko zibilizazio mediterranearrekin, batez ere Antzinako Greziarekin, ondorioz arte etruriarrean eredu greziarretan oinarrituriko tradizio figuratiboak agertu ziren.
  • K. a. 650 urtetik K. a. 500 urtera arte – Garai arkaikoa. Etruriar arteak estilo joniarraaren eta korintoarraren eraginak jaso zituen. Gizartearen egituraketari eta kulturarteko harreman ugariagoei esker teknika berriak agertu ziren arte honetan. Zehazki, pinturak garapen izugarria jasan zuen: sabaiak margotzetik pitxerrak eta freskoak margotzera igaro ziren, eta terrakota margotuan egindako eskultura hedatu zen.
  • K. a. 500 urtetik K. a. 300 urtera arte – Garai klasikoa. Gero eta artelan gutxiago sortzen ziren krisi politiko eta militarraren ondorioz, bai barnekoa bai kanpokoa. Salbuespena Vulciko brontzeak dira.
  • K. a. 300 urtetik K. a. 100 urtera arte – Garai berantiarra. Helenismoak eta erromatar kulturak indar handia hartzen dute, ondorioz etruriarrak erromatarren mende gelditzen dira.

Artea eta erlijioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arte etruriarrak gehienetan izaera erlijiosoa du, horregatik erlijio etruriarraren baldintzak betetzen ditu. Hil ondorengo bizitza negatibotzat hartzen zuten, egiptoarrek ez bezala, hauentzat lurreko bizitzaren jarraipen bat baitzen; edota greziarrek ez bezala, jainkoengan konfiantzazko harremanak baitzituzten hauek. Etruriarrentzat jainkoak etsaiak ziren, zoritxarrak eragiten zituztenak, horrela erlijio etruriarra jainkoen nahia betetzean itsututa zegoen, haiek ez haserrarazteko. Arte honen aztarna gehienak hilerrietan aurkitu dira, adibidez Cerveterin, Tarkinian, Populonian, Orvieton, Vetulonian eta Norchian. Beraz, arte honetan erlijiozko elementuek gailentzen dute, eta batez ere heriotzari lotutakoak, hori izan edo ez benetako arte etruriarra.

Etruriarren hiria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orvietoko hiri etruriarra.

Lehen herrixkak oinplano karratua, laukizuzena edo borobila zuten etxetxoek osatzen zituzten, teilatu oso aldapatsuarekin, gehienetan lasto edo buztinezkoak. Italiako gainerako herrien antzekoak ziren, etxeen kokapen logikoan izan ezik. Etruriarren herrixkak ez zeuden hala-nola kokatuta, logika ekonomiko edo estrategiko jakin bat jarraituz baizik. Horietako asko meseta edo goi-lautaden gainean eraikitzen ziren, inguruko lurrak edo itsasoak errazago ikusi ahal izateko. Volterra horrelako herria da, irudian ikus daitekeen bezala. Beste herri forma batzuk, Veyes edo Tarkinia adibidez, lursail emankorretan sortu ziren, nekazaritzarako oso egokiak.

Hiria eraikitzen hasteko, goldearekin bi ardatz nagusi markatzen ziren: kardoa (iparraldetik hegoaldera) eta dekumanoa (ekialdetik mendebaldera). Ondoren gelditzen ziren lau sektoreak “insulae”tan zatitzen ziren, eta kardoarekiko eta dekumanoarekiko kale paraleloak sortu. Hiri-plano hau oraindik ikusgai dago Etruria zaharreko hainbat hiritan. Hala ere, kaleak zatitzeko modu hau ez zen hauen ideia izan, greziarrek ere sistema bera erabili baitzuten, eta erromatarrek ere hartu zuten hainbat hiri sortzeko, adibidez Augusta Praetoria eta Augusta Taurinorum, gaur egungo Aosta eta Turin.

Hiria harresi batek inguratzen zuen, gehienetan ziklopeoa, hilobi eta tenpluen oinarriekin batera arte etruriarraren testigantza bakarra errepresentatzen dutenak. Eraikuntzan erabiltzen ziren materialak buztina, toba eta kareharria ziren, marmola ia ezagutu ere ez baitzuten egiten.

Hirietan sartzeko erdi-puntuko arkudun ateak zeuden, bi dorreren artean. Honek modelo erromatarretan eragin zuen beranduago. Ateak zazpi edo lau izan ohi ziren, nahiz eta hiri batzuetan bost edo sei sarrera egon zitezkeen. Hauetatik garrantzitsuenak kardoaren eta dekumanoaren muturretan zeuden. Hasieran ateak arkitrabedunak ziren, baina K.a. V. mendetik aurrera arku itxura hartzen hasi ziren, tobazko bloke handiekin eraikiak. Garai berantiarreko ateak, Volterrako Porta all’Arco esaterako, freskoz eta behe-erliebez apainduta zeuden.

Arkitektura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izaera ziklopeoko eraikuntza ugariez gain, etruriarrek Ekialdetik erdi-puntuko ganga eta ganga perfektua ekarri zituzten. Elementu hauek erromatarrengana etruriarrei esker iritsi ziren. Gainera haien eraikuntzek zutabeak euskarri gainean dituzte, ordena toskanarra eratuz, dorikoaren antzekotasunak dituena.

K.a. VIII. mendean etxeak lauangeluarrak izatera igaro ziren. Zurezkoak eta adobezkoak egiten ziren, eta beranduago tobazko konkorrez. Bi pisu ere izaten zituzten batzuetan. Etxerik aberatsenetan, egurrezko estrukturak margotutako terrakota plakekin babesten ziren hezetasunagandik. Hasieran, aristokrazia hiru zatitan egindako etxeetan bizi zen, batzuetan patioa zuena; geroago greziar estiloko patioaren inguruko etxebizitza handietan (domus).

Tenpluak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Material iragankorrez egin zirenez, tenplu etruriar gutxi batzuk baino ez dute iraun gaur egun arte. Vitruviok idatzi zuen haietaz, eta ordena toskanarraren barruan izendatu zituen.

Tenpluak eraikin handi eta karratuak ziren. Harrizko oinarri baten gainean altxatzen ziren, eta aurretik begiratzeko bakarrik pentsatuta zeuden. Sarrera ere aurrealdean bakarrik zuten, eskaileratxo baten bidez. Tenpluen azalera bi eremutan banatzen zen:

  • In antis ataria, pronaos ere deitua, zortzi zutabe zituen, lauko bi errenkadatan ezarrita.
  • Atzeko aldea, cella, batzuetan hirutan zatitzen zen, gelaxka bakoitza hiru jainkoetako bati dedikatuta.

Frontoia eta sabaia terrakota margotuekin apaintzen ziren. Horren adibide bat Veyesko Portonaccio tenpluko Gorgonaren burua da. Batzuetan teilatuaren gainean mukulu biribileko eskultura handiak ezartzen ziren, hauek ere margotuta.

Tenplu greziarrak eta egiptoarrak ez bezala, zeinak zibilizazioekin batera aldatzen joan ziren, tenplu etruriarrek beti berdin jarraitu zuten mendeetan zehar. Hori pentsaera etruriarraren ondorioz zen, bertan tenpluak otoitz egiteko eta jainkoek entzuteko lekua besterik ez baitziren, ez jainkoen lurreko bizilekuak beste kulturetan bezala.

Ohikoa zen tenpluetara eskaintzak eramatea, normalean terrakotazko edo brontzezko iruditxoak izaten ziren, edo sakrifikatzeko animaliak, hala nola ahuntzak edo arkumeak.

Hilobi-arkitektura (nekropoliak)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Emakume baten sarkofagoa.

Hilobi etruriarrak oso ondo gorde dira, harrizkoak izateagatik. Orokorrean hirien kanpoaldean kokatzen ziren, baina kardoarekiko eta dekumanoarekiko paraleloan. Hiru motatako nekropoliak edo katakonbak daude arte etruriarrean: hipogeoak, edikuluak eta tumuluak.

Erlijio etruriarrean gizakia izaki ahula eta garrantzi gabekoa da, horregatik hil ondorengo bizitza igarotzeko familia-giroa behar du, eta bere ondasun materialen ondoan egon behar du. Honek azaltzen du zergatik eraikitzen ziren hain kontu handiz nekropoliak, eta etruriarren pintura ia guztiz hileta-izaerakoa izatea, baita hilobietan arreo aberatsak aurkitu izana ere, haietako batzuk Italia hegoaldeko greziar kolonietakoak jatorriz. Nekropolietako hormak kolore ugariz pintatzen ziren, heriotzaren kolore beltzarekin kontrastatuz. Honela, informazio iturri esanguratsu bilakatzen dira, eguneroko bizitzaren alderdi asko ezagutzea ahalbidetzen dutenak, eta etruriarren sinesmen eta errituen berri ematen dizkigutenak. Hau ezingo litzateke testuetatik soilik jakin.

  • Hipogeoak: Guztiz lurperatuta dauden zuloak dira. Haien artean ezagunena “Volumnioen Hipogeoa” da, 1840an aurkitua. Katakonba mota honetara eskailera maldatsu batetik jaisten zen, zuzenean atarira zeramana. Bertan sei hilobi inguru egon ohi ziren, pasabide estuez lotuak. Uste da hipogeoetan maila sozial jakin bateko pertsonak bakarrik hilobiratzen zirela, esaterako politikariak, militarrak eta elizgizonak.
  • Edikuluak: Hauek lurretik kanpo eraikitzen ziren, miniaturazko tenpluak balira bezala, baina barrutik etruriarren hasierako etxeen antzekoak zirenak. Haien sinbologian bizitza eta heriotzaren arteko bidaiaren erdigunea adierazten zuen edikuluaren itxurak, hau da, bizitza mundutarraren azken etapa. Aipagarriena “Bronzetto dell’Offerente” da, Populonian dagoena.
  • Tumuluak: Hilobiratzea egin ondoren, lur geruza batzuez estaltzen ziren hilobiak, mendixka modukoak sortuz. Hilobi hauek, hipogeoak bezala, gelaxka batzuetan banatzen dira, eta horien tamaina hildakoaren aberastasunaren araberakoa zen. Normalean plano biribilekoak ziren. Garrantzitsuena Erliebeen Hilobia da, Banditacciako nekropoliaren barruan dagoena (Cerveteri).

Eskultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Brontzezko estatua etruriar bat.

Eskultore etruriarrak trebezia handiko artisauak ziren. Kalitate handiko piezak egiten zituzten (estatuak, zeramika, ispiluak, kutxak...) terrakotaz, tobaz, buztinez, brontzez eta metalez. Bitxigintzako lanak ere egin zituzten urre, zilar, boli eta bucchero deituriko zeramika beltzean. Chiusi hiriko “Museo Archeologico Nazionale Etrusco”n hainbat errautsontzi, bucchero zeramikazko pitxerrak eta brontzezko iruditxoak ikus daitezke. Era berean, Volterrako Guarnacci museoan seiehun bat errautsontzi, terrakota eta harzurizkoak, ikus daitezke.

Etruriarren eskulturan eragin handia izan zuten greziarrek, baina ez zuten inoiz lortu Atenas edo Tebasko eskulturen armonia eta perfekzioa. Hala ere aurpegien irudikapenetan ikus daitekeen naturalismoa jaso zuten haiengandik, eta erromatarrei igaro.

Arte adierazpen guztiak bezala, eskulturak ere helburu bezala jainkoak goraipatzea zuen. Hileta-errituei ere lotzen zaie, hilobietan eskultura ugari aurkitu izan baitira, bereziki Perugian, Volterran eta Chiusin. Hauetako gehienek izaki mitologikoak irudikatzen dituzte.

Aipagarriak dira, halaber, bikoteen sarkofagoak, non senar-emazteak kline baten gainean etzanda ageri diren. Aurpegietan greziar aro arkaikoaren eragina nabari da, baina materialari dagokionez alde handia dago, etruriarrek material bigunagoak aukeratzen baitituzte, errazago moldatzeko. Horrek berezkotasuna ematen die irudiei. Gizakiez gain, animaliak ere irudikatzen ziren, haietako batzuk modu errealistan (Kapitolioko otsemea esaterako), baina beste batzuk modu fantastikoan, Ekialdeko eraginekin (Arezzoko Kimera).

Etruriar eskulturaren adibide ezagunenak hauek dira:

  • Veyesko Apolo. K.a. VI. mendea. Apolo jainkoaren eskultura da hau, Portonaccioko tenpluan aurkitua. Bere aurpegian eskultura greziar arkaikoaren eragina nabarmentzen da. Orain Italiako museo etruriar nazionalean dago.
  • Arezzoko Kimera, K.a. 380-360 urteak. 1553an aurkitu zenetik, toskanar nazionalismoaren sinbolo da. Gaur egun Florentziako “Museo Archeologico”n dago. Ekialdeko munstroetan inspiratutako animalistikaren adibidea da, animalia askoren zatiekin

sortua.

  • Todiko Marte. K.a. 400-350 urteak. Brontzean landua, 142cm garai da, Klasizismo greziarraren eragina erakusten digu eskultura honek, gerlariaren jarreran kontrapostoa bideratu den irudi honetan.

Kapitolioko otsemea denbora askoan eskultura etruriartzat hartu da, baina orain Erdi Arokoa dela uste da.

Hilobi etruriarretan metalezko eta zeramikazko objektu asko bilatu zituzten, Mediterraneo Ekialdeko eragina nabarmentzen dutenak. Produktu guzti horiek Europa Iparralderako eta Ekialderako esportazioaren oinarri izan ziren.

Etruriarrek brontzezko iruditxo ugari egin zituzten, baita argimutilak ere, eta tresnak ere bai. Ispilu grabatuak ere ugariak dira, “pater” deituak. Urteetan zehar urrezko kopak eta bestelako lanak aurkitu dira grabatuekin, kardamekin, filigranekin eta bozelketekin. Lehengaia meategietatik ateratzen zuten. Kobrezko meategiei esker lortu zituzten armak eta itsasontzien piezak. Brontzearekin tamaina handiko txanponak egin zituzten.

Etruriarrek mundu greziarretik inportatzen zuten zeramika, adibidez François ezaguna, bolutak eta irudi beltzak dituen kratera izugarria, K.a. 570. urtekoa. 1844an aurkitu zen hilobi etruriar batean, Fonte Rotellako nekropolian. Korintiar inportazioko zeramikak eragina izan zuen bertako produkzioan, bi motatakoa zena: zeramika leuna eta beltza (bucchero) eta greziarren imitaziozkoak.

Clusium, Tarkinia eta Vulcin aurkitutako margotutako pitxerrek arte greziarraren eragin nabarmena erakusten dute, estiloari eta landutako gaiari dagokionez (mitologia greziarra), eta Campanian, Italia hegoaldean, Sizilian eta Grezian aurkitutakoen oso antzekoak dira.

Pintura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pareta bateko freskoak.

Gaur egun dirauten pintura etruriar gehienak hilobien hormetako freskoak dira, gehien bat Tarkiniakoak. Garrantzi handia du, ez maila artistikoagatik, baizik eta erromatarren aurreko Italiako arte figuratibo adibiderik esanguratsuena delako baizik. Mediterraneo ekialdeko kulturekin erlazionatu izan da pintura etruriarra.

Hilobiek gela baten barruko itxura bera zuten. Sabaia gangatua zuten, edo kupula izunekoa, eta hormak fresko teknikaren bidez pintatzen ziren. Teknika honi esker irauten du margoak mendeetan zehar, izan ere, margotutako azalera lehortzean pinturak bat egiten du hormarekin.

Eszena mitologiko eta hiletakoak irudikatzen zituzten. Batzuetan eguneroko bizitzako pasarteak ere margotzen zituzten, dantzari, musikari edo zaldunekin. Estiloa argi eta garbi bi dimentsioduna zen, estilizatua (lerro beltzak irudiak markatzeko), kolore argitsuduna eta giro alaiekoa.

Pigmentuak harri eta mineralen bidez lortzen zituzten, xehetuz eta nahastuz. Gehien erabiltzen ziren koloreak gorria, berdea eta urdina ziren, itxuraz konnotazio erlijiosoa baitzuten haien ustez. Pintzelak animalien ilez egiten zituzten, eta oso zehatzak ziren.

K.a. IV. mendearen erdialdetik aurrera argi-iluna erabiltzen hasi zen irudiei sakontasuna eta bolumena emateko. Proportzio kontzeptua ez da fresko bakarrean ere agertzen, eta askotan ikus daitezke pertsona edo animalien gorputzeko zati desproportzionatuak. Fresko garrantzitsu bat Leonaren hilobia da, Tarkiniakoa.

Garai berantiarrean, heriotzarekiko jarrera alaia aldatu egin zen, ziurrenik arte greziarreko aro klasikoaren eraginez, eta irudiek umore aldaketa jasaten dute, pentsakor eta zalantzati agertzen dira heriotzaren aurrean.

Bestelako arteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Belarritako etruriar bat.

Ez da arrastorik geratzen etruriar literaturatik, baina horrek ez du esan nahi ez zenik existitu, zatiren bat edo beste aurki baitezakegu idazle erromatarren lanetan.

Dirudienez, egon zen antzerkigintza etruriarra, autore latindar batzuek aipatzen baitute. φersu hitza erabili zuten horretarako, gero latinera pasa zena, eta ondorioz beste hizkuntza erromantzeetara, latinez pertsona esan nahi duena, hau da, komediako “maskara”.

Musikari dagokionez, argi dago bazutela beren kultura musikala, pintura freskoetan eta behe-erliebeetan ikus daitekeen bezala. Bertan txirula mota desberdinak agertzen dira, adibidez plagiaulos, pan-txirula, alabastro-txirula eta txirula bikoitza. Perkusio instrumentuez laguntzen zuten musika hori, esaterako tintinanbuloa, tinpanoa eta krotaloak. Azkenik, lira eta zitara moduko sokazko instrumentuak ere ikus daitezke.

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Etruriar arte Aldatu lotura Wikidatan