Etxepintxoa

Koordenatuak: 43°18′33″N 2°28′08″W / 43.3093°N 2.4688°W / 43.3093; -2.4688
Wikipedia, Entziklopedia askea
Etxepintxoa etxea
 Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Bizkaia
HerriaBerriatua
Koordenatuak43°18′33″N 2°28′08″W / 43.3093°N 2.4688°W / 43.3093; -2.4688
Map
Historia eta erabilera
Eraikuntza XVIII. mendea
Arkitektura
EstiloaArkitektura barrokoa
Ondarea
EJren ondarea7

Etxepintxoa Berriatuan (Bizkaian) dagoen eraikina da, garrantzitsua fatxadako margoak direla-eta.

2000ko urriaren 3an, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eraikin askea da, oinplano karratukoa (14,5x14,5m) eta lau isurialdeko teilatuduna. Hiru solairu ditu, behekoa eta beste bi.

Bere aurrealdeak herriko enparantzara ematen du. Aurrealde honek sortzen du interesa beste guztien gainetik, besteak nahiz barruko antolaketa bere garaiko herri etxebizitzen parekoak baitira. Fatxada nagusia ordea, bere tratamendua dela eta, nekazaritzarako baserria baino gehiago egoitza etxe bati dagokiona da.

Aurrealde honek bao banaketa simetrikoa aurkezten du. Sarrera ateburuduna beheko solairuko erdian du eta, albo bakoitzean, neurri ezberdineko bi leiho. Solairu nagusian hutsune banaketa antzerakoa da, baina leiho guztiak neurri berdinekoak dira eta erdiko atearen bitartez zurezko balkoi jarraitu batera irten gaitezke. Azken solairuak balkoi berdina aurkezten du, atea erdian dagoelarik, baina leihoak txikiagoak dira eta ez daude modu erregularrean kokatuta.

Aurrealde honetako goiko bi solairuetan margo ederrak topatzen ditugu. Hauek aurrealde guztia hiru zerrenda bertikaletan banatzen dute. Erdiko zerrendan jatorrizko hutsuneak kokatzen dira, eta jatorriz itsuak ziren alboetako hormetan agerpen ezberdinak aurkitzen dira.

Kanpoko eustormak zarpeatutako harlangaitzez eginak dira eta barruko egitura berriz zurezkoa da.

Barne antolaketa aztertuz, sarrera nagusiaren bidez solairuaren erdian kokatzen den zurezko eskailera batera iristen gara, honek bi solairu igotzen ditu, azken hauek eskaileraren inguruan antolatzen direlarik. Behe solairuan zurgindegi bat kokatzen da, aldiz solairu nagusian etxebizitza kokatzen da. Azkenik bigarren solairua ganbara moduan antolatuta dago.

Gaur egun, hainbat eraikin txiki ditu erantsita eskuineko eta atzeko aldeei.

Margoen azalpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esan bezala aurrealdearen goiko bi solairuetako hormak garai hartako agerpenekin apainduta agertzen zaizkigu, okre kolorezko marren bitartez banatuak. Solairu nagusiaren ezkerreko aldetik hasita, errezelez eta Luis XV.aren garaiko altzariez jantzitako egongela bat ageri zaigu. Bertan hiru pertsonai agertzen dira, hauetariko batek luma bat eskuan duela zerbait idazteko prest dagoelarik. Bertan irekitako leihoak pertsonaien aurpegiak eraman ditu, baina XVIII. mendeko bigarren zatiko jantziak bereizi ditzakegu. Bestelako gaiak eta idatzi bat ere ikusi ditzakegu.

Eskuineko agerpenean, berriz, bi lehiakideren bitarteko ezpata borroka ikusi dezakegu. Hauen aurpegiak ikusgai daude. Hauez gain beste pertsonaia batzuk ere agertzen dira, hauetariko bati epaile edo alkatearen itxura antzematen zaiolarik. Guztiak dotore jantzita daude.

Bigarren solairuko margolanetara igaroz, ezkerrean zaldun bat ikusten dugu arrapaladan doan zaldi baten gainean. Eskuinean, berriz, etxetxo multzo bat, artzainbaso inguru batean.

Erdialdeko leihotxoen azpian bi zaldun ageri dira eta horien eta balkoiaren erdiko baoaren arteko zatiak arkitektura gaiak dituzten margoek apainduta agertzen zaizkigu.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa