Eugen Jochum

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
1=The German conductor Eugen Jochum
Eugen Jochum

Eugen Jochum alemaniar orkestra-zuzendaria izan zen (Babenhausen, Bavaria, 1902 - 1987). Tradizio posterromantikoko azken alemaniar zuzendari handia zen. Pianoa eta organoa jotzen ikasi ondoren, orkestra-zuzendaritza ikasi zuen. 1927tik 1929ra bitartean, Kieleko Operako orkestra-zuzendari izan zen. Han eman zuen, 1926an, bere lehen kontzertua, Brucknerren Zazpigarren Sinfoniarekin, Municheko Orkestra Filarmonikoa zuzenduz. 1932an Berlineko Irratiko musika-zuzendari izendatu zuten. Naziak indarra hartzen hasi zirenean, Berlinetik alde egin zuen. Hanburgon musika-zuzendari nagusi izan zen, Karl Böhmen ondoren, 1934tik 1949ra bitartean. 1949an Munichera dei egin zioten, Bavariar Irratiko Orkestra Sinfonikoa sortzeko. 1960 arte izan zen orkestra haren zuzendari, eta Alemaniako orkestra onenetakoa izan zen bere garaian. 1961etik 1964ra bitartean, Amsterdameko Concertgebouwko Orkestraren zuzendari izan zen, Bernard Haitinkekin batera. Eta azkenik, 1975etik 1978ra bitartean, Londresko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari. Veronica Jochum (1932) piano-jotzaile ezagunaren aita da. Alemaniar errepertorio erromantikoa izan zen bere espezialitatea, eta disko asko grabatu zituen, lehena, 1932an: Mozarten pianorako kontzertu bat, Edwin Fisherrekin. Besteak beste, Beethovenen eta Brucknerren sinfonia osoak grabatu zituen, 1960ko hamarkadan eta 1970ekoan. Gaur egungo musikari dagokionez, Karl Amadeus Hartmannek berari dedikatu zion 6. Sinfonia (1953) eta Gottfried von Einemen Tanz Rondo (1959) grabatu zituen. Bera izan zen, gainera, Carl Orffen triptiko famatua (Carmina Burana, Catulli Carmina eta Afroditaren garaipena) diskoan grabatu zituen lehena.


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Eugen Jochum Aldatu lotura Wikidatan