Eugene Nida

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Eugene A. Nida (Oklahoma City, AEB, 1914ko azaroaren 11 - Brusela, Belgika, 2011ko abuztuaren 25) XX. mendeko itzulpen teorialari eta Bibliaren itzultzaile handienetako bat izan zen. Itzulpengintzaren alorrean, baliokidetasun dinamikoaren teoria formulatu zuen.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oklahoma City-n jaio zen (AEB). Hizkuntza klasikoen esparruan (bereziki, greko klasikoa) egin zituen ikasketak eta alor horretan goi mailako gradua lortu zuen 1936an Kaliforniako Unibertsitatean.

Berehala, 1937an, Hego Kaliforniako Unibertsitatean jarraitu zituen ikasketak, 1939an Itun Berriko Grezieran master gradua lortu zuen arte. 1943an, hizkuntzalaritzako doktore maila lortu zuen Michigango Unibertsitatean. Urte berean, apaiz baptista ordenatu zen, eta Althea Lucille Spraguerekin ezkondu zen. Bikoteak elkarturik jarraitu zuen, emaztea hil zen arte, 1993an. 1997an, María Elena Fernandez-Miranda itzultzaile eta interpretearekin ezkondu zen.

Bere hasierako urratsetan ikuspegi kontserbadorean hezia izan bazen ere, Biblia Berriaren ikuspegi ekumenikoa zabaltzen saiatu zen bizitza osoan.

Ibilbide profesionala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1943an, American Bible Societyn hasi zen lanean, itzulpengintza programaren arduradun gisa; hala jardun zuen, 50 urte luzez. Bere lanaren xedea zen Bibliaren itzulpen zehatz eta eguneratua egitea. Langintza horretan, bere teoriak praktikara eraman zituen.

Nida Euskal Herrian izan zen, 2002. urtean, Donostian, EIZIEk antolatutako Itzulpengintzari buruzko jardunaldietan. Hasierako hitzaldia egin zuen, "Some overlooked problems in Bible translating" (Bibliaren itzulpengintzan ahantzitako arazo batzuk) izenburuaz.

Hizkuntzalaritza eta itzulpen teoriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nida aitzindari izan zen hizkuntzalaritza eta itzulpen teoria alorretan.

Bere doktorego-tesia, A Synopsis of English Syntax (Ingelesaren sintaxiaren sinopsia), hizkuntza nagusien sintaxiaren arteko erkaketa lan sakona izan zen.

Itzulpengintzaren esparruan, Nidaren ekarpen nabariena baina, aldi berean, hizkuntzalaritzaren esparru batzuetan eztabaidatua, baliokidetasun dinamikoa (edo baliokidetasun funtzionala) izan zen. Proposamen hori Toward a Science of Translating (1964, Itzulpenaren zientzia baterantz) liburuan aurkeztu zuen.

Nidaren iritziz, itzulpengintzan esanahiak izan behar du lehentasuna, ez formak. Itzulpen egintza hiru urratsetan gauzatu beharra ikusten du: azterketa, transferentzia eta berregituratzea. Bere ustez, linguistika erkatzaileak ordu arte ezarritako ikuspegi formal hertsiak (nolabait esateko, "hitzez hitz" egindako itzulpenak) lausotu egin ditzake sorburu hizkuntzako testuaren kultur testuingurua eta osagai soziolinguistikoak. Bi hizkuntzen hitzen arteko zubi izan ordez, Nidaren ustez itzulpengintzaren xedea da kulturaz eta etnografiaz desberdin diren bi mundu elkarretaratzen saiatzea.

Charles Taber-ekin batera, The Theory and Practice of Translation (1969, Itzulpenaren teoria eta praktika) argitaratutako liburuan azaldu zuen, lehenengo aldiz, xede hizkuntza esamoldea, testu bat itzultzeko erabilitako hizkuntza izendatzeko. Itzulpengintzaren ikuspen tradizionalak ezarritako egile/itzultzaile eskema gainditu, eta prozesu horretan hirugarren eragile baten beharra aldarrikatu zuen, irakurlearena alegia, irakurlea baita, azken batean, itzulpen baten balio funtzionala aitor dezakeen bakarra.

Hiru faktoreren mende ikusten ditu Nidak itzuli beharreko testuak, eta, ondorioz, itzultzailearen jokamoldea ere: (1) Mezuaren izaera: testu batzuetan, edukia da funtsezkoa, baina beste batzuetan formak izan behar du garrantzia (literatur testu batzuetan, adibidez). (2) Egilearen eta itzultzailearen xedea: formaz eta edukiaz informazio zehatz eta egokia ematea, irakurleak zuzen uler ditzan testuaren inplikazio guztiak, hau da, itzulpena oker ulertzeko biderik utzi gabe. (3) Irakurle motak: itzulpen baten irakurle guztiak ez dira berdinak, ez mezuak ulertzeko garaian, ez eta izan ditzaketen interesetan ere.

Nidak frogatu zuen, beste hizkuntzalari batzuekin batera, itzulpengintza askoz ere prozesu konplexuagoa dela, lehen begiratuan uste izan daitekeena baino. Izan ere, itzultzaileak sorburu testuaren atzean begiratu beharra dauka, maila intra-testual batean xehatu eta xede testuan berriro kodetuta emateko, kultur ikuspegi propio bat, berariazko esamoldeak eta hizkuntza figuratibo propio bat erabiliz, testua ongi ulertua izan dadin, ez bakarrik hitzen esanahia emanez testuinguru jakin horretan, baizik sorburu testuaren eragimena berreraikiz itzultzailearen hizkuntzak daukan sistemaren barruan.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]