Euklidesen Elementuak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Elementuak
Euklidesen Elementuak liburuaren ingelesezko lehenengo bertsioa, 1570
Datuak
IdazleaEuklides (K.a. III. mendea)
GeneroaMatematika
Jatorrizko izenburuaΣτοιχεῖα
HizkuntzaAntzinako greziera
HerrialdeaEgipto
Bilduma13 liburu
Euskaraz
IzenburuaEuklides. Elementuak
ItzultzaileaPatxi Angulo Martin
Argitaratze-data2005

Elementuak (antzinako grezieraz: Στοιχεῖα, /stoicheia/) matematika eta geometria tratatu bat da, hamahiru liburuz osatua, Kristo aurreko 300 urte inguruan, Alexandrian, Euklides greziar matematikariak idatzia.

Elementuak historian testu-liburuetako gehien jendarteratuenetariko batentzat hartua da eta bigarrena argitalpen kopuruetan Bibliaren ostean (1000 baino gehiago). Mende askotan zehar, quadrivium-a unibertsitateko ikasleen programaren barruan zegoen, eta testu hori ezagutzea eskatzen zen. Gaur egun ere, zenbait hezitzailek erabiltzen dute geometriaren oinarrizko hastapenerako.

« Niretzat misterioa ez da Hirutasun Santua, baizik eta Euklidesen matematikak naturako hainbat esparru argitu eta ulertzeko balio izatea. Euklidesen liburua orain dela bi mila urte dago idatzirik, baina balio izaten jarraitzen du. Egia da XIX. mendearen amaie-ran beste geometria batzuk sortu zirela, bai-na Euklidesenak betiko balio du, eta ez soilik matematikarako. Horri buruzko esplikaziorik ez daukat, enigma bat da. »

Jose Ramon Etxebarria[1][2]


K.a. 306. urtearen inguruan Ptolomeo I.a zen Egiptoko agintaria. Horrek Museoa zeritzon eskola edo institutu moduko bat sortu zuen eta bertan aritu zen Euklides matematika irakasten.

Ptolomeok geometriarako sarrera erraz bat idazteko eskatu zion Euklidesi. Lan horren emaitza izan zen sekulako matematika lanik ospetsuena eta eraginik handiena izan duena: Elementuak.

Euklidesek, gainera, beste hainbat arlotako lanak ere idatzi zituen, optika, astronomia, musika, eta abarrei buruzkoak. Elementuak lana ez da ezaupide geometrikoen bilduma bat, ordena logikoan emandako oinarrizko matematikaren funtsezko gauzen azalpena baizik.

Hamahiru liburuk osatzen dute: lehendabiziko seiak oinarrizko geometria lauari buruzkoak dira; hurrengo hirurak, zenbakien teoriari buruzkoak; hamargarrena, neurtezinei buruzkoa eta eta azken hirurak solidoen geometriari buruzkoak.

Euskarazko bertsioa sortu zuen Patxi Angulo Martin irakasleak 2005. urtean Elhuyarren eskutik.[3] Sarrera Agustin Arrietak idatzi zuen eta testuaren orrazketa J. R. Etxebarriaren esku geratu zen. Egileak hasierako atal berezi batean testuinguru historikoa eta matematikoa aurkezten ditu eta bukaeran erabilitako terminoak sailkatu zituen, eta lau hizkuntzatan eman.[4]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]