Euri

Wikipedia, Entziklopedia askea

Euria ur tanten prezipitazioan datzan fenomeno atmosferikoa da. Eguratseko aire masa beroak gorantz igotzen eta hozten direnean, hodeietako lurrun tanta txikiak kondentsatu egiten dira eta ur tanta bilakatzen dira; hala, aireak ur tantak ezin dituenean eraman, horiek handiegiak eta astunegiak egin direlako, lurrera erortzen dira grabitate indarraren eraginez, eta euria sortzen da era horretan. Euri tanten diametroa 0,5 mm-koa edo hortik gorakoa izan ohi da. Euriaren banaketa oso desberdina da munduan; hala, egiten duen euri kopuruaren arabera sailkatzen dira klimak. Klima lehorretan oso euri gutxi egin ohi du (basamortuetan, esaterako, 250 mm-tik behera urteko), eta klima hezeetan, berriz, euri asko egiten du (tropikoan, adibidez, 2000 mm-tik gora urteko). Euritea da kopuru ugaria edo eurien garaia. Euritza terminoa erabiltzen da kantitatea neurtzeko. Euri-neurgailuak prezipitazio kopurua neurtzeko erabiltzen diren gailuak dira.

Euri motak

Euria
  • Eulbera, "Lehorteen osteko euri onuragarria, euri gozoa, beharrezkoa, larreak eta landak gogotik bustitzen dituena".
  • Euri-garoa, "Zirimiria baino are meheagoa den euri mota hori".
  • Euri-zaparrada, "Prezipitazio zakarra eta gogorra, denbora laburrean gertatzen dena". Euri-jasa, -isola, -truixu.
  • Ijito-euria, "Euri xehe-xehea, ia-ia bustitzen ez duen klase hori".
  • Zirimiri: "Etengabe ari ohi duen euri mehe hori". Eurilandar, eurixka, eurizirin , euri-lanbro, -langar, -lardats, -memel, -zarama, -zirtzil.

Euri azidoa

Sakontzeko, irakurri: «Euri azido»
  • Euri azidoa, zenbait azidok (azido sulfurikoak edota azido nitrikoak bereziki) kutsatutako edozein prezipitazio azidori (euri, elur, elur busti) deritzo, kutsadurak eragindakoa. Euri azidoak kalteak eragiten ditu mundu osoko hainbat aintzira, ibai eta ur-lasterretan, arrainak eta gainerako izaki biziak hiltzen baititu. Orobat kaltetzen ditu eraikinak, zubiak edota monumentuak. Euri azidoko kontzentrazio handiek basoak eta lurra ere honda dezakete. Aireko ur lurrunak zenbait konposatu kimikorekin erreakzionatzen duenean sortzen da euri azidoa. Konposatu horiek (besteak beste, sufre dioxidoa eta nitrogeno oxidoak), ikatza, gasolina nahiz petrolioa erretzean sortzen dira gehienbat. Automobil, lantegi eta zentral elektrikoek erregai horiek erabiltzen dituzte energia lortzeko. Euri azidoak jota daude Ipar Ameriketako ekialdeko eremu handiak, Eskandinavia eta Europako erdialdea eta Asiako parte batzuk. 1950eko hamarralditik aurrera, arazoa larriagotu egin da landaldeetan; izan ere, tximinia altuagoen erabilera dela-eta, haizeak gai kutsagarriak beren sorburuetatik urrutiago garraiatzen ditu. Zientzialariek eta ingeniariek euriaren azidotasuna gutxiagotzeko bitartekoak prestatu dituzte. Esaterako, badira zenbait tresna erregaien edo industria igorpenen sulfuro edo nitrogeno konposatuak, eguratsera iritsi baino lehen, ezabatzen dituztenak. Aintzira eta ibaiei karea eransten bazaie, eta orobat haiek drainatzen dituzten eremuei, aldi batez neutralizatu egiten da azidotasuna. Neutralizazio horrek, ordea, bestelako ondorio kaltegarriak eragin ditzake. 1990. urtean, Estatu Batuetako legebiltzarrak 1970. urteko Aire Garbiaren Akta zuzendu zuen, Estatu Batuetan eta Kanadan euri azidoa gutxiagotzeko helburuaz. Zuzenketen arabera, igorpenen baldintzak zorroztu ziren, errekuntza garbiagoa duten erregaiak erabiltzen hasi ziren, eta zentral elektrikoei sufre dioxidoko igorpenak murriz zitzaten eskatu zitzaien.


Basoak

Euria eta basoak elkar lotuta daude, bai eta orokorrean landareekin ere. Gauzak horrela, modu naturalean zerutik etorritako urak ahalbidetzen du landare eta zuhaitzak bizitzea eta Lurraren oreka mantenduz, oxigenoaren zikloari dagokionez.

Atsotitzak

  • "Euri eta iguzki, azeriaren ezteiak".
  • "Euri eta iduzkia, karakolen besta".
  • "Euri garoak igerri barik busti".
  • "Euri tantakadeak alferra joten dau lelengo".
  • "Euri lantxe apirillean, antxoa bitsa molla gañean".
  • "Euri urte, arto urte".
  • "Euri zehea, iparra laster".
  • "Danen gustora beinere euririk ez".
  • "Euria egiteko hobe da bi haizeren burruka, ez santu guztiai erreguka".
  • "Euriaren ondoren, eguzkiya".
  • "Euririk gabeko aldi luzea, bi aldiz luzeago egiten da".
  • "Eurixe, aberastasunik onena".

Erreferentziak

  • "Atsotitzak", Gotzon Garate. Bilbao Bizkaia Kutxaren Fundazioa. 1998.
  • "Etnomet" bloga
  • Ikus, gainera

    Kanpo loturak

    Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Euri Aldatu lotura Wikidatan