Euri azido
Wikipedia(e)tik
Euri azidoa ohikoa baino azidoagoa den euria da. Kalteak sortzen ditu landare, uretako animalia eta eraikinetan. Euri azidoa gizakiak eragina da gehien bat, honek eginiko sufre eta nitrogeno isuriengatik, eguratsean nahastean azidoa sortzen baita. Arazoa konpondu nahian, azken urteotan gobernu askok gas isuri hauek gutxitzeko legeak egin dira.
Eduki-taula |
[aldatu] Sorrera
Euri azidoa, zentral termikoek eta ibilgailuek sortutakoa da batez ere. Hauek erregai fosilak erretzean, tximinietatik edo ihesbideetatik, batez ere sufre eta nitrogeno oxidoa atmosferara isurtzen dituzte. Poluitzaile hauetako zati bat lurreratu egiten da eta beste zatia aireak eramaten ditu, ur-lurrinaz konbinatu eta azidoak sortuz.
Bi mekanismo daude SO2 atmosferan SO3ra oxidatzeko:
- Heterogeneoa: hautsa eta hezetasun handia dagoenean ematen da.
- Homogeneoa: hezetasunik ez dagoenean ematen da.
Mekanismo biak atmosferako kutsatzaileen bidez katalizatuta daude.
Atmosferako ur lurrunekin erreakzioa egiten dutenean, SO2 eta NO8 emisioek H2SO3 eta HNO3 sortzen dute, hurrenez hurren, eta lurrera eta izaki bizidunen gainera erortzen dira. Konposatu horiek atmosferan higitzen dira aerosol moduan, eta gas forman lurrean edo uretan ezartzen direnean (ezarpen lehorra), ekosistemak azidotzen dituzte.
Gas kutsatzaileak mugitzen ari diren eguratseko aire masetan sartzen direnean, sortutako lekutik ehundaka kilometrora eror daitezke kaltea bertan eraginez. Orokorrean tximiniak oso altuak izaten direnez, hauek botatako gasak lainoek harrapatzen dituzte. Laino hauek haizearen eraginez mugitu egiten dira eta handik bizpairu egunera euri kutsatua botatzen dute.
[aldatu] Ondorioak
Euri azidoak hainbat ondorio izaten ditu:
Ur ingurunetan lakuak dira ondorio larrienak jasaten dituztenak. Euriak utzitako azidoak errekek eta ibaiek eramaten dituzte. Ur horiek lakuetara isurtzen dira, eta hango animalia eta landaredia, kalteturik edo hilik geratzen dira.
Lehorrean, basoak dira kalteturik handienak. Zenbait lekutan zuhaitzek hostoak galtzen dituzte, eta, euri azidoa lurreko konposizioa aldatzen duenez, aurreko oreka apurtu egiten da. Lur azidoan hasitako zuhaitzak, izozte edo lehorte garaian ez dute behar adinako defentsarik. Ondorioz, ahulezia honen eraginez basoetan dauden birus, onddo edo intsektuen erasoz galtzeko posibilitatea besterik ez dute.
Euri azidoa gizakien etxebizitzei ere kalte eragiten die, margoetako eta eraikuntzetako materialak ukituz, ondorioz kaltetu ezezik apurtu ditzakeelako. Arnastutako hautsek, gasek eta partikulak substantzia kantzerigenoak izan daitezke.
Euri azidoa sortzen duen kutsadura iturria ez da kaltetzen dituen eremuetan bertan egoten beti, gasak hara eta hona ibiltzen direlako atmosferan eta baldintza meteorologiko egokiak dauden edozein lekutan depositatzen direlako. Horregatik, kutsadura eragile gehien aireratzen duten herrialde industrializatuek kontuan hartu behar lukete beren jarduerek herrialde garatu gabeei ere eragiten dietela, eta, joera axolagabe horrekin, hango baliabide naturalak suntsitzen dituztela.
[aldatu] Neurriak
Hainbat neurri hartuz konpon daiteke euri azidoaren arazoa:
- Uren azidotasuna neutralizatzeko teknikak baliatzea: base gisa diharduten substantziak eranstea edo iragazkiak ipintzea, adibidez. Teknika horiek, dena den, garestiak dira eta arazoa epe motzean konpontzeko bakar-bakarrik erabil daitezke.
- Gas kaltegarrien igorpena murriztea. Arazoari sustraiak moztea litzateke hau, petrolioaren, gasaren eta ikatzaren erabilera murriztuz, eta, industrian eta garraioan, energia berriztagarrien alde jokatuz.
- Teknologiak hobetzea. Energia eraginkortasun eta zentzu handiagoz erabiltzeak eta igorritako gasei garbitasun sistema hobeak aplikatzeak arazoa konpontzen lagunduko lukete.
- Zentral termikoek isurtzen duten poluzioa kontrolatu behar da tximinian iragazki egokiak ipiniz.
- Ibilgailuen ihes-tutuetatik botatako gasen kantitatea, txikiagoa egin behar da. Horretarako katalizatzaileen bidea da egokiena.
- Ibilgailu partikularrak gutxiago erabili behar da eta garraio publikoak edo bizikleta gehiago erabili behar dira.

