Euromaidan

Wikipedia, Entziklopedia askea
Euromaidan
Collage irudia
Irudia
Motacivil disorder (en) Itzuli
manifestazio
protesta
Honen izena daramaEuropar Batasuna-Ukraina Asoziazio Akordioa eta Maidan Nezalezhnosti
Honen parte da2013–2014 Ukrainian political crisis (en) Itzuli
Denbora-tarte2013ko azaroaren 21a - 2014ko otsailaren 23a
Data2010(e)ko hamarkada
KokalekuMaidan Nezalezhnosti
Ukraina
HerrialdeaUkraina
Helburuaccession of Ukraine to the European Union (en) Itzuli
Honen ondorioaMaidan casualties (en) Itzuli
impeachment of Viktor Yanukovych (en) Itzuli
Pertsona hilak104
Atxilotu kopurua
234
Komunikabide
Osatuta

Euromaidan (ukraineraz: Євромайдан, Jevromaidan) manifestazio eta istilu olde bat izan zen, izaera europazale eta nazionalistakoa, 2013ko azarotik 2014ko otsailera bitartean Ukrainan gertatu zena. 2013ko azaroaren 21ean hasi ziren oposizioaren protestak, Gobernuak Europar Batasunarekiko elkartze akordioa bertan behera utzi ondoren, eta 2014ko otsailaren 23an amaitu, Ukrainako Parlamentuak Viktor Janukovitx presidentea kargugabetu zuelarik.[1]

2013ko azaroan Ukrainako gizartea zatiturik zegoen: herritarren % 38 Errusiarekiko loturari eustearen aldekoak ziren, eta % 37,8 Europar Batasunera eta, oro har, Mendebaldera hurbiltzearen aldekoak. Lehenbiziko hautuaren aldekoak nagusi ziren herrialdearen ekialdean eta hegoaldean, eta europazaleak, berriz, mendebaldean eta Kieven.[2][3] Euromaidanek eragin zuzena izan zuen 2014an Ukrainan gertatutako beste gatazketan, hala nola, Krimeako krisian eta errusiazaleen protestetan.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2013ko azaroaren 21ean Viktor Janukovitxen gobernuak bertan behera utzi zuen Ukraina Europar Batasunarekin sinatzekotan zegoen elkartze akordioa eta merkataritza askeko ituna. Erabaki horren gibelean Vladimir Putin Errusiako presidentearen mehatxua zegoen, Europar Batasunarekin akordioa egitekotan, Moskuk ere bere merkataritza harremanak berraztertuko dituela ohartarazi baitzuen. Errusia Ukrainaren sostengu nagusia zen, eta Kievek hango gasarekiko menpekotasun handia zuen.[4]

Atzera egite horren ostean, Janukovitxen eta haren gobernuaren aurkako protestak ugaritu ziren. Azaroaren 30ean, 150.000tik gora pertsona irten ziren Kieveko kaleetara, eta istilu ugari izan ziren. Manifestari batzuek udaletxeari eta Ukrainako presidentearen egoitzari eraso egin zioten, indarrez eta negar gasak eta kezko granadak erabilita, besteak beste. Polizia gogor oldartu zitzaien eta 300 pertsona inguru artatu behar izan zituzten.[5]

Unibertsitate ikasleek abiarazi zituzten protestaldiak, baina, egunak igaro ahala, oposizioko talde politikoak bildu zitzaizkien: Svoboda ("Askatasuna") eta Pravy Sektor ("Eskuin Sektorea") eskuin muturreko nazionalistak, Batikvstxina ("Aberria"), espetxeraturik zegoen Julia Tymoxenko lehen ministro ohiaren alderdia eta UDAR Erreformarako Aliantza Demokratiko Ukrainarra.[6] Ukrainako Eliza Ortodoxoak ere bat egin zuen protestekin, eta Mendebaldeko hainbat gobernu eta erakundek esplizituki babestu zituzten. Besteak beste, Catherine Ashton Europar Batasuneko diplomaziaburua eta Guido Westerwelle, orduan Alemaniako Atzerri ministro zena, joan ziren Kieveko Independentzia plazara, manifestariei babesa adieraztera.[7]

Euromaidaneko protestariak Kieven 2013ko azaroaren 27an.

Abenduaren hasieran, Europar Batasunarekin berriz ere negoziatzen hasi zen Ukrainako Gobernua, baina oposizioak bertze exigentzia batzuk egin zizkion: gobernuak dimisioa ematea, manifestarien aurkako indarkeriaren erantzuleak epaitzea, eta atxilotutako manifestariak eta Julia Tymoxenko lehen ministro ohia askatzea.[8] Manifestazioek ez zuten etenik izan abenduan, eta 2004ko Iraultza Laranjatik herrialdean izandako jendetsuenak izan ziren.[9]

2014ko urtarrilaren erdialdean manifestazioei eragiten zien lege sorta polemiko bat onartu zuen Ukrainako Gobernuak. Besteak beste, eraikin publikoak blokeatzea edo okupatzea, bost ibilgailutik gorako konboiak osatzea eta "muturreko [ideologietako] materiala" banatzea zigortzen zuten lege horiek.[7] Handik hara, Janukovitx presidentearen kontrako protestak gogortu ziren. Hilaren 19an, ehun mila lagun inguru elkartu zituen oposizioak Kieveko Independentzia plazan, eta liskar gogorrak izan ziren protestarien eta Poliziaren artean.[10] Ondorengo egunetan, manifestariek Hruxevski kalea hartu zuten, parlamentuko egoitzatik gertu, eta barrikadak eraiki zituzten. Poliziak, berriz, gomazko balak eta negar gasa erabili zituen haien aurka. Gutxienez bi manifestari tiroz hil zituzten (bost oposizioaren arabera).[11] Hilaren 28an, dimisioa eman zuen Mikola Azarov lehen ministroak, eta manifestazio-eskubidea mugatzen zuten legeak indargabetu zituen Parlamentuak.[12]

Kieveko borrokak, 2014ko otsailaren 18an.

Hilabete bateko barealdia eta gero, otsailaren 18an liskarrak larritu ziren. Ukrainako Parlamentua inguratzen zuen polizia hesia apurtzea lortu zuten Gobernuaren kontrako manifestariek, eta poliziek gas negar-eragilerekin, granada zorabiagarriekin eta gomazko pilotekin erantzun zuten. Dozenaka kaputxadun, berriz, Janukovitxen alderdiaren egoitzan sartu ziren, makilak eskuan, eta su eman zioten eraikineko barruko hainbat gailuri. Horrez gainera, Kieveko udaletxean sartzen saiatu ziren.[13] Iluntzean, Poliziaren istiluen aurkako Berkut unitate bereziak sartu ziren Kieveko Independentzia plazan;[14] polizien eta oposizioko jarraitzaileen arteko borroketan 26 pertsona hil eta ehunka zauritu ziren.[15] Otsailaren 20an gertatu ziren istilurik bortitzenak Kieven, eta gutxienez 67 lagun hil ziren.[16]

Otsailaren 21ean, Janukovitxek eta oposizioko buruek trantsiziorako oinarrizko bide-orri bat adostu zuten; besteak beste, 2004ko konstituzioa berrezartzea eta hauteskundeak egin bitartean batasun nazionaleko gobernu bat osatzea hitzartu zuten. Kalean kontrola hartua zuten talde armatu ultraeskuindarrek, ordea, ez zuten onartu, eta kargua uzteko ultimatuma eman zioten presidenteari. Otsailaren 22an, Viktor Janukovitxek Kievetik Kharkiv hirira jo zuen goizaldean, Ukrainako ekialdera, han baizuen indargune nagusia bere Eskualdeen Alderdiak. Horiek horrela, Ukrainako Parlamentuak aho batez onartu zuen Janukovitx kargutik kentzea "funtzio konstituzionalak betetzeari utzi ziolako", eta hauteskundeetarako data ipini zuen: maiatzaren 25a.[17]

Biktimak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Amnistia Internazionalaren arabera, 100 pertsona baino gehiago hil ziren eta 2.500 zauritu Poliziarekin izandako liskarretan; horietako batzuk frankotiratzaileek hil zituzten.[18] EuroMaidan SOS erakundearen arabera, berriz, 123 izan ziren eroritakoak.[19] Horiez gain, Poliziako 13 ofizial ere hil ziren liskarretan.[18]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Velte, Samara. Viktor Janukovitx kargutik kentzea onartu du Ukrainako Parlamentuak. Berria, 2014ko otsailak 23, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-2-24).
  2. Rodriguez, Mikel. Ekonomiaren sokatiran. Berria, 2013ko abenduak 3, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-2-25).
  3. Bonet, Pilar. Las dos Ucranias frente a Europa. El Pais, 2013ko azaroak 29, web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2022-2-25).
  4. Velte, Samara. Timoxenkori buruz ados jarri ezinik, EBrekin elkartzeko akordioa eten du Ukrainak. Berria, 2013ko azaroak 22, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-2-24).
  5. Jokin, Sagarzazu. Gaina hartu diote protestek. Berria, 2013ko abenduak 3, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-2-24).
  6. Mikel, Rodriguez. Gobernuaren aurkako zentsura mozioa baztertu dute Ukrainan. Berria, 2013ko abenduak 4, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-2-24).
  7. a b Samara, Velte. Tentsioa gori Kieven. Berria, 2014ko urtarrilak 22 , CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-2-24).
  8. Mikel, Rodriguez. Ukrainako Polizia kanpalekuak eta barrikadak desegiten hasi da Kieven. Berria, 2013ko abenduak 10, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-2-24).
  9. EBrekin elkartzeko akordioa egiteko aukerak zabalik jarraitzen du Ukrainan. Berria, 2013ko abenduak 16, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-2-24).
  10. Makazaga, Xabin. Enfrentamendu gogorrak Ukrainan. Berria, 2014ko urtarrilak 21, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-2-24).
  11. Aurreneko hilak Kieven. Berria, 2014ko urtarrilak 22, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-2-24).
  12. El primer ministro ucraniano dimite y el Parlamento deroga las leyes polémicas. rtve.es (Noiz kontsultatua: 2022-2-25).
  13. Mujika, Amagoia. Liskarrak larritu dira Ukrainan. Berria, 2014ko otsailak 18, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-2-25).
  14. Mikel, Rodriguez. Kieveko Independentziaren plazan sartu da Ukrainako Polizia. Berria, 2014ko otsailak 19, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-2-25).
  15. Pilar, Bonet. 26 muertos y cientos de heridos en choques entre policía y opositores en Kiev. El Pais, 2014ko otsailak 19, elpais.com (Noiz kontsultatua: 2022-2-25).
  16. У Сутичках у Києві убито від 67 до 100 людей. Ukrayinska Pravda, 2014ko otsailak 20, pravda.com.ua (Noiz kontsultatua: 2022-2-25).
  17. Legebiltzarrak Janukovitx kargugabetu du. Berria, 2014ko otsailak 22, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-2-25).
  18. a b Amnesty International: Five Years After Euromaidan, Justice For The Victims 'Still Not Even In Sight'. rferl.org (Noiz kontsultatua: 2022-2-25).
  19. Pampliega, Antonio. Maidan plazako ahaztuak. Berria, 2014ko abenduak 16, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-2-24).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]