Europar Batasuneko zuzenbidea

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Europar Batasuneko Zuzenbidea Europar Batasuneko legezko ordenamendua da. Europar Batasuna "zuzenbide-erkidego" bat da, integrazioaren zerbitzura dagoen legezko arau-multzo bat duena, Zuzenbide primario batez eta Zuzenbide eratorri batez eratua funtsean.

"Zuzenbide-erkidego" adierazpenak, "Zuzenbide-estatu" adierazpenaren paralelo, Europar Batasuna, bere estatu kideak bezala, legezkotasun printzipioari datxekiola nabarmendu nahi du.

Zuzenbide primarioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Batasunaren marko konstituzionala da, eta sortze-, zabaltze- eta berritze-itunez osatua dago. Hauek dira itunok: Parisko Ituna, Ikatzaren eta Altzairuaren Europar Erkidegoaren sorrera ekarri zuena (1951); Erromako Ituna, Europako Ekonomia Erkidegoaren eta Europako Energia Atomikoaren Erkidegoaren sorrera ekarri zuena (1957); Danimarka, Irlanda eta Britainia Handiaren atxikimendu Itunak (1972), Greziarena (1981), Espainia eta Portugalena (1985); Europar Agiri bakarra (1986); Europar Batasunaren Ituna edo Maastrichteko Ituna (1992); Austria, Finlandia eta Suediaren atxikimendu itunak (1994). Zuzenbide primarioa erkidegoaren gainerako ordenamenduari eusten dion oinarria da. Kontsentsuzko Zuzenbidea da, eta estatu izenpetzaileek, zenbait organoren sortzaile izanik (Europako Batzordea, Europako Parlamentua, Justizia Auzitegia), burujabetasunari uko egiten diote neurri batean.

Zuzenbide eratorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erkidegoko erakundeek onartutako arau guztiez osatua dago, itunen helburu eta printzipioak aurrera eramateko eta gauzatzeko asmoz. Araudia derrigorrezkoa da bere elementu guztietan, eta zuzenean ezarri ahal zaio estatu kide bakoitzari. Hartzaileak zehaztugabeak dira. Araudiak estatu kidea helburua lortzera behartzen du, eta agintari nazionalen eskuetan uzten du bidearen eta bitartekoen aukeraketa. Erabakiak derrigorrezkoak dira elementu guztietan eta hartzaile guztientzat (estatu kideak edo partikular soilak). Egintza horiek lotesleak diren bezala, beste batzuk (gomendioak eta aholkuak) ez. Lehenak bakarrik har daitezke Erkidegoko Zuzenbidearen iturritzat. Hala egintza batzuk nola besteak, Batzordean edo Kontseiluan izan dezakete jatorria, Europako Legebiltzarrak horiek prestatzeko joka dezakeen papera gorabehera. Egintza guztiak Egunkari Ofizialean argitaratzen dira, egunero, Europar Erkidegoko hizkuntza ofizial guztietan.

Zuzenbide osagarria. Beste iturri batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erkidegoko Zuzenbide osagarria estatu kideek izenpetutako nazioarteko itunez, Kontseiluan bildutako estatu kideen ordezkarien erabakiez, eta Batasunaren eta beste herrialde batzuen artean egindako nazioarteko itunez eratua dago, Europar Batasunaren gainerako ordenamenduarekin eta bereziki bere Zuzenbide primarioarekin bat eginik. Gainerako iturrien artean aipagarriak dira: Nazioarteko Zuzenbide orokorraren arauak, Zuzenbidearen printzipio orokorrak -Nazioarteko Zuzenbidetik, estatu kideen legezko ordenamenduetatik edo Erkidegoko Zuzenbidetik bertatik hartuak- eta erkidegoko ohiturak. Zuzenbidearen iturri gisa hartu beharko litzatekeela gorabehera, ez da inola ere ahaztu behar Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren jurisprudentzia, bera baita erkidego horretako zuzenbidearen goren interpretea.

Erkidegoko legezko ordenamenduaren ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zuzenean aplika daitekeena: erkidegoaren legezko ordenamendua estatu kideak arautzen dituena ez bezalakoa da, independentea, eta estatu kideen edo estatuotako herritarren eskubideak eta betebeharrak erabaki ditzake estatu horien parte hartzerik gabe. Zuzeneko ondorioak dituena: estatu kideetako herritarrek auzitegi nazionaletara jotzeko aukera dute erkidegoko arauek ezagutzen dizkieten eskubideak onar dakizkien eta babes ditzaten eskatzera. Lehentasunekoa: erkidegoko zuzenbideak zuzenbide nazionalen aurrean duen autonomia eta hura Europar Batasuneko lurralde osoan berdin aplikatzeko beharra dela eta, lehentasuna du estatu kideetako zuzenbidearen aurrean, Europako Justizia Auzitegiaren jurisprudentziak hala erabakita.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]